Frantziako kontsentsuen amaiera

[ph] Peru eta Hedoi-ren avatar

[Zilegitasuna eta erlijioa]

2015eko urtarrilak 8. Egun bat lehenago hil dituzte 12 lagun Charlie Hebdo astekari satirikoaren egoitzan eta kanpoaldean. Egun bat beranduago gertatuko da kaxer supermerkatuko erasoa.

Urtarrilak 8 eta Euskadi Irratiko kronikan kazetariak azaldu du Frantziako Errepublika guztian elkarretaratzean egin direla eguerdian. Minutuko isilunea gorde dutela eta minutuko isilunea bi soinuk hautsi dutela: hasieran Notre Dame katedraleko kanpai hotsek, amaieran Marseillarrak.

Notre Dame eliza bat da. 1905ean egin zen Frantzian estatua eta eliza bereizteko legedia, baina ordu laurdenero jotzen du eliza kristauko kanpaiak: goizeko zortzietatik gaueko bederatzietara.

Marseillarra Frantziako Errepublikako ereserkia da. Ereserkiaren testuinguruari buruz, Frantziako Iraultzan sortu ziren hitzei buruz, bada antologia bat bere hitzaurrean iraultzan abestiek jokatu zuten rola aztertzen duena –Gallimard-en poesiako bilduman–: Chansonnier révolutionnaire (Michel Delon, Paul-Édouard Levayer. Paris: 1989). Bilduma 1989koa da, iraultzatik bi mendera argitaratua. Baina baita Sobiet Batasuna eta demokrazia herritarrak jausi ziren urtekoa. Bi mendetan XIX. mende luzea (1789-1917) eta XX. mende laburra (1917-1989) isten dira: iraultza demokratizatzaileen bi mende. Eta emantzipazioaren frakaso handiaren ostean, 1990eko hamarkadan, historiaren amaieraren tesiak hasten dira indartzen. Gerra hotzak ez du zentzurik SESBik gabe eta erlijioen gerren, zibilizazioen arteko gerren, diskurtsoak erabiltzen ditu kapitalak nazioarteko politikan gailentasuna izaten jarraitzeko.

2015eko urtarrilak 8 da eta elizetako kanpaiek eta «Odol lohi batek gure ildoak busti ditzala!» predikatzen duen ereserki polemiko batek ireki eta isten dute isilunearen minutuko parentesia. Erlijioa eta politika –iraultzaile– odoltsua. Galdetzeko modukoa da ze zilegitasun duen, elementu sinboliko hauekin, adierazle huts hauekin, laikotasunaz eta konponbide politiko ez-odoltsuez jarduteko Frantziako Errepublikak. Inolako kontsiderazio geopolitiko eta historikoetan sartu gabe, horiek dira bere erritu elementuak.

charliepax

[M11 alderantziz]

2004ko martxoak 11an 192 lagun hil eta 1858 zauritu zituzten Madrilen. Charlie Hebdoko gertakizunaren kudeaketaren kontrakoa gertatu zen.

Jendeak ez zituen Acebes barne ministroaren hitzak sinistu Madrilen. Eta SMSen bidez elkarretaratzeak deitu zituen Alderdi Popularraren Genova karrikako egoitza nagusira: biktimekiko elkartasuna eta gobernuarekiko kritika bat etorri ziren. Ez zuen ezarritako botereak emozioa kontrolatzeko gaitasunik izan. Gobernuak 1978ko konstituzioaren inguruan batasuna eskatu zuen: estatu arrazoia.

Charlie Hebdokoaren ostean Hollandek laikotasunaren eta demokraziaren inguruan batasuna eskatu du (Fronte Nazionala kanpoan utzita). Kazetariak jazarri, kazetak itxi edo kazetariak hil dituzten 17 gobernu buruk bat egin dezaketen laikotasun eta demokrazia bat.

Oso handia izan zen Aznar buru izan zuen Madrileko manifestazioa M11ren ostean. Ibarretxek «son alimañas, son asesinos» esan zuen ETAri buruz. Ordezkaritza politiko guztia (Arnaldo Otegi izan ezik) lerratu zen bertsio ofizialarekin.

Baina 2003an Gerraren aurkako mugimendu indartsua egon zen mundu guztian. Espainiako Erreinuan eta Madrilen ere bai. Gerraren aurkako mugimenduak ez zuen Saddam Hussein zuritzeko jokorik egin. Atzerri politika globalaren kontrako mugimendu bat zen. Beste herrialdeei gerra egiteko eskubidearen aurkakoa. Bushen «Terrorismoaren aurkako gerra»ren aurka zegoena, espektro zabaleko gerra zelako –gezurrean oinarritua aurrez Errumanian eta Bosnian bezala–, zibilak hiltzen zituelako eta neokoloniala zelako.

