S.A.ri (haizean haziak ereiten)

Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

2016ko abenduko saioan Beñat Irasuegi etzikideak II. Eremuz Kanpoko Sotoa aurkeztu zigun, Lawrence of Arabia filmaren lehen zatia aitzakia hartuta estrategiaz, taktikaz, lurraldeaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Saio osoa eskura dago Youtuben – eta 52 ikustaldi metatu ditu hau idazten ari naizela, fisikoki Kutxa Beltzera hurbildu ginen 25 lagun ingurutik gora- (GORA!). Hemen duzue gure abenduko “zera” hura, irratsaio bezala eta bideoan:

Kontua da geroko afari Shangaitar/Bilbotarrean Beñatek bota zuela berak ohi duen gisara, ideiak airean landatzeko keinuarekin, Euskal Herriko Liga Lawrenciarraren ideia.

Gaurkoan ohiko praktikatik urrunduta gerrilla-sarrera bat egingo dut, ez Liga horren ezaugarriak zehazte aldera, ez eta ZiFi lan baten oihartzunak gure larreetara ekartzeko asmoz. Oso bestela, poema bat ekarri nahi dut gure artera, hau ere haizean landatzeko. Politika poetiko eta poesia politikoen bizi-gerrillarako taktika bastart berrien inspirazio modura edo.

Olerki bera irakurri nuen II. Sotoaren amaieran, gaztelaniaz, hala aurkitu nuelako. Bada garaia euskaraz ere izan dezagun.

Beraz, hona nire proposamena:

Nik hemen jatorrizko Jakituriaren Zazpi Zutabeak liburuko eskaintza jarriko dut, ingelesez, eta ondoan itzulpen posible (eta trakets samar) bat. Denok gonbidatzen zaituztet oso modu kuriosoan nire bizitzarekin behin eta berriro gurutzatu duen olerki indartsu, triste eta eder hau irakurri eta haren beste itzulpen eta irakurketa batzuk aurkitu eta elkarbanatzera.

Ziur ekarpenek proposatu dudan itzulpena hobetuko dutela. Eta nork daki, agian inoiz oraindik musikarik ere jarriko diogu, eta etorkizuneko Liga Lawrenciarraren ereserkia bezala gogoratuko da 😉

Eskaintza

S.A.ri

Maite zintudanez gizonen itsasgorak ekarri nituen nire

eskuetara eta nire asmoa izarretan marraztu nuen zeruan

Askatasuna irabaz niezazun, zazpi zutabeko etxe duin hori,

zure begiek dir-dir egin ziezadaten,

Gu etortzean

Herio zerbitzaritzat hartu nuen bidean, arik eta

hurbildu eta esperoan ikusi zintudan arte:

Irribarre egin zenuenean, inbidia zitalez gainditu ninduen

eta zu desegin:

Haren isiltasunera.

Maitea, bide-nekez zure gorputza haztakaturik, gure soldata labur

hau, unerako gurea

Lurraren esku bigunak zure eitea miatu, eta

zizare itsuak loditu aurretik

Zure substantziaz.

Gizonek erregutu zidaten gure lana finkatu nezan, etxe

bortxaezina, zure oroimenez.

Baina oroitarri egoki gisa birrindu egin nuen, amaitu gabe: eta

orain

gauza txiki horiek narras doaz habia egitera

Zure dohainaren itzal hondatuan

Iruzkinak