Duela gutxi, The Guardian-ek (atzo) eta La Vanguardia-k (gaur) X sare antisozialean argitaratzeari utziko diotela iragarri dute, desinformazioaren arazoa gero eta handiagoa delako eta plataforma horretan ez dagoelako moderaziorik. Egungo kazetaritzan premiazko beharra nabarmentzen duen erabakia da: egiaztatutako informazioa partekatzeko ingurune seguru eta etikoagoak aurkitzea.
Testuinguru horretan, fedibertsoa da bide oparoena.
The Guardian eta La Vanguardiaren erabakia: komunikazio digitalaren paradigma-aldaketa?
The Guardian eta La Vanguardia Xtik irtetea ez da keinu sinboliko bat bakarrik. Erabaki hori benetako arazo bati erantzuten dio: plataforma pribatibo handiek ez dute eskaintzen informazioa elkarbanatzeko ingurune seguru eta kalitatezkoa. Elon Musken zuzendaritzapean Xn izandako aldaketek (besteak beste, moderazioaren murrizketak eta “adierazpen askatasunaren izenean” edukien inguruko politiken existentziarik ezak), desinformazioa eta diskurtso toxikoak ugaritzen eta saritzen diren espazio bihurtu dute.
Parametro horietan mugituz gero, logikoa dirudi proiektu desberdinek alternatibak bilatzea, gizartearekin duten erantzukizuna haiek nahi dituzten parametroetan mantendu ahal izateko.
Orain dela ez gehiegi ia-ia bazterrekoa zen irakurketa egin dute bi hedabideek: Xko desinformazioaren eta gorrotoaren arazoa gero eta handiagoa dela aipatuz.
Harremanak desberdin kudeatzeko aukera (+ ideia bat)
Sare pribatiboen arazo garrantzitsuenetako bat, eta ez da arazo garrantzitsu bakarra, da engagement gehien sortzen duen edukia lehenesten duten algoritmoen mende jartzen gaituztela, askotan egiaren kaltetan. Diseinu horrek albiste desinformatiboak biralizatzea sustatzen eta saritzen du, plataforma horien helburua erabiltzaileek horietan igarotzen duten denbora maximizatzea baita.
Fedibertsoan, algoritmoek ez dute zehazten zer eduki erakusten diren; aldiz, argitalpenak kronologikoki aurkezten dira, eta horrek edukiaren manipulazioa murrizten ditu.
Fedibertsoko moderazioa deszentralizatua da. Izan ere, instantzia bakoitzak bere arauak eta edukiak kudeatzeko politikak ezartzen ditu, erakunde zentral bakar batek ezarritako ildoei jarraitu beharrean. Horri esker, komunitate bakoitzaren beharretara eta balioetara egokituago egon daiteke, espazio seguruak sustatuz eta eduki desinformatiboek duten gizarte-inpaktua murriztuz. Instantzia bakoitzeko jabeek beren joko-arauak zehazteko gaitasunaren ondorioz, beste instantzia batzuk blokeatu edo mugatu ditzakete eta horrek komunitatea babesten laguntzen du.
Ikuspegi malgu horrek aukera ematen die hedabideei ahaldunduko gaituen ingurune digital etiko eta gardenago baten sorreran aktiboki parte hartzeko.
Hona ideia:
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek Mastodonen instantzia propioa sortzeak aukera emango lieke hedabide horiei beren arauen eta moderazio-politiken gaineko erabateko kontrola izateko, ingurune seguruagoa eta beren informazio-kalitatearekin eta erantzukizunarekin bat datorrena sortuz. Kontu korporatiboez gain, kazetari bakoitzak bere profila kudeatu ahal izango luke, irakurleekiko komunikazio zuzenagoa eta hurbilagoa erraztuz eta elkarrenganako konfiantza indartuz.
Bada garaia hedabideek fedibertsoarekin bat egiteko?
Erantzun laburra: bai, kateak nabaritu ahal izateko eta internet zati bat apurtuta dagoelako.
Erantzun ertaina:
Plataforma antisozialen sinesgarritasuna zalantzan dagoen une honetan, komunikabideek sare etikoagoetarantz eta egiarekin konprometituagoetarantz aldatzeko aukera dute. Fedibertsoa ez da alternatiba tekniko bat soilik, baizik eta ikuspegi berri bat, hedabideen eta irakurleen/ikusleen/entzuleen arteko harremanak nolakoa izan beharko lukeen azaltzen duena: gardena, errespetuzkoa eta komunitatean oinarritua. Ekosistema deszentralizatu baterako trantsizioa erronka handia dela onartzen badut ere, fedibertsoak aukera paregabea eskaintzen die hedabideei, sare pribatiboetan nagusi diren presio komertzial eta algoritmikoetatik aske. Une honetan, hedabideek fedibertsoari begiratu behar diote, eta pentsatu behar dute ekosistema horretan egoteak irakurleekin duen lotura birdefini eta aro digitalean duten misioa sendotu dezakeela.
Erantzun luzea: X-ren (lehen Twitter) akatsak errepikatu ala, behingoz, burujabetza teknologikorantz urratsak eman?
Eta euskara?
Euskarazko hedabideek mundu digitalean duten presentzia indartzeko aukera ezin hobea dute, mastodon.eus bezalako komunitate batekin bat egiten badute edo eurena propio sortzen badute.
Instantzia horiek, fedibertsoan euskararen erabilera sustatzeko propio sortuak, euskarazko komunikabideek edukiak askatasunez eta errespetuz argitaratu eta partekatu ahal izateko plataforma bat eskaintzen dute, euskarari behar duen duintasuna eta ikusgarritasuna eskainiz. Sare deszentralizatuen parte izanik, komunikabideek ingurune digital sendo batean euskararen erabilera bultzatuko lukete eta beraien komunitateak indartzen ere lagunduko lukete, euskaraz bizi garenontzako gune inklusiboagoa eta aberatsagoa sortuz.
Guk kudeatua, gure erara. Esango nuke, Argiak primeran ulertu duela fedibertsoa, eta esperientzia horretatik asko dugula ikasteko.
@desertorea bikaina Dabid, eskerrik asko.
Eskerrik asko zuri irakurtzeko denbora hartzeagatik, Xabi.
@desertorea eskerrik asko! A ze tut puska! 😉
Eskerrik asko zuri irakurtzeko denbora hartzeagatik.
@desertorea bide batez, etzi.pm-ko kontua da zure kontu berria, edo hari luzeak idazteko bakarrik?
Kaixo, Izaro!
etzi.pm-n dagoen WordPress-ean ActivityPub instalatuta eta konfiguratuta dago eta, horren ondorioz, federatu egiten du eta profil “berezi” hauek ditugu hemengo WordPress-eko erabiltzaileok.
Erabiltzaile honetan etzi.pm-n idazten ditudan artikuluak aurkituko dituzu, baina nire erabiltzaile nagusia beti izango da @desertorea.
🙂