Euskal territorioa (II): Herri digitala

,
Koldo Bizkarguenaga-ren avatar

HD2

 

Artikulu honen aurrekoa izan zen Euskal territorioa (I): han eta hemen, Interneten artikuluaren harira, Aiert Goenagak hor proposatutako ideiak paraleloaren teoriatik asko dutela” esan zuen Twitteren. Eta horrela da. Euskal gizartean Interneten egonkortzeak ahalbidetzen dituen bide paraleloak jorratzea da euskal territorioaren asmoa. Zehazki, euskal identitateari, komunitateari eta lurraldetasunari lotutako gaien inguruan hausnartzea.

 

Aiert, pena bat da zu lehenago ezagutu ez izana eta betiko logikatik at (maiz, kanpotik ezarritakoa dena) galdera berriak formulatu eta mundu paraleloak marraztu ez izana. Laster ideia hauek partekatzeko aukera izango dugulakoan nago. Izan ere, lerro hauen bidez lantzen ditudan ideiak ez dira inondik inora nire uzta propioa: Euskal Herrian Internet eta euskal gaien inguruan adituak eta arituak diren pertsonekin garatutako proposamenak dira hauek. Aukera dudan aldiro nirekin batzartzeko eta euren ideiak konpartitzeko denbora eta prestutasuna erakutsi zuten (eta duten) pertsonei eskerrak ematen diet. Nola ez? Buruan dudan kaosa ulertzen lagundu egin didate, besteak beste, ondo ordenatu gabeko ideiei izena jarriz.

 

Internetek leku geografikoez gaindi komunitate bat osatzeko aukera ematen duela irudikatu arren, ez nintzen kapaza gertaera honi izen bat jartzeko. Nahigabean, Twitterren sartu (egia esan, atera ere ez naiz egiten, Interneten sare amaiezinaren kasuan bezala “mugarik ez duen horretatik atera ezin garelako”) eta Joseba Kamiok #Naziodigitala kontzeptua erabiltzen zuela ikusi nuen. Kaosak, kaos izaten jarraitzen zuen (eta du) baina behintzat, izena bazuen. Josebarekin bildu nintzen eta ideia hori azaldu zidan. Handik eta hilabete batzuetara, atrebentzia gehiegiz neure egin nuen eta izena aldatu ere: Herri digitalak, Internet aroan nazioen lurraldetasun eredua kontuan hartzeaz gain, estatuena ere kontuan hartuko zuelakoan nengoen. Kaos izendunak, orain kaos esponentziala zen: ezin Euskal Herriko egoera ulertu, eta munduko Herri guztien errealitatea ulertu nahi. Lotsabakoa.

 

Digitala hitzak ez du soilik errealitate online bat adierazten. Askotan, gehiegitan, Internet azaltzeko digitala hitza erabiltzen den arren, kontzeptu honen bidez errealitate offlinearen eta onlinearen uztarketa azaldu nahi da. Alegia, identitate digitalaz ari garenean ez genioke soilik Interneten eraikitzen den identitateari erreparatu beharko, aurrez-aurreko harremanak zein bestelako errealitate offlineak ere (administrazio politikoen eragina, adibidez) kontuan izan beharko genituzke. Izan ere, Interneten eraikitzen dugun identitatea ez da hutsetik abiatzen, atzetik prozesu historiko oso bat dauka. Beraz, espazio offlinea eta espazio onlinea eta bertan ematen diren harremanak ezin ditugu modu isolatuan aztertu ez eta ulertu: bi dimentsioetan aldi berean bizi garelarik, hiperespazioaz eta harreman sozioteknologikoetaz hitz egin beharra dugu.

 

Oinarri horretatik abiatuta, Herri digitalak espazio offlinea eta onlinea kontuan hartuz marrazten den lurraldetasun ereduari egiten dio erreferentzia. Nazio identitatea lur geografiko baten baitan eraiki da gaur egun arte: nazio, estatu edota diasporaren egitura batzuen baitan. Kasuan kasu, mapan egindako eraikuntza prozesu honek berezitasun batzuk ditu. Euskal Herriko kasuan, bi estaturen baitan dagoen nazioa izanik, euskal identitatearen eraikuntzak hainbat muga administratibo izan ditu. Beraz, gaur egungo euskal identitatea aztertzerako orduan historikoki jasandako mugak kontuan hartu behar ditugu.

