Noiz gaude?

Urtzi Urkizu-ren avatar

“Alfonbra bat,
leihoaren bestaldean
dar-dar egiten duten
arbola-hostoak,
orezta bat nire besoan,
hauts arrastoa telebista itzaliaren pantailan,
kafearen orbana mahai-zapian,
sofapean galdutako belarritako bat.

Guztiak baino errealagoa da
inoiz eman ez nizun muxua”.

Karmele Jaioren Orain hilak ditugu liburuko (Elkar, 2015) olerkiaren hitzek badute pantailaren fikzio sentsazioek baino arrazoi handiagoa. Barnean daramagulako inoiz eman gabeko muxu hori. Inoiz borrokatu gabeko iraultza hori. Robotak ez garen -edo bagaren- bizitzaren zeharbide grisetan.

Roy Batty replikanteak hala esaten dio Rick Deckardi, Blade Runner filmean (1982): “Sinistu ezingo zenituzketen gauzak ikusi ditut nik. Espazio ontziak erasotzen, Orionetik harago. C-izpien distira ikusi dut iluntasunean, Tannhäuser atetik gertu. Une horiek guztiak denboran galduko dira… negar malkoak euritan bezala. Hiltzeko ordua iritsi da”. Zi-Fi (@txerren, @birasuegi). Zientzia fikzioaren maisulan hark 2019. urtean jartzen zituen Deckard eta replikanteak, Los Angelesen (AEB). Aurten, urrian, 2049ra eramango gaitu Deckardek Blade Runner 2049 pelikulan.

30 urtez egon da desagertuta Deckard blade runner-a. 2019tik 2049ra, sofapean galdutako belarritako bat bezala. Etziko begiradei heltzeko, 2017ko lan erakargarrienetakoa izango dugu pelikula. Ridley Scott, aurreneko filmeko zuzendaria, ekoizlea da oraingoan. Michael Greenek eta Hampton Fancherrek idatzi dute gidoia. Eta zuzendaria Denis Villaneuve izango da. Duela gutxi, Arrival iradokitzailearekin liluratu gaituena.

Gogo biziz ikusiko dugu Blade Runner 2049, nahiz eta Roy Batty (Rutger Hauer) ez aurkitu. Gure irudimenean aurki dezakegu, nahi izanez gero. Batty, fikzioan, 2016ko urtarrilaren 8tik 2019ko azarora bizi izan baitzen. Nexus6 klaseko replikantea ez dugu ahaztuko berehala. Iraganetik etorkizunera, orainaldian.

Nostalgiara uko egin beharko diogu, ordea, eta Hedoi Etxarte etzikideari kasu egin. “XX. mendearekiko nostalgia dela XXI. mendean izan daitekeen posiziorik anti-iraultzaileena”, idatzi zuen BERRIAn urtarrilaren 7ko zutabean. “XX. mendeak erakutsi digu maitasuna ez dela elizako zeremonia batekin hasten. Eta iraultza ez dela Neguko Jauregia hartzea. Iraultza direla bost hamarkada aurretik, eta bost ondoren”.

Herri hau “pikutara” zihoala entzun nion pertsona bati duela egun batzuk. Eta arriskua hor dago, guztiok replikante anestesiatu gisa lozorroan gelditzekoa. Kaleko solasaldietan etsipen puntua nabaria da; gizarteko sektore batzuek desmobilizatuak daudela diote han eta hemen. Ezer ez dela aldatuko, gogaiturik, herritar ugari. Bitartean, kapitalaren jabeek jakin dute zer eta nola egin. Egin dute iruzur, nahi beste. Ahoztar Zelaieta kazetariak, esate baterako, elkarrizketa batean kontatu zigun moduan.

Dena den, ez goaz ezer berria esatera, eta kontuan hartu beharko dugu aurreneko Blade Runner estreinatu zenean ere, 1980ko hamarkadan, ez zirela herritar guztiak borrokan iraultzen. Ez zela dena utopia kolorekoa. Gezurra baita iraganeko edozein denbora hobea izan dela.

Trainspotting-en bigarren zatia ere badatorkigu negu honetan. Mark Renton pertsonaiaren (Ewan McGregor) Edinburgh hirian (Dùn Èideann, gaelikoz) ezer ez da berdin. 2014ko irailean independentziaren alde ala kontra bozkatu zuten, eta ez zen fikzioa izan. Eskozia ez da izango guztiarentzat eredu. Baina lezioren bat atera genezake handik. Eskozia independentea izango dela aurreikus daiteke, etzi ez bada, etzidamu.

Deckarden itzulera, Rentonen itzulera. 2018ra arte ez da bueltatuko Dolores Abernathy Westworld telesaileko pertsonaia-robota; Evan Rachel Wood aktoreak modu paregabean interpretatzen du. “Noiz gaude?”, galdetzen dio Dolores Abernathyk eszena batean Teddy Flood lagunari (James Marsden), lehen denboraldian. Galdera ona, “Noiz gaude?”.

Noiz gaude? Gaude noiz, eta. Edo inoiz. Etzi replikante edo robot lelo bihurtzeko arriskuan bizi gara. Etzi iritsiko denaren zain, ezin dugu etsi. Zain egon beharrean, beharko zaio ekimenari eutsi. Zainetan, izan gizaki. Benetakoa baita inoiz eman ez nizun muxua. Benetakoa baita sabel barnean egiten didala dantza. Eta, agian, bihar edo etzi, kenduko didazula arantza.