Iragan militarreko tresna, etorkizuneko botere herritarra!

,
Ibai Esteibarlanda-ren avatar

Esaera zaharrak dioen bezala “atzeak erakusten digu aurrea nola dantzatu”. Bizitzako edozein esparrutarako formula bikaina. Iragana aztertzeak lagunduko digu egungoa ulertzen, eta ariketa horrek emango dizkigu aurrera begira proiekzioak egiteko klabe nagusiak.

Inteligentzia eta Inteligentzia Zerbitzuen gaiarekin ere hori aplikatu beharrean aurkitzen gara topiko eta ikuspegi murritzetan erortzea ekidin eta gure etorkizunerako hain baliagarria izan daitekeen tresna ezagutu eta erabiltzen ikasteko.

 

[ATZERA BEGIRA: Inteligentzia Zerbitzuen bilakaera]

Gerra guztietan erabili izan dira informazio zerbitzuak etsaiaren plan taktikoak ahal bezain lasterren ezagutzeko, honek garaipen izugarriak eta noski, porrot entzutetsuak ekarri izan ditu. XV. mendean, Estatu Italiar ezberdinek, egun Inteligentzia Zerbitzu bezala ezagutzen ditugunen oinarriak ezarri zituzten. Garai hartan, aparatu diplomatikoei estuki lotuak zeuden.

Inteligentzia Zerbitzuen garapen esponentziala ordea azken mendean gertatu da. Egun Inteligentzia Komunitateak duen garrantzia, batez ere “gerra-arteko garaia” (I eta II .Mundu Gerren artekoa) deritzonean eta II. Mundu Gerran eman zen, batez ere parte hartu zuten nazio-estatuetan. Gatazka bortitz honen ondoren urteetan Inteligentzia Zerbitzuen erabilpena bizitzako eta jendarteko beste esparru batzuetara orokortzen hasi zen.

Horrela, Inteligentzia Zerbitzuek funtzio militar soila betetzeari utzi zioten funtzio zibilak ere jorratzen hasteko, bien arteko uztarketa bat emanez eta Inteligentzia Komunitate deritzonak sortuz. Inteligentzia Komunitate horiek Gobernuen menpe dauden erakunde ezberdinek osatzen dute (polizia, militarrak, aholkulari profesionalak, diplomatikoak, …).

Azken urteetan, Inteligentzia Komunitate horren prestakuntza eta formakuntzarako sortutako beharrek bitarteko ezberdinak jarri dituzte martxan: unibertsitateetako ikasketa akademiko publikoak (lehen militarrek edo poliziek soilik ikas zitzaketenak), online ikastaro ezberdinak, mintegi eta kongresu irekiak, … “inteligentziaren kultura” berri bat eraikitzen ari da: ekonomiari aplikaturiko inteligentzia, instituzio publikoei begirako estrategiak garatzeko inteligentzia, …

Inteligentziaren ikuspegi zabal honek Inteligentzia Zerbitzu berrien sorrera ekarri du. Inteligentzia, beste edozein zerbitzu bezala eskaintzen duten proiektuak sortu dira. Ez inteligentzia poliziala edo militarra eskaintzen dutenak, baizik eta gure bizitzako edozein esparruri eskainitako inteligentzia.

 

[GAURKO ISPILURA BEGIRA: Prozesu sistematikoa]

Baina ze demontre da behin eta berriz aipatzen ari garen inteligentzia? eta nola sortzen da?

 

Inteligentzia “informazioaren jasoketa, ebaluaketa eta azterketarako prozesu sistematikoa da, bere helburua erabakiak hartu ahal izateko jakintza erabilgarria sortzea delarik” ( Txileko Estatuko Inteligentzia SistemaGen inguruko 19.974 Legea).

Gaur egun oso sistematizatua dagoen prozesua izanik ulertu eta erabiltzeko “erraza” dela esan dezakegu. Prozesu sistematiko honen diseinuaren eta faseen inguruko iritzi bakarra ez badago ere orokorrean 4 pausutan banatzen dela esango genuke:

 

Planifikazioa: planifikazio eta zuzendaritza fasean inteligentzia beharrak definitzen dira, bere jasoketarako plan bat zehazten da, bitarteko eta tresnak antolatzen dira eta guztien zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola egiten dira.

Jasoketa, bilketa: Fase honetan jasoketa taldeetatik iturrien aprobetxamendua ematen da, ondoren bildutako informazio guztia tratatzeaz arduratuko den taldeari helaraziko zaio inteligentzia sortzeko.

Trataera, azterketa: Informazioa prozesu egoki batekin landu ondoren Inteligentzia bilakatzea gertatzen den fasea da hau; jarraipena egindako jardueren inguruko notizien zein informazioen egiaztasunaren, aukeren, fidagarritasunaren eta zehaztasunaren balorazioen bitartez, hauen analisien bitartez, eskura dugun inteligentziarekin integratuz eta osotasunaren interpretazioa eginez. Fase hau lau azpifasetan zatitzen da: Balorazioa / Analisia / Integratzea /Interpretatzea

Zabalpena, barreiatzea: sortutako inteligentzia hori erabili behar dutenei modu seguru eta egokian banatzeko fasea da, beti medio egokien bitartez. Inteligentzia zikloaren azken fasea da.

 

Beraz,inteligentziaz eta honen inguruan eskaini daitezkeen zerbitzuak aipatzen ditugunean norbaitek oraindik zerbitzu militar zein polizialetan soilik pentsatzen badu iruzkin hauek ongi planteatzen ari ez garen seinale. Erantzun baliagarriak bilatzeko galdera egokiak mahaigaineratzen ari ez naizen seinale.

 

Sei lagunen artean sortu berri dugun enpresa proiektuan bezero potentzialak aztertu eta lan ordu gehienak zertan inbertitu erabakitzeko garaian inteligentzia zikloan oinarritzen bagara?

Udaletxe zein beste edozein instituzio publikok administrazio publikoetan software librea txertatzeko dauden muga eta arazo nagusiak aztertu eta aurrerantzean pausuak eman ahal izateko klabe nagusien inguruko informe bat eskatzen badio Inteligentzia Zerbitzu bati?

Eskola batek dituen errekurtso humano zein ekonomikoak kontuan hartuta eta dituen helburu pedagogikoak argituta horiek lortzeko bide egokiena zein den erabakitzeko inteligentziaren prozesu sistematikoa erabiltzen baldin badu?

Guzti horretarako balio badigu, ze demontre, sar gaitezen lokatzetara!

 

Lagunok, ez gaitzala beldurtu betidanik militarren eta poliziaren tresna izan denaren iraganak, ez gaitzala geldiarazi geure tresna bilakatu ahal izateko egin beharreko bide nekezak.

 

Iraganaren gainetik etorkizuna dugu eraikitzeko, heldu diezaiogun erronkari!

Iruzkinak