Koronabirusa zientzietakoa eta letretakoa da

Irati Romero & Koldo Garcia-ren avatar

Askotan banatuta ikusi ditugu zientziak eta letrak / arteak / humanitateak; askotan entzun dugu zientzia-gai bat ez ulertzean “zera, ni letretakoa naiz”; askotan zientzietako jendeak letretako / artetako / humanitatetako jendeari destainaz begiratzen die. Arrakala honek kaltea besterik ez du egiten. Koronabirusaren inguruan gertatzen ari dena horren adibide paregabea da.

Koronabirusa ez da bakarrik RNA bidez transmititzen den gene-informazioa. Koronabirusa da ere memeen bidez transmititzen den informazioa. Bai behintzat meme bere jatorrizko esanahian. Agian harrituko zaitu jakiteak meme hitza lehen aldiz erabili zuela Richard Dawkins etologoak “Gene berekoia” liburuan (The selfish gene, 1976, 11. kapitulua). Bai, konportamendua aztertzen duen ikertzaile batek izaki bizidunak gene-informazioa transmititzeko gailuak besterik ez garela iradokitzen duen liburu berdinean, iradokitzen du ere gizakiok buruan ditugun ideak (memeak) ere transmititzen eta eboluzionatzen dutela, hoberen adaptatzen direnak aurrera eginez. Nori ez zaio gertatu abesti baten letra txarto ikastea bere buruan erosoago zegoelako (errazago gogoratzeko)? Zenbat erreferentzia partekatu ditugu gertaera jakinen inguruan, gertatu ez badira ere (adibidez, Ricky Martin, txakurra eta mermelada)? Horiek guztiak memeak lirateke. Geneak entitate autoerreplikanteak diren bezala, memeak gure garunetan dauden entitate autoerreplikanteak dira.

Izan ere, interneten zerbait birala dela esaten denean birusen transmisio arinari eta hedapen orokorrari erreferentzia egiten zaio. Askotan zientzia-gaietan metaforak erabiltzen dira kontzeptuak azaltzeko, kasu honetan alderantziz gertatzen da: zientzia-kontzeptua metafora bilakatu da. Hortaz biologia (zientziak) eta komunikazioa (humanitateak) elkar elikatzen dira, oso gertu dauden jakintza-arloak dira. Batez ere entitate autoerreplikanteen kasuan. Orduan, bai ezin datiezkeela “zientziak” eta “letrak” bereiztu.

Hala ere, “zientzia” eta “letren” arteko arrakala hori mantentzen dugunez, gako asko galtzen ditugu gertatzen dena ulertzeko. Ez dugu argazki osoa ikusten, zati konkretu bat baizik. Gainera, ikerkuntza-sistemak hiperespezializaziora eta hiperteknifikazioara darama, bakoitza jakintza-arlo bateko eremu konkretu batean aditua izanez. Hortik kanpo ezjakin hutsak. Baina harrokeria nagusi denez ez da hori onartzen, eta den-dena eremu konkretu horren optikatik ikusten eta interpretatzen da, besteei zilegitasuna kenduta. Gainontzeko jakintza-arloen ekarpenekin aberastu beharrean, gutxiesten dira beste ekarpen osagarri horiek.

Esan bezala, koronabirusa behintzat bi gauza aldi berean denez, gertatzen diren desastreak gertatzen dira. Birologoek eta epidimiologoak RNAren transmisioaz arduratzen dira baina ez dakite ezer memearen transmisioaz. Erakundeen kudeatzaileen kasuan, bere interes elektoralen aurka doazen memeak ekiditea da bere ardura bakarra, horrek RNAren transmisioa errazten badu ere. Komunikabideek gehien eta arinen zabalduko den memea sortu nahi dute, RNAren transmisioa ez zaie arduratzen.

Ezezaguna zen birus baten hedapena osasunera mugatzea komunikazioa, soziologia, psikologia edota ekonomia kontuan hartu gabe akats larri bat bezala har genezake. Komunikazioa, soziologia edota politika egitea datuetan oinarritu gabe akats larri bat bezala har genezake. Baina ez da akats bat, egiturazko arazo bat da: zientzien arteko elkarrizketarik ez dagoenez jakintza-arlo bakoitzeko biztanleei ez zaie aukera posible bat iruditzen beste jakintza-arloko biztanleak aintzat hartzea. Horrenbeste mugatu dugu gure kosmogonia, agerikoa izan beharko lukeena tikismikisen kontuak iruditzen zaizkigula.

Hona etorkizuna irudikatzera etortzen garenez, guretzat “zientzia” eta “letren” arteko arrakala gainditzea behar beharrezkoa da. Hori nola egin? Filosofiarekin, matematikekin eta feminismoarekin. Zientzietan dauden lanabesik indartsuenak dira eta, agian harrituko zaitu jakiteak oso gertu daudela. Filosofiak egiten dugunaren pertinentziaz, egokitasunaz eta inplikazioetaz hausnartzera eramaten gaitu. Zientziak egoki gauzatzeko euskarri intelektuala da. Matematikak gure atalkide Jone Uriari utziko dizkiogu, nola ez, baina matematikazaleak garela onartzen dugu; ahal dugun bakoitzean aldarrikatzen ditugu. Matematikek egiten dugunaren zentzuaz, logikaz eta ondorioetaz hausnartzera eramaten gaitu. Zientziak egoki gauzatzeko euskarri metodologikoa da. Feminismoak ikerkuntza-sistema honi osoko zuzenketa egiteko printzipioak, baloreak eta betaurrekoak ematen dizkigu. Zientziak egoki gauzatzeko oinarrizko euskarria da. Filosofia eta matematikak ezagumenduaren maila abstraktuenak dira, feminismoak beste mundu bat gauzatzeko konpromezua eskatzen digu eta, era berean, kosmogoniak zabaltzeko eta kosmogonia berriak irudikatzeko lanabesak dira.

Arrakala artifizialak gainditzeko garaia da. Zientzia guztien ekarpena duen auzolana gauzatzeko garaia da. Azken finean, zientzia ganoraz eta patxadaz egiteko garaia da. Bestela ez dugu ezer bere osotasunean ulertuko. Koronabirusa zientzietakoa eta letretakoa den bezela, bada garaia ikertzaileak ere zientzietakoak eta letretakoak izateko, betaurreko moreak jantzita.

Iruzkinak

  1. […] 2020/03/10 Koronabirusa zientzietakoa eta letretakoa da […]