Denetarik esan eta idatzi da aurreko egunetan, ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioaren harira. Gertatutakoa, eta ondorengo zeharkako kalteak, bizi garen errealitatearen sintomatzat har ditzakegu. Ondo baino hobeto azaldu zituen Uxoa Anduaga soziologoak euskaldunok-Espainia dikotomian non dauden umorearen mugak eta marra gorriak: “Euskalduna folklorismoaren eta erradikalismoaren artean dago, nonbait, eta hortik ez mugitzeaz arduratzen dira Espainiako diskurtsoak. Norbait hortik ateratzen saiatzen denean, Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatu diren moduko gatazkak izaten dira”. Ahul gaude, ahul, euskaldunok, Espainiaren aurrean. Anduaga: “Euskaldunak apenas du gaitasunik bere burua nahi duen bezala sortzeko, subjektu politiko aktibo gisa. Euskaldunak ez dauka gaitasunik botere harremanean, posizio ahulean dagoelako Espainiaren aurrean”.
Gainera, etengabe lotsagorrituta egon behar dugu Espainiaz irri egiten badugu. Ederki irudikatu zuen hori EHUko irakasle Idurre Eskisabelek: “Drogarik gabeko mozkorralditxo intimo baten antzeko zerbait izan zen, parrandakoan, ordu txikitan, norbaitek edo zerbaitek zirrikitu bat zabaldu eta ugazaba edota lankide ukiezinaren pentsura astakeriak esaten hasten garenean bezala”. Izan ere, zer demonio! Onintza Enbeitak, saioan agertu zenetako batek, gogorarazi zuena ere egia bada: “Lehen Patxi, las Nekanes, aibalaostiapues edo nork moztu dizu kopeta entzunda barrez lehertu zirenak mindu egin dira”. Ustez mindu dena -edizio manipulatu batekin- gai da dena hankaz gora jartzeko, eta profesional batzuen bidea kolokan jartzeko. Ezin ahaztu Miren Gaztañagarekin gertatu zena. Aitor Merinok lehen aldiz iritzi artikulu bat idatzi du prentsarako, eta hala esan zuen: “Dramaren parte horretan, pertsonaiarik krudelenak esku hartu zuen: Twitterrek“. Izan ere, sare sozialetako zurrunbilotik piztu zena, parlamentuetara, legebiltzarretara eta gobernuetara iritsi zen, zalaparta baten gisan. Nahiz ke laino bat besterik ez izan, Leire Palaciosek iradoki bezala.
Datozen egunetan auzi garrantzitsuagoak plazaratuko dira joko politikoan. Ondo gauzatuko direnaren itxaropena badaukagu. Baina auzi batzuk ixtearekin batera, bestelako jazarpen ideologiko batzuk iritsiko direnaren susmoa ez da baztertu behar. Alfredo Remirezi gertatutakoa beste edozein euskalduni gertatzeko aukerak hor daude. Beldurra bultzatzen du botereak, eta autozentsura gero eta handiagoa ikusten dut inguruetan. Beldur horrekin jokatzen dute, adieraziz: “Hurrengoa zu izan zintezke“.
Aurrera begira, gainera, Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatutakoak ondorio oso kaltegarriak ekar ditzake Euskal Herrian umorea egiten saiatu nahi duten gidoilarientzat. Anjel Aldarondo: “ETB1 atzerako jauzia emateko zorian dago, kontrol gehiago ezarriz. Konplexuz beteriko euskarazko kanalean, beti izan ditugu kontsigna tradizionalistak”. Baina ezin gara kontrolaren, beldurraren eta autozentsuraren tranpan erori. Herri harresiak sortu beharko genituzke, umorea egiten duten guztien alde. Umorearen pasarte batzuk gehiago ala gutxiago gustatu. Ez baita hori kontua. Adierazpen askatasunaren auzia ere bada, nabaria denez. Anduaga: “Ez dago adierazpen askatasunik. Dagoena da esparru bat, botereak markatzen duena. Esparru horretatik ateratzea oso zaila da”. Baina atera, atera behar dugu. Bestela, ez gara herri libre eta zoriontsua izango.
Bestela, EITBk martxan jarri nahi duen erreforma “integrala” ez da osasuntsua izango. Eusko Legebiltzarrean eratu berri dute lantalde bat, erreformari aurre egiteko. Ez legoke gaizki lantzen duten zirriborroetan, umore-egileentzat eta artistentzat adierazpen askatasunaren aldeko punturen bat ere sartuko balute. Baita iritzi emaile guztientzat ere. Iritzi askatasunik gabeko programazio bat nekez izango baita erabat publikoa. Herritar guztiengana baliagarria izango dena.
Egin dezagun ba barre gehiago etorkizunean, kanpoko kate astunetatik aske. Egin dezagun barre geure buruaz -baita gure espainiartasunaz eta frantziartasunaz ere-. Eta bai, nik #soyvascoypaleto naizela esateko ez daukat konplexurik.; Jose Motak edo Karra Elejaldek esaten badidate ere, ez naiz iraindua sentituko. Hori egia da, gainera. Ama zenak baino askoz gutxiago irakurtzen dut. Askoz ezjakinagoa naiz. Arinkerietan gehiago murgiltzen dena. Eta pantailetatik iristen zaizkidan txatxukerietatik elikatzen naiz, auto eraikitzen naiz. Paletoa naiz eta harro nago, beraz. Baina saiatuko naiz barre egiten, iraganean bezala, etorkizunean ere. Ahal bada, herri libre eta zoriontsu batean.