IKT laborategia

Koldo Bizkarguenaga-ren avatar

Etorkizunera begiratzea eskatu didate.

Irla honetatik etorkizunera begira jarri naiz eta honek derrigorrez denbora kontua izan behar ez duela ohartu naiz: etorkizuna espazioari lotuta egon daiteke ere. Etorkizuna edo iragana, ingurura begiratuz, hor dugu. 2014ko Irailaren 8a izanda ere, Hondarribian Erdi Aroa da. Iragana, beraz, gure etxetik kilometro batzuetara dago. Bainabaita etorkizuna.

2010. urtean, Bartzelonan, Euskal Herriarentzat IKTei dagokionez etorkizuna izan daitekeena ezagutzeko aukera izan nuen. Doktorego Tesiarekin lotutako ikerketa-egonaldi bat egin nuen IN3 institutuan: Interneten inguruan burutzen diren diziplina ezberdinetako ikerketak barnebiltzen dituen institutua, hain zuzen ere. Manuel Castellsen gidaritzapean, erakunde publikoen babesarekin hainbat eta hainbat ikerlarik hizkuntza, generoa edota hezkuntza bezalako gaiak ikertu eta euren emaitzak partekatzeko aukera dute Media-TIC eraikinean. Unibertsitatea eta Gobernua gizartearen zerbitzura: diru publikoarekin gai ezberdinetan adituak diren ikerlariek gizarte-arazoak konpontzen dituzte.

Etorkizuna alboan dugu. Doktorego Tesiaren bidea ibiltzen jarraitu nuen eta Oxforden zein Buenos Airesen etorkizunean bizi direla ezagutu nuen, bi leku hauetan egindako ikerketa-egonaldietan Internet ardatz dituzten laborategietan parte hartzeko aukera izan bainuen.

Etorkizunera begiratzea eskatu didate eta, orain, amets bat partekatu nahi dut zuekin. Euskal Herrian ere Interneten inguruko ikerketak burutu eta hauen arteko elkarlana bultzatuko duen laborategi baten sorrera. Azken urteotan IKTak gure egunerokotasuneko bizitzetan ezarri dira, euskal gizartearen dimentsio politiko, ekonomiko zein sozialean hainbat aldaketa eraginez. Errealitate berri hauen inguruko ikerketak sortzen hasi dira Euskal Herrian (eta ez soilik unibertsitate mundutik) baina, hala ere, beste Herri batzuekin alderatuz Interneten biztanleok ditugun joerak, IKTek hezkuntzan izan ditzaketen erabilpenak edota Interneten enpresa zein kooperatibek izan dezaketen esparrua gutxi ikertu diren gaiak dira.

Are gehiago, gaien araberako ikerketa isolatuak egon badauden arren, IKTak aztertzeko eta ulertzeko beharrezkoa den diziplina aniztasuna ez dago. Izan ere, gai honen inguruan ikerketen bidez ondorioztatutako ideiak partekatzeko, eztabaidatzeko eta garatzeko espaziorik ez dago gure inguruan: Internet gaietan gizartea, ikerkuntza eta erakunde publikoak elkar-lanean dituen behategirik ez dago.

Gazteria, emakumea edota migratzaileak ardatz dituzten behategiak ditugu gure Herrian. Orain, Euskal Herrian ere, IKTen inguruko laborategia sortzeko unea heldu dela dirudi.

Irudia: By EditorUOC (Own work) [CC-BY-3.0], via Wikimedia Commons

Iruzkinak