Ez naiz aditua turismoan. Ez dut uste gaiaz ezer originalik esan dezakedanik. Turista izan naizela bai, hori esan dezaket. Izan naiz turista lau egunez, aste batez, bi astez, bost egunez, hamar egunez, sei egunez. Epe laburreko egonaldiak egin ditut hiritan, eremu zabalagoetan eta herrixka txikiagotan ere bai, turista. Garai batean argazki kamara analogikoarekin eta orain sakelako telefonoarekin. Etzi: auskalo zer gailu eramangarrirekin. Ziurrenik egingo ditut egonaldi laburrak han eta hemen, turista gisa, hogei urte barru.
Haurtzaroaren parte bat eta nerabezaroa Donostiako Gros auzoan pasatu nituen. Auzoan askoz turista gutxiago ibiltzen ziren garaietan. Zabaldu zuten Zurriola hondartza. Eraiki zuten Kursaal. Eraiki zituzten hotel batzuk, eta gehiago iritsi daitezke epe laburrean. Ondo dago XX. mendeko Gros eta Sagues gogoratzea…
… baina etorkizunekoa gehiago interesatzen zait une honetan. Eta etorkizun horretan, Grosek turistekin bizi beharko du, nahi ala ez. Zumaiak, Gaztelugatxek, Leitzak eta Bilboko zonalde batzuek turistekin bizi beharko duten bezala. Turismoarekin elkarbizitza nolakoa izango den, hori gakoa. Eztabaidak zabala, irekia eta parte-hartzailea beharko luke izan, elkarbizitza hori nola egin nahi den pentsatu, ondo hausnartu. Gizarte eragile askok har dezake parte eztabaida horretan. Erakunde publikoek eztabaida horretan duen irekitasuna ikusiko dugu zenbaterainokoa den datozen hilabeteetan eta urteetan. Komeniko da adi egotea.
Jakina dena da datozen bi urteetan 20 hotel berri eraikiko dituztela Donostian. Lukas Barandiaran donostiar gaztea ari da turismoaren gaia lantzen artikulu batzuetan, eta Argia-ko horietako batean Airbnb enpresaren pisuen negozioa eta gentrifikazioaren mehatxua aztertu zituen. Berria-ko Iritzia ataleko eztabaida gelan, Basagaitz Guereño turismoan adituak honakoa idatzi zuen: “Turismoaren gorakada era estrategikoan kudeatu ahal izateko, inteligentzia turistikoa ezinbestekoa da. Eskuragarri dauden datuak era integratu eta sistematikoan lantzea ekarriko du inteligentzia turistikoak, turismoaren fluxuak zeintzuk diren ezagutu ahal izateko, eta masifikatuen dauden monumentu, leku edo kaleak zeintzuk diren identifikatzeko”. Espazio berean, Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak hala esan zuen: “Gure herrian bizi, lan eta disfrutatu nahi dugu, orekaz. Seguru turistek ere eskertuko dutela”. Bi ikuspegi ematen zituzten Almirallek eta Guereñok, interesgarriak, eztabaida gelan.
Donostiako Udalak, bere aldetik, maiatzaren 8an iragarri zuen plan batean ari dela lanean, turismo sostengarriaren alde egiteko. Ea. Egongo da pentsatuko duenik plan horren lanketan, hiriko gizarte mugimenduen parte-hartze handiagoa ea ezin den egin. Edonola ere, gizarteko alor ezberdinetatik ere, agian, une egokia izan daiteke honakoa Udalera jo, eta proposamenak plazaratzeko. Bartzelonak 2020. urtera arterako prestatu duen plana begiratzea ere ez litzateke soberan izango. Adierazgarria da Bartzelonako planaren infografia, 2020an begia jarrita.