«Gerrari ez» edo «gerrei ez» lelo huts bat zen, jatorri ezberdinetako jendeak bere egin zezakeena. Mugimendu hark –eta M11ak– eragina izan zuen Raxoiren galera eta Zapateroren hauteskunde garaipenarekin. Baina Zapateroren hautaketa PSOEren zilegitasuna galtzearen hasiera izan zen. Krisi ekonomikoa iritsi eta PPren errezeta eta jokaerak zeuzkalako. Amador Fernández-Savater-ek landu izan du 2003 urruneko mobilizazioetatik 2011ko M15ra dagoen haria. M11ren osteko M14an taktikoki desplazatu zuten Alderdi Popularra eta PSOE helarazi. M11koaren ostekoa mugimendu deszentralizatu bat izan zen, mundu mailan gertatu zena, leku bakoitzean ezberdin aplikatu zena, mugimendu sozialetako inertzia jaso bai baina zabala izan zen eta lehenengoz mobilizatu zen jende asko. M15a eta ocuppy desberdinak bezalaxe.

charliephoto

[Eta 2015eko Paris?]

Ia kontrako egoera batean gertatu dira Pariseko atentatuak. Frantzian ez da egon inolako gerraren oposiziorik Libia bonbardatu denean: 30.000 hildako eta desagertu zortzi hilabetetan, azpiegitura guztien suntsiketa orokorra.

Ez da kritikarik egin Gobernuakk Siriako mujahidinak lagundu eta erresistente gisa aurkeztu dituenean. Frantzia, bere inprobisazioan, Assaden aurkakoak laguntzen hasi eta Assad babestera pasa da.

Eta bereziki, gizarte zibila, ez da gai izan ez Sarkozyrekin –Boli Kostako gerran parte hartzea eta osteko afera neokoloniala, Libia 2011tik– ezta Hollandekin –Sirian eta Ukrainan– gerraren aurka mobilizatzen. Zibilizazioen talka balidatzen zuten nazioarteko kanpainetan Frantzia ez da soilik laguntzailea izan. Inspiratzailea, xaxatzailea eta buru izan da Libian, eta Obamaren ezintasun belikoak sortutako prudentziarengatik ez da Mendebaldearen eraso irekirik egon Sirian Assaden aurka –Laurent Fabious gogor saiatu zen arren–. 100.000 bizitza pikutara azken zazpi urteetan eskualde zabalean. Ukrainan ere, interesatu nagusia Alemania bada ere han izan da Bernanrd-Henri Levy gerra sustatzen.

Ez da paradoxikoa, Fronte Nazionala izatea, irmotasun handiena izan duena, esaterako, Libiako gerraren aurka. Bai gerra gertatu bitartean baita ondorengo errelatoaren kudeaketan.

Ezkerrik ez dago Frantzian. Ezkerreko Fronteko burua Maastricht babestu zuen Melenchon despota da, kazetarien aurrean Sarkozy bezain harroa. Frantziaren eta Israelen arteko kolaborazioa aho txikiarekin salatzen duena soilik 2014ra arte. Ez da gai izan azaltzeko Frantzian egunotan gertatzen dena eta duela urte batzuk auzuneetan gertatutakoa –komisariak eta meskitak erretzea– segregazio sakon bat duen herrialde batean gertatzen dela. Ez dagoela demokrazia eta fundamentalismoaren arteko tentsiorik. Afera ekonomikoa dela, langabezia gora doala Frantzian, estatu ereduak huts egin duela eskolatik hasita, lurraldetasun eredua ez dela jasangarria, industriarekin ez dagoela proiektu zehatzik, nazioarteko politikak kalte besterik ez diola egiten Frantziako biztanleen bizikidetzari.

charliepourlafrance

[Le Penek egituratzen du markoa]

2002an bigarren itzulira iritsi zen Jean-Marie Le Pen, baina 2007an lerratze mediatiko handi bat egon zen Sarkozyrekin batera Ségolène eta Bayrouk espazio handia izan zezaten –Le Pen minimizatzeko–.

2005-2009 urteen artean Alain Soral soziologoa Fronte Nazionaleko zuzendaritzan egon zen. Posizio nazional-errepublikarretara eraman nahi zuen alderdia. Aldirietako gazteak Frontera gerturatu nahi zituen. Ezkerraren eremu historikoetan diskurtso soziala instalatu nahi zuen (Hénin-Beaumont-eko alkatetza lortu zuen 2014an, FNren ikurretako bat).

