Turkiar estatu kolpea Grezian

,
Juan Etxenike-ren avatar

Talde bat agertu zen, Turkiako estatu kolpearen ondorengo larunbatean, uztailak 23, Alexandropouliseko aireportuan, bertara, militar turkoz beteriko helikopteroa iritsi zela jakin bezain laster.

Haien bozeramailea militar horien atxiloketaren alde mintzatu zen ozenki: “ez dugu nahi, hona, gure herrira, traidore horiek etortzea, ezta ere, Turkia eta Greziaren arteko harreman ezin hobeak hondatzea”. BERDINTASUNA, BAKEA ETA ALKARTASUNAko alderdiko kideak ziren. Alderdi horrek ahotsa ematen dio Grezian bizi den gutxiengo turkofonoari eta aurreko euro legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen Rodopis eta Xanthis prefekturetan.

Alderdiak 32.000 bozka lortu zituen, kontutan hartuta Grezian 120.000 jatorrizko musulman bizi direla, beraz 4 musulmanetatik 1ek alderdi honi eman zion bozka. Ipar ekialdeko bi eremu horietan Greziako gutxiengo musulmana bizi da Greziako independentziaren aurretik ere.

Bertan gaur egun, musulmanak eta kristau ortodoxoak elkarrekin bizi dira. Greziako musulmanak hiru taldeetan banatzen dira, turkiar hiztunak, pomakiarrak (bulgariar jatorrizko pomakiar hiztunak) eta romá. Hala ere Greziar estatuak, duen jarrera homogeneizatzailea dela eta ez du ondo jakin gutxiengo horiek nola kudeatu. Lausana akordioek Grezia eta Turkiari hezkuntza helebiduna eta tradizioa eta erlijioarekiko errespetua eskatzen diote bi herriei haien gutxiengoekiko. Baina Grezian, mesfidantzez begiratzen diote Turkiako kontsulatuaren jarduerari izan du zonalde horretan, batez ere mezkiten kontrola eta hezkuntza auziak direla eta.

Otomanen garaian pomakiarrak eta turkofonoak “millet” berean zeuden (“millet”-a zen otoman sistemaren banaketa juridikoa, ez zen lurraldean oinarritzen erlijioan baizik). Pomakiarrak asimilatuak izan dira gutxinaka turkiar gutxiengora, turkiar-greziera hezkuntza sistema elebidunaren bidez. 1996 urte arte baimen berezia eskatu behar zitzaion poliziari pomakien herrietara joateko, bi mugen artean bizi ziren ordurarte, Grezia eta Bulgariaren artekoa alde batetik, Atenaseko gobernuak sortutakoa beste aldean, AEBetako erreserba bezalakoak ziren.

Krisia heldu arte, musulmanek Greziako alderdi politiko nagusien bidez parte hartzen zuten politikan. PASOK (sozialdemokratak) eta NEA DEMOKRATIA (zentro eskuina) alderdiek haien zerrendatan aurkeztu dituzte hainbat hautagai musulmanak, eta legegintzaldiaren hasieran musulman jatorrizko legebiltzarkideek koranaren gainean zin egiten diote konstituzioari.

Krisiak gogorki jo ditu Xanthi eta Komotini zonaldeak, 2004an langabezi tasa %18koa zen, 2009an %7ra jaitsi bazen, gaur berriz %38koa da, lantegiek bat bestearen atzetik itxi dute, kristauen eta musulmanen lantoki amankomunak desagertu diren eñean, musulmanak betidanik zeukaten lanbide prekariora itzuli dira, tabakoren nekazaritza. Bitartean Turkiako kontsulatua oso aktiboa izan da mezkiten jardueretan, eta etxe bizitza gehienetan antena parabolikoei ezker Turkiako telebista kanalak ikusten dira, nahiz eta irrati telebista publikoak turkierazko edukiak eskaintzen dituen.

Turkian izandako estatu kolpe saiakerak eta horren ondorioz sortu den errepresioa Turkiako mugetatik atera da, Txiprearen iparraldean atxiloketak izan dira, eta Alemanian turkiar jatorrizko etorkinek Gullen klerigoaren jarraitzaileen aurkako erasoak burutu dituzte. Grezian Alexandrupoliseko elkarrateatzeaz gain ez da momentuz gauza asko mugitu baina argi dago Xanthi eta Mendebaldeko traziako kafetegietan gai hau denen ahotan dagoela.

Iruzkinak