Europar Batasunak zifratua hautsi nahi du segurtasunaren aitzakiarekin

Dabid Martinez-ren avatar

Europako Batzordeak, Batasunaren barne-segurtasuna indartzeko promesarekin, aspaldi lantzen ari den bide-orri bat aurkeztu du segurtasun-indarrek herritarron datuetarako sarbide eraginkor eta zilegia izan dezaten. Krimen antolatua, terrorismoa, haurren abusua eta antzeko izugarrikeriak aitzakiatzat erabiltzen dituzte bide-orri hau justifikatzeko, inork zalantzan jartzea zaila izan dadin. Baina asmo onez betetako diskurtso horren atzean, benetako asmoa ezkutatzen dute: gure eskubide digitalen, gure pribatutasunaren eta zelatatuak izan gabe komunikatzeko eskubidearen aurkako eraso larri bat.

Orekaz hitz egiten dute, gure pribatutasuna haien segurtasunarekin bateragarri egiteaz. Baina hori kea da. Ezin da zerbait “orekatu” bere oinarrietako bat suntsituz.

Utzidazue zergatia azaltzen.

Plana argia da: erabiltzaileen datu zifratuetara sarbidea lortzea

Lawful access by design esaten diote (diseinutik legezko sarbidea). Horrek esan nahi du: plataformek, aplikazioek, mezularitza-zerbitzuek eta gailuek mekanismo bereziak eduki beharko lituzketela, indar polizialek datuetara sartu ahal izateko, datu horiek zifratuta egon arren. ProtectEU-ren bide-orriaren arabera, 2030erako estatu kide guztiek gaitasuna izan beharko lukete komunikazio zifratuetara eraginkortasunez sartzeko. Hori guztia, gainera, “zifratua ahuldu gabe” egin nahi dutela diote. Baina bi gauza horiek batera, ezin dira eman.

Ezinezkoa da zifratze sendoa edukitzea, zifratze horrek “Gobernuarentzat izan ezik” aukera aktibatuta badauka.

Behin ate bat irekitzen baduzu, edonor sar daiteke. Atzeko edozein ate edo sarbide alternatibo, sekretua izan beharko lukeena deszifratzea ahalbidetzen duen edozein mekanismo… egiturazko kaltea da. Gobernu autoritarioek, enpresa pribatuek, poliziek eta baliabide teknikoak eta motibazio nahikoa duen edonork ustiatu dezaketen zuloa.

Going Dark: aitzakia berria

Batzordeak Going Dark kontzeptuarekin justifikatzen du eraso hau: segurtasun indarrek kriminalitate digitalaren aurrean itsu geratzeko duten beldurrarekin. Zifratuak poliziari bere lana egitea eragozten diola diote. Baina hori falazia arriskutsua da. Poliziak inoiz baino sarbide handiagoa du datu pertsonaletara. Arazoa ez da ezin direla sartu, sarrera mugagabea nahi dutela baizik, benetako bermerik gabe, errudunak eta errugabeak bereizten ez dituzten zaintza masiboko tresnekin.

Prebentziozko zaintza bateraezina da gizarte aske batekin. Demokraziak, baldin eta existitzen badira, ez dira defendatzen mundu guztia zelatatuz, guztiek modu pribatuan, seguruan eta beldurrik gabe komunikatzeko duten eskubidea errespetatuz defendatzen dira.

Eskubide digitalen aldeko erakunde zibilek argi diote: hau distopia digitala da

European Digital Rightsetik (EDRi), Chloé Berthélémy ikertzailea oso argia izan zen: ProtectEU Europako distopia digitala lortzeko beste urrats bat da. Ez da segurtasun-politika bat. Zaintza-arkitektura bat da. Kontrol-eredu berri baten oinarriak ezartzen ari dira, betikoa aitzakia hartuta. Beti dira kausa nobleak. Beti da gure onerako. Baina emaitza beti bera da: botere gehiago estatuentzat, askatasun gutxiago herritarrontzat.

Ez al da jokabide ezaguna?

Zuek jakitea nahi ez dutena: zifratzeak guztiok babesten gaitu

Zifratzea tresna politiko eta soziala da.

