[Artikulu hau ARGIA aldizkarian argitaratu zen izenburu berdinarekin, hemen osatzen joango naiz]
Normalitate berria deitzen dutenaren makinaria martxan dago, guk erabaki ez ditugun errealitate zahar eta berriak ahalik eta azkarren normalizatu ditzagun gure bizitzetan. Herritarrok jaso dugun lehen kolpearen ondoren etorriko da bigarrena, osasun krisia, zaintza eta eguneroko ekonomiaren krisi bihurtua. Zaila izango da gehiengoarentzat.
Zorpetzea omen da erantzuna. Diru merkearen uholdea datorkigu horretarako, baina merkea izateak ez du esan nahi debalde denik, eta dirua ere merkantzia bihurtu zenetik, zorpetzeak dependentzia dakar. Lanak eta zorpetzeak salbatuko omen gaitu, lotura bikoitz honek, inor ulertzeko gai ez den baina normaltasunez onartzen dugun ezinezko formularekin. Harreman ekonomikoen eta sozialen finantzarizazioa da eskaintzen zaigun bide bakarra, baina ez pentsa ez dakit zein botere urrunen kontua denik; eguneroko urgentziazko erabakietan dator, dosi txiki eta beharrari lotutakoetan, tokiko ekonomia suspertzeko planetan, gure enpresa edo elkarteetan arazoak eta erabakiak atzeratzeko orduan, baliabiderik gabe normaltasun berrira egokitzeko esfortzua egitean. Ordainak, gero.
Eta menpekotasun finantzarioa baino gehiago, interdependentzia ekonomikoa balitz bide posible bat? Emantzipaziorako beharrezkoa da bide ezberdinen posibilitatea existitzea, eta, zorionez, datorkigun krisi askotarikoari erantzuteko ere bide ezberdinak badira. Mutualismoa da bide garrantzitsu bat, Euskal Herrian hainbat ekimenetan errotua; laborariek duela ehunka urte uztak eta etxebizitza bermatzeko antolatu zituztenetan, industrializazio garaian harreman komunitarioak galtzean gaixotasuna eta heriotzaren aurrean babestean, edo kooperatibismo industrialak erresilientziarako tresnak sortzean. Orain ere mutualismo berri bat sortzen hasi gara, krisi honi kolektiboan erantzuteko. Elkar zaintza eta erresilientzia oinarri du mutualismo berri honek, bizigarritasuna eta komunitatea ere. Diru-funtsak, ezagutzak, zaintza eta lana elkarbanatzen hasi gara.
Ekonomia sozial eraldatzaileko ekimenak, oraindik txikiak izanik ere, saretzen eta lurraldean zabaltzen doazen moduan, subjektu garrantzitsuak izango dira gure komunitateak eta herrietako ekonomia lurraldetua berreraikitzeko orduan. Jarraituko dut Argiako kideek eskainitako atal honetan proposamenak egin, azaldu eta zabaltzen. Bitartean, eraiki dezagun mundu berri bat, elkartasunean oinarritutako eguneroko (arraro) berria.