 

Baina ez gaitezen mugetan gelditu. Ez gaitezen historian gelditu. Aukerak sortu ditzagun etziko etorkizuna eraikitzeko. Gaur egun, nazio identitatea ez da soilik lur geografiko baten baitan eraikitzen. Interneten egonkortzea dela eta euskal identitatea munduko edozein tokitatik eraiki daiteke: euskal herritarrok muga geografikoak gaindituz hodeian elkartu gaitezke. Espazio hau, noski, askotan errepikatu bezala ez da espazio aske bat, izan ere, estatu propio bat ez izateak, adibidez, hainbat plataformetan euskal herritar gisa ezin erregistratzea du ondorio.

 

Baina ez gaitezen mugetan gelditu, mugak gainditu ditzagun. Internet espazio askea izan ez arren, euskal identitatea eraikitzeko espazio pribilegiatua da: espainiar eta frantziar estatuen muga administratiboak gaindituz Euskal Herri osoko herritarrak biltzeko eta euskal identitate erreferenteak partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera dugu Interneten. Aurrez-aurre ez bada ere, euskal herritarrok mugarik ez duen plaza batean elkar aurkitzeko aukera dugu. Historian zehar inoiz ez bezala, mapak ezartzen dituen eragin administratibo eta politikoak gaindituz, leku geografikoa ez den espazio batean euskal identitatea eraiki dezakegu: Interneten.

Horrela beraz, espazio offlinea eta onlinea elkarrekin bizi diren heinean, mapa eta hodeia ere uztartzen dira. Interneti esker mapak gainditzen dira, baina ezin ukatu hauen baitan bizi garela. Mapen mugen baitan bizi gara, baina ezin ukatu hauetatik abiatuz hodeia habitatu dezakegula eta kontrolpeko espazioetatik “territorio libreak” sortu ahal ditugula. “Bizitza euripean dantzan ikastea (omen) da”, bada, gure mugen jabe izanik, gure muga horietaz jabetu gaitezen.

 

Territorio kontzeptuak, zentzu antropologikoan, muga geografikoak kontuan izanik, harreman sozialen bidez partekatutako erreferente sinbolikoek zedarritzen duten dimentsio bat irudikatzen du. Eta, lurraldetasun ereduari erreparatuz, horixe da gaur egun bizi dugun Herri mota. Mapatik, lekuan lekuko eraginak (estrukturalak, kulturalak, historikoak) direla medio hodeian euskal identitatea modu batera edo bestera eraikitzen dugu. Euskal identitatea leku geografiko batean eraikitzen da, baina muga geografikoen ordez muga sinbolikoak dituen espazio batean ere. Espazio hauen baturak (eta batura honek dakartzan ondorioak) osatzen duen territorioa da Herri digitala: euskal identitatearen eraikuntza offlinea eta onlinea zein hauek gauzatzen diren leku eta espazioen uztarketa, hain zuzen ere.

 

Espainiar eta frantziar estatuen eraginak mapan eta hodeian jarraitzen dute. Eta ez dira ezabatuko. Beraz, aldatu dezagun logika, marraztu ditzagun mundu paraleloak eta aldatu dezagun galdera: zeintzuk ondorio ditu espainiar eta frantziar estatuen muga geografikoez gaindi euskal herritar guztiak biltzen gaituen territorio bat izatea? Nola aldatu dezake honek lurraldetasun eredua? Eta hodeitik jaitsiz, ahal bada erori gabe, zelan jarri dezakegu mapan Euskal Herria?

Iruzkinak

  1. […] territorioez aritu da aurreko bitan Koldo Bizkarguenaga (baga eta biga). Euskal territorio analogiko eta digitalaz, fisikoaz eta birtualaz. Eta haien arteko […]

  2. […] Bizkarguenagaren “Euskal Territorioa (I-II)” […]

  3. […] Argituz doa, beraz, ikerketa honen helburua: propioak ez diren bi estatuk zatikatutako zazpi lurraldeen geografia gainditzen den garai honetan, e…. […]