‘Saperastasuna’ hardware "libretik"

,
Txertatua-ren avatar

Hardware (ingelesez “gogorra den artefaktua”) hitzak esanahi teknologikoa izan du mendeetan, konputagailuen sorrera baino askoz lehenagotik. Eraikuntza edo konponketarako erremintak (mailuka, iltzeak edo torlojuak) era generikoan izendatzeko erabili eta erabiltzen dute hitza ingeles hiztunek. Denboran atzerago eginda, hardware-a ere izango ziren lehendabiziko goldeak eta haien aurretiko paleolito garaian zorroztutako silex harriak (harriwareak?).

Hardware izenari “librea” deitura jarrita ere, kontzeptuak esanahi irekiarekin darrai. Hardware “libreak” ez baitio soilik ordenagailuen alde gogorrari, txartel elektroniko, prozesagailu, memoria edo bestelako periferiko fisikoei soilik aipu egiten. Berau kopiatzeko beharrezkoa den informazio DENA sarrera librekoa duen artefaktu fisiko oro baita hardware LIBREA. Horrela, txartel elektroniko “libreak” aurki genitzake (adib., Arduino edo Parallela), baina baita aplikazio konkretuetarako sistema osoak (3D imprimagailuak, droneak edo traktore oso bat).

Kritiko izan gaitezke, eta fenomenoa berria ez dela esan: hamarkadak badira zenbait maker gogotsuk hobby bezala txartelak eta sistemak eraikitzen dituztela, informazioa elkarrekin banatuz. Kritiko izaten jarrai dezakegu, eta informazio guztia LIBRE (letra larriz eta kakotxik gabe) ez dagoela esan (adib., prozesagailuaren barne egitura) edo LIBREA ez dela bere elementu batzuren fabrikazio kostua zentzuzko eskalatik kanpo dagoelako: esaterako, gaur egungo prozesagailu bat fabrikatzeko beharrezkoa den maskara batek 1000 milioi dolarreko kostua dauka eta enpresa handi gutxi batzuk baino ezin diote horrelako inbertsio bati aurre egin.

Hardware “librearen” meritua teknologia merkatzearen eta komunitatea handitzearekin batera, artefaktu gogorren aurrean gizaki bezala dugun jarreraren aldaketan dator. Dagoeneko ez garelako silexeko harriak erabiltzen zituzten ehiztari edo fruitu biltzaileak, ezta makinek kilometro gutxitara egindako torloju eta balbulazko produktuen erosle gaitzetsiak. Gauzen inguruko guztia jakin nahi dugu, non egin zen, nola funtzionatzen duen, zenbat CO2 emisio izan dituen bere garraioak, baita salmenta osteko produktuaren istorioa, arazoak, bere birziklapena edo konpostatzea… eta nola eraiki edo kopiatu daitezkeen!

Informazioa izango da etorkizuneko aberastasuna, eta hardware “libreak” noranzko horretaranzko lehendabiziko gramatika ematen digula dirudi. Gauzetan aberats (habere-dun) baino, gauzetan ‘saperats’ (sapere-dun) izateko bidean.

Iruzkinak

  1. […] bi zutabeetan hardware librea nondik datorren eta berorrek nora eraman gaitzakeen gogoetan ibili ostean, oraingoan hardware librea oinarri duten adibide batzuk ekarriko ditut […]