Kazetariak babesten ditu errepresoreen aurrean, ekintzaileak mehatxuen aurrean, indarkeriaren biktimak biktimarioen aurrean, ahots disidenteak errepresioaren aurrean, LGTBIQ+ pertsonak *foboen aurrean, emakumeak tratu txarren egile direnen aurrean, herritar arruntak banku ustelen aurrean, zaintza-enpresen aurrean, eta urrats bakoitza kontrolatu nahi duten gobernuen aurrean. Babesten ditu langile prekarioak enpresa ustelen aurrean, ikasleak autoritate bortitzen aurrean, migranteak xenofoboen aurrean, adinekoak indarkeria egoeren aurrean, errefuxiatuak diskriminazioaren aurrean, artista eta sortzaileak zentsuraren aurrean, lurralde okupatuetako herritarrak indarkeriaren aurrean, mugimendu feminista patriarkatuaren aurrean, pobreziaren aurka borrokatzen diren komunitateak zapalkuntzaren aurrean, berdintasunaren alde borrokatzen dutenak diskriminazio sistemikoaren aurrean…

Adibide gehiago jarri ditzaket, baina uste dut ideia ulertzen dela:

  • Zifratu gabe, hori guztia desagertu egiten da.
  • Zifratu gabe, helburu bihurtzen gara.
  • Zifratu gabe, sareak espazio libre izateari uzten dio.

Eta kontua ez da EBren asmo onetan konfiantza izatea. Printzipioak dira. Sarbidea guztiz legezkoa izan arren, epailearen aginduz bakarrik aktibatuko balitz ere, atea hor egongo litzateke, bortxatzeko, berrerabiltzeko, iragazteko edo gaizki kudeatua izateko prest.

Ez al dugu ikasi “segurtasunagatiko” aitzakia bakoitza, mehatxu bat dela azkenerako?

“Salbuespenekin zifratzea” gezur arriskutsua da

Erakundeek konbentzitu nahi gaituzte bi munduetatik onena izan dezakegula: pribatutasuna herritarrentzat eta legezko sarbidea polizientzat. Baina hori ez da egia. Ez dago herritarrontzat segurua den baina Estatuak erabil dezakeen zifratze bat diseinatzeko modurik, bide hori bera ahulezia sistemiko bihurtu gabe. Hala diote ehunka adituk, kriptografok, akademikok, baita segurtasun-agentzietako kide ohiek ere.

Behin eta berriz errepikatzen dute: guztientzat da ala ez da inorentzat. Kontrakoa esaten duenak gezurra esaten du edo ez daki zertaz ari den.

Helburua ez litzateke izan behar zaintza hobetzea: zaintza geldiaraztea baizik

Ez dugu zaintza digitaleko eredu berri bat behar. Kontrakoa behar dugu: gardentasun handiagoa, herritarren kontrol handiagoa, tresna deszentralizatu gehiago. Europol gutxiago behar dugu, Frontex gutxiago, susmagarria nor den erabakitzeko algoritmo gutxiago.

Eta, batez ere, zelatatu ez gaitzaten eskubidea defendatu behar dugu.

Zelatatzen gaituztenean, ez garelako benetan aske. Zeren begiratzen gaituztenean, autozentsuratu egiten baikara. Irakurriak, grabatuak edo etiketatuak izateko beldurrak gure jokabideak aldatzen dituelako, intimitatea hausten duelako eta otzanago bihurtzen gaituelako.

Zifratua edo basakeria: ez da eztabaida teknikoa, politikoa da

Beldurra saldu nahi digute zaintza naturaltzat har dezagun. Baina ez ginen jaio zelatatuak izateko. Ez dago segurtasunik atzeko atez betetako mundu batean.

Horregatik, behetik, ertzetatik, ezkerretik, sare deszentralizatuetatik eta espazio libreetatik, esan dezagun:

ProtectEU EZ!!!

Zer egin genezake?

  1. ProtectEU publikoki salatzea, benetan zer den azalduz: botere-estrategia bat, ez babes-estrategia bat.
  2. Eurodiputatuei eta gobernuei presioa egitea: jakin dezatela ez dugula onartuko atzeko aterik.
  3. Askeak, auditagarriak eta deszentralizatuak diren teknologiak erabiltzea eta sustatzea: Matrix, GPG, VPN, Tails, Tor…
  4. Behar denean desobeditzea.

Goiburuko argazkia: Home Water Softener Reviews, CC BY 2.0.

Iruzkinak