Epodkizuna: energia

epodkizunak — 2021-12-31

Ane Abarrategi, Xabier Landabidea eta Gorka Julio, Datorren 4 etorkizuneko arketipoak erabiliz energiaren etorkizuneko espekulazio joko zoro honen lehen atala da hau. Bertan aipatzen diren etorkizunak, etorkizuneko errealitatearekin izan dezaketen antzekotasuna kasualitatea eta egi absolutua dira aldi berean.

Eraldaketa

2050.urtearen amaieraren atarian gaude.  Gero eta gehiago dira “Sormena, independentzia eta komunitatea” aldarrikatzen duen bandera besarkatzen ari diren munduko eskualdeak. Nazioz gaindiko antolaketa-sistema honetan energia burujabetza da nagusi. Herritarrek dute baliabideen jabetza eta kontrola eta ekoizpena tokikoa izateaz gain deszentralizatuta dago.

Blockchainari esker, elektrizitatea zuzenean merkaturatu egiten da ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, nahiz eta fisikoki konektatuta ez egon edo geografikoki hurbil ez egon.

Milioika sorgailu txikik eguzki-elektrizitatearen soberakina urruneko erosleei saltzen diete. Transakzioa unitate txikietan egiten da. Transakzioaren likidazioa sortzen/kontsumitzen den unean bertan edo handik gutxira egiten da. Zuzeneko merkataritzak diru-sarrerak handitzeko eta kostuak murrizteko aukerak sortzen ditu. Eguzki-parke komunitarioak ugaritzen ari dira; hauetan hurbileko elektrizitatea eskaintzen da hasierako inbertsio baten truke. Ospitaleek elektrizitatea erosten dute bertako fabrika bateko teilatutik.

Blockchainari esker ordena berriaren hedapen azkarra eman ari da.

Jarraikortasuna

2050. urtean gaude. Energia-iturri berriztagarriak energia-iturri nagusi bihurtu dira eta honi loturiko industriak hazkuntza eta garapen handia bizi izan du. “Lasterketa espaziala”rekin gertatu zen bezala, gertatu zen bezala, energia berriztagarriaren industriaren inguruko berrikuntza teknologikoa lurraldeen eta enpresa handien arteko norgehiagokan bihurtu da.

Eguzki-energia fotoboltaikoa optimizatu egin da prezioan, errendimenduan, iraunkortasunean eta malgutasunean. Horretan lagundu duten material berriak agertu dira. Adibidez, perovskitak silizioa erabat ordezkatu du. Ipar Globaleko eraikin guztiek geruza organiko malgu batez estalita daude; geruza horrek energia fotoboltaikoa sortzen du eta energiaz hornitzen ditu eraikinak.

Munduko biztanleria azkar handitu da, eta 2050ean 10.000 milioi pertsona ingurura iritsi da; horietako asko muturreko pobreziatik atera dira eta energia-premia askoz handiagoak dituzte. Eskaera honi erantzuteko, munduko energia-ekoizpena % 50 baino gehiago handitzea beharrezkoa da datozen bost urteetan.

Iparralde Globala berriztagarriaren ekoizpenera bideratutako Hegoalde Globaletik elikatzen da. “Kolonialismo energetiko berria” deritzo honi.

Energiaren ekoizpenaren eta banaketaren gaineko kontrola XX. mendeko oligopolioen oinordekoak diren  enpresa transnazional handien esku dago.

Garapen eta hazkunde hori ez doa biztanleriak energia eskuratzearekin batera. Kontsumitzaileek argindarra eskuratzeagatik prezio altuak ordaindu behar izaten dituzte, eta teknologia berri bat ezartzen den bakoitzean ekipoak berritu behar izaten dituzte.

Kolapsoa

2050.ko abenduaren 3an gaude. 40.hamarkadako gerrate handiaren amaieratik hona gauza asko aldatu dira.

Hamarkada askotan zehar, Iparralde Globaleko konpainia eta estatu handiek esnerik gabe geratzen ari zen behi bati ahalik eta etekin handiena ateratzen ahalegindu ziren eta ez ziren egokitu. Ez zuten jo berriztagarrietan oinarritutako energia-eredu baterantz, eta ez zuten eredu lokalago baten aldeko apusturik egin. Enpresa handiek porrot egin zuten, elektrizitaterik gabe geratzen hasi ginen etxeetan, fabriketan… horrekin batera erabateko kaosa heldu zen. Tenperatura globalaren igoera bizkortu egin zen, eta gerrak iritsi ziren, bata bestearen atzetik.

Testuinguru honetan komunitate txikiak eta norbanakoak energia eskuratu eta erabiltzen ari dira sistema deszentralizatuen bidez, berdinen artean birbanatuak mini-sareetan eta etxeko soluzio fotoboltaikoen bidez, sarera konektatu gabe. Oraindik milioika pertsona bizi dira energia-iturri egonkorretarako sarbiderik gabe. Horrek ordena sozial osoa eraldatzea eragin du.

Diziplina

Hobekuntza teknologikoen eta berrikuntzaren bidez oreka lortu eta energia-krisia gaindi zitekeela pentsatzeak gainbehera egin zuen duela hamarkada batzuk.

Gizarte-ordena berriaren oinarrian bi estrategia nagusi daude: kontsumoa zehatz-mehatz kontrolatzea eta baliabideak muturreraino optimizatzea.

Ekonomia zirkularrari loturiko araudia eta protokoloen eraginez prozedura guztiak -merkatuarenak baina baita eguneroko bizitzarenak- aldatu egin dira: ordutegiak, mugikortasuna, baimendutako jarduerak, etab.