Epodkizuna: elikadura

epodkizunak — 2021-12-29

Ane Abarrategi, Xabier Landabidea eta Gorka Julio, Datorren 4 etorkizuneko arketipoak erabiliz elikaduraren etorkizuneko espekulazio joko zoro honen lehen atala da hau. Bertan aipatzen diren etorkizunak, etorkizuneko errealitatearekin izan dezaketen antzekotasuna kasualitatea eta egi absolutua dira aldi berean.

Jarraikortasuna

2050. Elikaduraren ekoizpena eskala globalean jarduten duten 4 konpainia handien esku dago.

Nekazaritza-ekoizpenaren eredu estentsiboa, eredu nagusia eta ia-ia bakarra da. Hala eta guztiz ere, ekoizpen-sistema berriak ezarri dira planetako eremu geografiko guztietan produktuen aniztasuna bermatzeko. Kilometro zero berria deitzen zaio honi.

Ondorioz, elikagaiak garraiatzeko beharra zeharo murriztu egin da, aurreko hamarkadetan kontinente batetik bestera bidaiatzen zuten tomateen eredu horretatik aldenduz. Mono-kultibotik poli-tekno-kultibora pasatu den eredua da nagusi. Aurrerapen teknologikoei esker, edonon hazi daitezke mota guztietako elikagaiak, ia edozein baldintza klimatikotan.

Nekazaritzako ustiategiak lurralde-eremu zabalak eta industrializatuak dira, eta automatizatutako ustiaketa aldizkako eskulan merkearekin konbinatzen dute.

Arrainaren eta animalia-haragiaren kontsumoa izugarri jaitsi denez, landare-proteinaren ekoizpena benetako boom bat bizitzen ari da.

Produktuen prezioak etengabe aldatzen dira eta gero eta ezegonkortasun handiagoa dago merkatuan. Produktuen kalitatean ere oso aniztasun handia dago: kalitate baxuko -azkar hazitako eta genetikoki eraldatutako- barazki eta fruta merkeagoetatik hasi,  eta luxuzko boutique produktuetaraino. Izan ere fruta eta barazkien aldaera berri batzuek zenbait gaixotasun prebenitzea eta tratatzea ahalbidetzen duten medikamentu dauzkate txertatuta.

Kolapsoa

2050. Fruta eta barazki espezieen aniztasuna izugarri murriztu da eta jada ezinezkoa da espezie gehienak baldintza normaletan – “naturaletan” –  ekoiztea. Era berean, munduko biztanleria globalak beherakada nabarmena bizi izan du. Biztanleriaren piramidea behin betiko alderantzikatu da, baita XXI.mendearen hasieran joera horretatik ihes egiten zuten munduko eskualdeetan ere. Ez dago baliabide nahikorik guztiontzat.

Elikagai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresa handiak gainbeheran eta krisi sakonean daude, hasieran hornidura-kateko krisiagatik izan zen, ostean gasolinan eta elektrizitatean oinarritutako garraioaren krisiaren ondorioz. Ez dute jakin testuingurura egokitzen, eta erabateko desgobernantzatik eta kaosetik jarduten dute.

Pertsonek, indarrez, dieta, energia-kontsumoa eta janariarekin duten harremana aldatu dituzte. Horrek oraindik ezagutzen ez diren ondorioak izango ditu.

Lehen elikaduraren industriarako ziren espazioak askatu dira  eta orain okupatzen dira, hainbat helburutarako eta interes desberdinetarako

Diziplina

2050. Klima aldaketaren ondorioei egokitzeko helburuarekin -ekosistemen hondatzea, errefuxiatu klimatikoak, pobrezia eta kalteberatasuna areagotzea, polarizazioa eta gatazka politiko-sozialak batez ere.- goitik-beherako nazioarteko erregulazio gogorrak martxan jarri dira.

Politika zentralista hauek sistema eta bizitzaren aspektu guztietan eragina izateko asmoarekin jaio ziren. Guztia antolatzeko “masterplan” moduko bat dira: produktuen egoizpenaren banaketa -zer ekoitzi non- arautzen dute, hirien/herrien tamaina eta izaera definitzen dute, pertsonen arteko harremanak -bizitokien izaera eta tamaina, familia egiturak, jaiotzak, etab.- zehazten dituzte.  Guzti honen kudeaketa eta jarraipena egiteko erakundeak sortu dira.

Erregulazioei esker, ingurunean eragindako kaltea zeharo murriztu egin da eta aurreko mundu-ordenak eragindako perbertsio asko gainditzetik hurbilago gaudela dirudi: iparraldearen eta hegoaldearen arteko desoreka, pobrezia eta muturreko gosea, etab.

Elikadurari lotutako ekoizpenaren erregulazio zentralistak ordea bestelako ondorioak ekarri ditu. Bertoko kulturaren galera, bizimoduen estandarizazioa eta paisaiaren homogenizazioa ematen ari dira; gero eta aniztasun gutxiago dago mundu mailan, zentzu guztietan. Lurralde bakoitzaren berezko izaera galdu da, eta gero eta berdinagoak gara gure artean.

Testuinguru honetan, maila lokaleko kultura eta ondarea berreskuratzearen aldeko ahotsak eta mugimenduak indartzen ari dira. Berpizkunde honen izaera ez da erromantikoa eta ez

Mugimendu horien identitatea ez da erromantikoa eta ez dago iraganaren bukolizazioan oinarrituta; aitzitik, mugimendu autonomoa eta erradikala da, eta tokian tokikoa ulertzeko eta indartzeko modu berri bat planteatzen du, ordena global supra-arautuaren tiraniaren aurrean.

Eraldaketa

2050. Nola bizi nahi dugu kolektiboki gorputz anitzen eta guztien zaintza bermatu dadin? Galdera honen arabera “bizitza” eta bizitzaren zentzua modu sakon batean birpentsatu egin da azken urteetan. Hainbat faktoreen laguntzaz ekaitz perfektua sortu da eta ondorioz modernitate kapitalista heteropatriarkalaren lekualdatzea ekarri duen aldaketa sistemiko eta erradikala eman da.

Bizitza ulertzeko modu berri honetan, zaurgarritasuna bizitzari estuki loturiko zerbait da, ezin da ezabatu edo etxekotu. Erdigunean kokatu eta modu kolektiboan kudeatu behar da.

Hori horrela, indibidualismoan edo norbanakoaren ideian oinarritutako egitura sozialaren ordez, kolektibotasunaren garrantzian oinarritutako egiturak areagotu eta zabaldu dira, bizitzaren eremu guztietan. Nekazaritza eta elikadura, eraldaketa horien guztien erdigunen egonik, iraultza honen burua izan dira.

Munduko hainbat eskualdetan lurraren jabego pribatua desagertu da. Nekazaritza lan eremu gaztea eta bizia izatera pasatu da. Ekologiari loturiko ezagutza-mailan aurrerapen handiak eman dira, ikuspuntu agroekologikoaren aldetik aurkikuntza esanguratsuak eman direlarik.