Fronte Nazionalak lortu du –eta kasu Marotoz barre egitearekin Gasteizen– disidentearen irudia ematea politika ofizialak prestigiorik ez duen garai batean. Katastrofe soziala duela hiru hamarkadatik aurreikusi dute. PSk baino gehiago defendatzen du ongizate estatua mediatikoki. Magrebekoen osteko belaunaldien aurrean berak du gerraren kontrako diskurtso bakarra. Eta gainera immigrazioaren aurkako diskurtsoa “orain” datozenei aplikatzen die bereziki. Muturreko identitate nazionala ordezkatzen duten Europako beste alderdi batzuekin gertatzen da: etorkinen ondorengoek haien atxikimendu nazionala demostratzeko babesten dute. Segurtasunaren diskurtsoa, diskurtso psikologista, arrakastaz aldarrika dezake FNk. Le Pen aita da originala, Sarkozy eta Valls kopiak.

Ezkerrak ez dauka proposamenik. Ez duelako ez kritika ez proiektu ekonomikorik: ez du esaten ze Europa nahi duen, ez du muga politika ezberdinik proposatzen, Ezkerreko Fronteak Hollande babestu zuen, Hollande boterera iritsi eta Sarkozyren murrizketekin jarraitu zuen, atzerri politika berarekin. Joan den asteko Parisko hiltzaileek aipatzen zituzten dronek Yemenen 800 lagun hil dituztela 2014an. Oso marginalak dira Boli Kostako gatazka neokolonialari egiten zaizkion kritikak.

charliepublicain

[Frantziako Bosgarren errepublikako paradigmaren agortzea]

Chiracen obsesio bat zen «arku errepublikarra». Bigarren Mundu Gerraren osteko enuntziazio bat zen: demokratak populisten kontra (ezkerreko zein eskuineko). 80ko hamarkadatik taktika elektoral bat zen, zentro-eskuinak zentro-ezkerra babesten zuen FN ez zedin boterera inon iritsi, eta vice versa. Sarkozyk jarri zuen zalantzan lehenengoz –FNko bozkak bere egin asmoz– eta azken udal eta eskualde hauteskundeetan oso emaitza onak lortu ditu Fronteak.

Hori izan da azken hamarkadetan Frantzian egon den polarizazio bakarra: demokratak eta faxistak. Ezkerraren beste frakaso bat.

Kazetariek sistematikoki mespretxatu dituzte FNko eledunak. Baina frantses arrunta ere mespretxatzen da sarri Parisko elite kulturaletatik. FNren hauteskunde arrakastak ere badu zerikusia jendeak bere burua FNren eledunekin identifikatzearekin: jende arrunta dira eta jende sofistikatua haiei buruz barre egiten ari da. Irabazteko guztia dauka FNk: ez du boterea inoiz kudeatu, ez du nazioarteko ekibalentziarik, ez du inor ezkerrean sinesgarritasunez estatu sozialago eta berdinzaleago bat aldarrikatzeko, ez du inor eskuinean sekuritarismoan leziorik emango dionik.

Igandeko Parisko manifestazioan Netanyahu egon zen. Baina Marine Le Pen ez. Netanyahu da 2014an 2.192 palestinar hiltzearen arduraduna (tartean 13 kazetari, Haaretz kazeta israeldarrak adierazi bezala). Marine Le Peni ezin zaio halakorik egotzi baina demokraten klubetik kanpo uzten dute. Jean-Marie Le Penek esan zuen haien mobilizazioa hauteskundeak izango zirela: Keep calm and vote Le Pen. Ez daukala label demokratikorik Hollandek.

Asteon Charles-De-Gaulle hegazkin ontzia bidali du Hollandek Arabiako Golkora, gerra jarraitzera. 580 lagunek egin zuten euren buruaz beste 2014an Frantzian, langabeziarengatik.

charlierrorism

Irudiak: Peru Iparragirre cc-by-sa Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 2015

Iruzkinak

  1. tellychavalas-ren avatar
    tellychavalas

    Barkatu, agian nire ezjakintasuna da, baina Errumania aipatzean zerri buruz hitz egiten ari zara/zarete zehazki?

    1. [ph] Peru eta Hedoi-ren avatar
      [ph] Peru eta Hedoi

      Kaixo Telly:
      Barka tardantza. Errumania aipatzen nuen Bernard Kouchner-ek eta 80ko hamarkadan Herri Errepublikan egon ziren krisietan izan zuen parte hartzearengatik. Haurrak salbatzearen aitzakiarekin «gerra humanitarioak» eta nazioarteko interbentzioak justifikatzeko bide bat hasiko zen (gero Balkanetan, Iraken eta beste hamaika eraso militarretan erabilitako estrategia). Ordutik bide luzea egin du Kouchner-ek (ikasle komunistetatik Sarkozyren ministro izatera) BHL, Glucksman eta giro hiperezkertiar hartako askok bezala.

  2. […] Etxarte eta Peru Iparragirreren “Frantziako kontsentsuen amaiera” […]