Eta guzti hau, erre gabe

, ,
Aiert Goenaga-ren avatar

Espainiak etorkizunari bizkarra emateko duen joera aspalditik datorren arren, egiten duen bakoitzean ez bada, sarri, harritzeko gaitasuna mantentzen du. Azkena aurreko astean sareko komunikabide espezializatuetaik haratagoko oihartzunik izan ez duen notizia batean datza. Ez berez berriarengatik, berau inguratzen duen guztiagatik; egungo egoera sozioekonomikoa, aurrez hartutako erabakiak, …
Albisteak finean zioena zera zen, Espainiar estatuan marihuanaren autoekoizpena ez dela zigortuko eremu pribatuan eta publikoaren bistatik at egiten bada. Behin letra txikia irakurri ostean ordea, legeak hainbat esparru argi-ilunekin uzten dituela nabarmendu daiteke. Hau da, esparru pribatuan baina kanpoan landatzen duen orok ez du segurtasun juridikorik oraindik. Behin betiko pausua eman eta legalizazioaren eta merkatu berri baten erregulazioaz aritu beharrean, segurtasun ezaz eta izkutuan aritzeaz hitz egiten jarraitzen dugu. Baina berriz diot, azken erabakia ez litzateke harritzekoa izan behar gaiaren inguruko jarrera historikoa kontutan hartzen badugu. Bai ordea, egungo egoera sozioekonomikoari eta gaiaren inguruko azken mugimenduei arreta jartzen badiegu.

Hiru urte pasa dira Katalunian, Tarragonako Rasquera herrian udalak kannabisa landatzeko herri lurrak uztea onartu zuenetik. Urtebeteren buruan, epaitegi batek bertan behera utzia zeukan proiektua. Nafarroako Parlamentuak duela hilabete gutxi onartu zuen kannabisa landatze eta kontsumorako erregulazioa. Madrildik azkar iritsi zen erantzuna Nafarroak horrelako erabaki bat hartzeko eskumenik ez duela esanez. PNV eta EH Bilduk ere erakutsi zuten asmoa gai honetan aurrerapausuak eman eta gaia Gasteizen lantzeko baina Madrilekin topo egiteko aukerak handiak dira. Alderdi politikoek gaiaren inguruan eman dituzten urratsak baina, ohiko den bezala, kaleko aldarritik datoz. Eta egungo errealitatea zera da, Euskal Herrian bertan ia 100 kontsumo elkarte daudela eguneroko lanean segurtasun juridiko gabe. Inoizko onarpen handiena du kannabisaren kontsumoak. Eta ez bakarrik erabilpen ludikorako. Tratamendu terapeutikoetarako baita ere. Baina erregulazio gabe zaila da aurrera egitea ikerketaren alorrean ere. Zaila, batzuk etorkizunari bizkarra ematen dioten artean.

Onarpen sozialaz haratago onura ekonomikoak eta osasun publikoarentzako onurak ere bistakoak dira. Erregulazioak lanpostuen sorrera suposatuko luke eta honek zerga bidezko diru sarreretan gorakada. Langabezian dauden guztientzat ez litzateke lanposturik sortuko, baina bai milaka batzuentzat. Gainera lanpostu egonkorrak lirateke, urte osorako lanpostuak, ez egungo politiken ondorio diren aldi baterako lanak (batez ere turismoari lotutakoak). Zerga bilketa igotzen eta langabezia jaisten laguntzea gutxi ez badira hor dago osasunaren faktorea. Erregulazioak derrigorrezko prozedura batzuk ekarri beharko lituzke denentzat. Zenbat ekoiztu, nola, ze produkturekin … Hau da, egun, merkatu beltzean aurkitzen ez den kalitatea bermatzen da eta kontsumitzailearen osasunarentzat dauden arriskuak jaitsi. Baina erregulazio ezak horretara kondenatzen du kontsumitzailea, inongo kalitate bermerik ez duen produktua erosteko arriskua izatera. Eta noski, merkatu beltza elikatu eta trapitxero txikienaren eta kapo potoloenen poltsikoak betetzera. Beraien poltsikoak soilik; hauek ez baitute BEZarekin fakturarik uzten.

Aurreko arrazoi guztiek norbait konbentzitu ez balute akaso Espainiar Gobernuaren jarrerak konbentzituko du ze hauek ere badute kontraesanik. 2013 urtetik, Espainiar Barne Produktu Gordina kalkulatzerako orduan, prostituzioak mugitzen duen dirua eta drogen kontsumoak (ez bakarrik kannabisak) mugitzen duen dirua kontutan hartzen dira. Bai, ondo irakurri duzu, Europar Batasunak eskatzen dituen ratio eta adierazle batzuetara gerturatzeko kalkuluan ordainpeko txortaldiak, larunbat gaueko marratxoak eta kafe osteko porroak sartzen dira guztiak zigortuak egon arren.

Eta guzti hau, erre gabe.

Iruzkinak