Telegram eta kapitalismo digitalaren arteko besarkada goxoa?

Artistaren kaka "artelana"
Dabid Martinez-ren avatar
  • Telegram eta xAI-ren (Elon Musk) arteko aliantza inflexio-puntu bat da. xAI-k garatutako Grok txatbot-aren integrazioarekin, Telegram kapitalismo digitalaren eragile garrantzitsuenetakoaren ondoan kokatuko litzateke.
  • Hobekuntza funtzional soila izatetik urrun, lankidetza horrek zentralizaziorako, datuen estraktibismorako eta erabiltzailearen esperientzia merkantilizatzeko joera indartuko luke.
  • Hala, Telegram-ek atzean utziko luke neutraltasun teknologikoaren aldeko edozein asmo, eta bat egingo luke kontrola interes kolektiboaren gainetik lehenesten duen ereduekin.

Telegram kapitalismo digitalaren paradigmen barruan erabat xurgatzea, joera kezkagarri baten konstatazioa izango litzateke. WhatsApp-en aurrean babesleku gisa hasi zena, libreago, seguruago eta etikoago gisa saltzen zena, zentralizazio, opakutasun eta kontrol dinamika berdinak erreplikatzen amaitu du (eta kasu batzuetan baita okertuz ere). Gaur egun, Telegram-en eta WhatsApp-en arteko desberdintasun bakarra, estetikoa baino ez da.

Grok ez litzateke Telegram-en egongo inor ahalduntzeko, baizik eta berritasun itxura hartuta datuak, klikak eta arreta zukutzen jarraitzeko. Bere presentziak ez lioke erabiltzaileen eskaera bati erantzungo, baizik eta interneteko txoko posible guztiak monetizatzeko enpresa logikari. Jokaldi horrekin, Telegram-ek beste urrats bat emango luke ingurune itxi, estraktibista eta interes komertzialen menpeko bihurtzeko bidean.

Funtzionalitate futuristez mozorrotuta, hori bai.

Pavel Durov, mito libertarioa?

Urte luzez, Pavel Durovek outsider teknologikoaren irudia landu nahi izan du, kontu handiz eraikia: enpresaburu “idealista” bat, sektoreko erraldoiak desafiatzen dituena pribatutasunean oinarritutako ustezko etika batetik.

Baina errealitatea beti izan da uherragoa. Telegram ez da inoiz izan uste genuen bezain segurua. Muturretik muturrerako zifratzea, adibidez, ez da plataformako araua, baizik eta “txat sekretuak” deiturikoei erreserbatutako aukera bat (gutxiegi erabiltzen duguna), gainerako elkarrizketetan, taldekoetan barne, sarbide zuzen eta gardena du.

Gainera, nahiz eta Telegram-ek Meta eta beste teknologia enpresa batzuk kritikatu dituen datuen ustiapenagatik, bere metadatuak pilatu ditu “zerbitzua hobetzeko” aitzakiarekin. Grok-ekin, praktika hau fase berri batera pasatuko litzateke: adimen artifiziala datu bilketa hori justifikatzeko eta “zerbitzu adimendun” gisa merkaturatzeko koartada perfektua bihurtuko lukeelako.

Baina, oinarrian, jarraipen masiboan eta erabiltzaileen hipersegmentazioan oinarritutako negozio-eredua besterik ez da.

Kakaztea bide-orri gisa: Doctorowek arrazoi du

Telegram-ekin gertatzen ari dena, bat dator Cory Doctorowek enshittification (euskaraz kakazte) deitzen duen horrekin: plataforma baten degradazio progresiboa, hazkunde ekonomikoaren izenean. Patroia beti bera da. Lehen fasean, erabiltzailea konkistatzen da, askatasunaren, neutraltasunaren eta altruismoaren izenean. Bigarrenean, enpresak eta inbertitzaileak erakartzen dira, erabiltzaile oinarri “leiala” erakutsiz. Hirugarrenean, bi alderdiei zukua ateratzen zaie Grok bezalako tresna manipulatzaileen bidez.

