Asteburu honetan Madrilgo Solarpunk Jaialdian egoteko aukera izan dut. Antolatzaileen arabera, aukera hori esploratzeko sortu da jaialdia: distopiei begira egoteari utzi eta etorkizun desiragarriak eraikitzen hasteko. Beste estetika bat baino gehiago, Solarpunka mugimendu kontrakultural bat da, teknologia eta natura oparotasun kolektiboa sortzeko lankidetzan aritzen diren etorkizunak irudikatzen dituena. Energia garbia eta eskuragarria, ondasun partekatuak, aisialdia eta sormena gainezka: kontsumo mugagabearen mende ez dagoen luxu komunal bat, sostengatzen gaituen zaintzeari begira baizik.
Emilio Santiago Muiñok ireki zuen jaialdia, eta mitin bat eman zigun; mitin puta bat, bai. CSICeko ikertzaile eta jardunaldien komisario den Muiñok masak piztu zituen alderdi Solarpunkaren alde. Haren hitzetan, alderdi hori beste alderdi batzuen hainbat proposamenetan kamuflatuta aurkezten da Espainiako Estatuko azaroaren 29ko hauteskundeetara.

Luxu komunal erabat deskarbonizatua zuen izenburua hitzaldi-mitinak, eta, Solarpunkaren erreferentzien inguruko sarrera egin ondoren, Parisko Komunarekin, marxismoarekin, surrealismoarekin, situazionismoarekin eta feminismo-izpi batzuekin nahastu zuen. Nabarmen falta izan ziren, edo eliptikoki baino ez ziren agertu, dekolonialitatea eta antiarrazismoa.
Hasiera-hasieratik goi-goian jarri zituen kideen itxaropenak, batzordearen lana zera zela finkatuz: «gure birsorkuntzagatik, luxu komunalaren inaugurazioagatik, etorkizun dizdiratsu batengatik eta Errepublika Unibertsalaren alde egitea».
Solarpunkaren iruditeriaren adierazpen ezberdinetan barrena ibili ondoren, perla batzuk utzi zituen. Orratz on batez harian sartuz gero, perla horiek dagoeneko Solarpunk ortzimuga erreal batera jotzen duten proiektuak lotuko lituzkeen lepoko bat osatzeko. Bretonek surrealismoaz esandakoa Solarpunkari aplikatuz, «es lo que será», edo, guk esango genukeenez, «izango garelako gara».
Ekarpenik interesgarrienak eta lurtarrenak gero etorri ziren, energia berriztagarrien hazkunde esponentziala eta kostuen jaitsiera nabarmentzean. Haren proposamenaren arabera, gaitasunak dagoeneko gure artean daude, baina horretan sinetsi egin behar dugu. William Gibsonen lelo cyberpunkaren ia kopia bat, baina Solarpunkera eramana: «Etorkizuna hemen dago jada; kontua da ez dagoela berdin banatuta».
Benetan existitzen den eta asmatu beharrik ez dugun fusio-erreaktoreaz arduratzera deitu gintuen: Eguzkiaz. Haren energia guztia harrapatzeko gaitasuna izango bagenu, bost egun nahikoak izango lirateke beharrak asetzeko. Hori esanda, teknologia horien eskala handiko hedapena proposatu zuen gure arazo askoren konponbidearen parte gisa, beste esparru batzuetako desazkundearekin batera. Bitartean, pantailan “This machines kill fossil fascist” leloa agertzen zen: Woody Guthrie, energia eolikora eramana.
Gero arratsaldeko hausnarketarik interesgarriena etorriko zen, nire ustez. Analogia lizun samar batez, Muiñok aditzera eman zuen historiaurretik hona ez garela hainbeste aldatu: funtsean, gauzak erretzen aritu gara, eta, orain, Prometeoren promesa iraungita dago. Auzia, beraz, ez litzateke jada gauzak erretzen jarraitzea, baizik eta elektroiak mugitzen hastea: hori da funtsezkoa programa politiko gisa proposatutako aro-aldaketa honetan.
Gero Maria Alvarezen txanda izan zen. Haren tesiaren arabera, kapitalismoa gai da kontsumitzen duguna baino gehiago ekoizteko, eta, bitartean, kuleroak metatzen jarraitzen dugu. Zergatik metatzen ditugu kuleroak, gure bizi-baldintzak hobetzen ez diren bitartean? Galdera hori balioaren zentzuaz eta zentzua izatearen balioaz galdetzeko abiarazlea izan zen. Balioaren teoria berri bat behar dugu, proposatu zuen Alvarezek, gehiegi zehaztera iritsi gabe eta lan-balioaren teoria zalantzan jarriz.

Proposamen horrekin batera, ondasun ugarien sistema baten sorrera ere nabarmendu zuen: ezagutza partekatua, haren ustez kapitalismoaren beraren existentzia-baldintza ezabatuko duena. Defendatu zuenez, hori dagoeneko gertatzen da hainbat esparrutan, eta, orokortuz gero, helburu hori lortzeko ahalmena izango luke. Baina, hori gertatu bada, partzialki bada ere, zergatik jarraitzen dugu kapitalismo batean bizitzen, edo okerragoa den zerbaitean, McKenzie Warkek, gutxi gorabehera, klase bektorialistaren goraldia edo Bektorialismoa deituko lukeen horretan? Kapitalismoa bere burua eta bere sostengu izan diren metaketa-mekanismoak irensteko gai izan da; non geratu da copyrighta adimen artifizialaren aroan?
Azken proposamena oparotasunaren ekonomia bat sortzeko gonbidapena izan zen. Edo, agian, beste izen bat bilatzekoa, ekonomia ondasun urrien kudeaketa baita. Seinale-sistema bat sortu behar da ekonomia berri horretarako, oparotasun kolektiboko horizonte batera eraman gaitzan.
Gero mahai-inguru lisergiko bat etorriko zen, baina ezin izan nintzen amaiera arte geratu. Guillermo Zapataren esaldi bat baino ez dut gogoratzen; 2050eko mundu Solarpunk batetik hitz egiten zuen. Ezin dut hitzez hitz aipatu, baina, gutxi gorabehera, bizitza bera kultura bihurtuko litzatekeela zioen, eta kultura, bizitza.

Jaialdi inspiratzailea; ea beste asko etortzen diren. Mark Fisherren denboren amaiera edo Marina Garcesen garai postumoa gainditzea izango litzateke proposamena. Egile berberekin jarraituz, agian komunismo azidoa (Fisher) eta promesaren garaia (Garces) besarkatzea, eta, eskutik helduta, manifestu hacker berri bat idaztea, batu nahi duenarentzat mahaian beti leku libre bat izango duena (Wark).
P.S. Bluesky ez da Solarpunk, Xen tamainako zaborra da.