Turismo masifikatuari aurre egiteko beste hirietako esperientziak aztertzea komeniko litzateke. Ez legoke soberan ezta ere ikus-entzunezko lanetan turismoaren gaia lantzea. Arte kateak, esate baterako, udaberri honetan estreinatu du Tourist Go Home! dokumentala. Bartzelona, Venezia eta Dubrovnik hirietako turismo masifikazioa aztertzen dute bertan.
https://www.youtube.com/watch?v=JGXZot_aCuU
Izenburuaren leloa, Tourist go home!, hainbat paretetan agertu da idatzita. Mallorkan, Bartzelonan eta Donostian ere bai. Ez noa pintaketak kritikatzera, uler baitezakegu pintaketaren egileak turismo masiboaren ondorioen aurkako hausnarketa plazaratu nahi duela. Edonola ere, aitortu beharko da pintaketa horiek egin dituztenek ziurrenik azkeneko hamarkadan gehiago zapaldu dutela Herrialde Katalanetako gune turistiko masifikatu jostagarria beste gune isolatu batzuk baino. Pintaketak eta protestak etorriko dira datozen urteetan, baina turistak ez dira etxean geldituko.
Etorriko dira Game of thrones Barrikako, Gaztelugatxeko, Zumaiako eta Bardeatako eszenetan ikusi dituzten turistak. Ocho apellidos vascos-eko jarraitzaileek eta hura ikusi ez zuten turista askok ere Netflixen Fe de etarras filma ikusiko dute —190 herrialdeetan estreinatuko dutela kontuan izan beharko da—. Lehenago, uztailaren 12an estreinatuko dute Mission Pays Basque filma ere —beldurra ematen du, a priori—. Ezpeletako piper bila iritsiko dira Paris aldetik makina bat. Guggenheim museoa ez da desegingo. Donostiako Zinemaldia ezta ere. Frantziatik, Kataluniatik, Madriletik turista oldeak iritsiko dira Gipuzkoako hiriburura; ulergaitza iruditzen zaidana da erreklamotzat San Sebastian region izena erabiltzea, baina hori beste kontu bat da. Egiptora eta Tunisiara joaten ziren turistak beste herrialde batzuei begira jarriko dira, eta Euskal Herria izango da aldizkarietan topatuko duten aukeretako bat. Sanferminetako gidekin. Michelin izar guztiekin, eta munduko hondartzarik ederrenetako batekin. Europako onena, munduko seigarrena, zehaztearren. Beraz, turistak ez dira haien etxera joango. Egun batzuk pasatuko dituzte Guggenheim ikusten, pintxoak jaten, Gaztelugatxeko eskailerak betetzen, euskal kostaldeko hondartzak zeharkatzen, entzierroak ikusten. Guk egun gutxitan beste herrialde bateko toki ikusgarriak arrapaladan begiratzen eta fotografiatzen ditugun moduan.
Nahiz eta profeziek esan turistak Martera joango direla 15 urteren bueltan, turistak gurera etorriko dira; aberaskumeren bat baino ez da joango, oraingoz, espazio zabalera. Horrenbestez, gaiari tentuz heltzea komeniko litzateke, gizarteko eragile guztiak eta administrazio publikoak lanean jarriz. Turista gehien iristen diren zonaldeetan bizi diren herritarrak ere aintzat hartuz. Ez gaitezen, behintzat, Veneziako muturreko egoerara iritsi. Eta ez dadin gure etorkizun ekonomiko osoa turismoak baldintzatuta egon. Mingarria egin zait irakurtzea Egiptoko Heisa uhartean gertatutakoa -turismoa desagertu egin da ia handik-. Xavier Aldekoa kazetariak Hijos del Nilo liburuan galdetzen dio Wahbi izeneko gizon bati: “Eta ez badago turistarik?”. Wahbik: “Orduan hilko gara”.
Ez gaitezen hil turista asko, gu bezalako turistak, etortzen direlako. Ez gaitezen hil ezta ere turistak desagertzen direnean.
[…] eragin handia izango duena baizik. Gaiaren inguruan etorkizun posibleez idazten saiatuko naiz, Urtzi Urkizuk udaberri aldean idatzi zuen artikulu interesgarriarekin jarraituz, baina ez da post honen helburua. Twitterren hari luzeak modan jarri dira, eta nik ere idatzi nuen […]
[…] eragin handia izango duena baizik. Gaiaren inguruan etorkizun posibleez idazten saiatuko naiz, Urtzi Urkizuk udaberri aldean idatzi zuen artikulu interesgarriarekin jarraituz, baina ez da post honen helburua. Twitterren hari luzeak modan jarri dira, eta nik ere idatzi nuen […]