Akordio berri hau gauzatzen bada, Telegram argi eta garbi pasatuko zen lehen eta bigarren fasetik hirugarren fasera.

Ondorioz, Grok Telegram-en sartzea ez litzateke izango arazoak konpontzeko, baizik eta berrikuntzaz mozorrotutako diru sarrera berri bat sortzeko.

Aitzakia iraungi zaigu: Whatsapp (edo Meta) bezain txarra da

Telegram erabiltzen jarraitzeko behin eta berriz erabiltzen dugun argudioetako bat da “gutxienez ez dela Whatsapp”. Kontsolamendu hori arazoaren ikuspegi erredukzionistan oinarritzen da: kontua ez da jabeak Zuckerberg edo Durov izena duen, baizik eta sistema nola dagoen egituratuta. Telegram WhatsApp bezain zentralizatua dago eta Durovek erabateko kontrola du bere arkitekturan, erabakietan eta datuetan. Alde nagusia da oraindik baduela aura “alternatibo” bat, beste plataforma batzuek jasotzen dituzten kritika askotatik ihes egiteko aukera ematen diona.

Telegram gobernuekin lankidetzan hasten denean edo hirugarrenei datuak saltzen hasten denean, saihestezina izan zela esango dugu? Erauzketa-logika onartzea tresna modernoak erabiltzearen prezioa izatea onartuko dugu?

Grok ez da etorkizuna, sistema agortu baten sintoma baizik

Grok Telegram-era eramateak ez luke komunikazio digitalaren etorkizuna irudikatuko, plataforma zentralizatuen porrota baizik. Agortutako eredu bat marketin teknologikoko geruza batekin edertzeko enegarren saiakera izango litzateke. Baina historia jada ezagutzen dugu: askatasun gisa hasten dena, giltzarrapopean amaitzen du; alternatiba gisa jaiotzen dena, sarri, kopia gisa hiltzen da.

Telegram eta Grok binomioa ez litzateke berrikuntza bat izango, ohartarazpen bat baizik.

Signal ez da nahikoa: kaiola aldatzea ez da libre izatea

Deskonposizioaren aurrean, askok Signal seinalatuko dute alternatiba gisa. Eta nahiz eta egia den pribatutasun eredua askoz sendoagoa dela, bere arkitektura zentralizatua izaten jarraitzen du. Signal fundazio jakin baten borondatearen menpe dago, bere zerbitzari kodea ez da guztiz askea eta ez dio erabiltzaileari azpiegituraren gaineko benetako kontrolik eskaintzen.

Praktikan, beste kaiola bat da, nahiz eta urdinez margotuta dagoen.

Beharrezkoa dena ez da aplikazio hobea, egitura deszentralizatua duten proiektuak baizik, CEO baten edo zuzendaritza-batzorde baten apeten mende ez dagoena.

Goazen lagunok!

Hor sartzen da Matrix, Element edo FluffyChat bezalako bezeroekin sare federatuak, burujabeak eta erresilienteak sortzea ahalbidetzen duen protokoloa.

Distira gutxiago du? Segur aski. Konpromiso gehiago eskatzen du? Dudarik gabe. Baina sedukzio, kontrol eta traizio zikloa hausten duen bide bakarrenetakoa dela iruditzen zait.

Plataforma zentralizatuen egoerari aurre egiteko irtenbide koherente bakarra deszentralizazioaren alde egitea baita, alderdi guztietan: komunikazioa, azpiegitura, gobernantza eta garapen teknologikoa. Deszentralizazioa ez da soilik kontu tekniko bat, baizik eta tresna politiko bat boterea birbanatzeko eta komunitateen autonomia indartzeko. Merkantzia gisa tratatzen gaituzten sareen aurrean, komunitate eta subjektu gisa aitortuko gaituzten alternatibak eraiki behar ditugu. Guk geuk. Hack.in#badakigu elkartean oso argi geneukan: teknologia herritik, herriarekin eta herriarentzat.

Hasiko gara gure etxea eraikitzen?


Goiburuko argazkia: Jens Cederskjold, CC BY 3.0.

Iruzkinak