Etxeko liburutegia kontzientziari dei egiten dion objektu bilakatu da. Makina bat liburu pilaturik dauzkat, ia denak behin baino gehiagotan irakurri edo gutxienez, bistarazi ditudanak. Nobela, entsegua, poesia, komikia… denetarik dago, ez nahi nukeen bezain ongi txukunduta, baina. Urteetan, nire bizitzako altxorrik preziatuena izan da liburutegia, toki, garai eta aldartearen arabera hazten joan baita, nirekin batera. Azken bolada luzean, alta, ez da ale berririk sartu, edo oso gutxi. Gero eta gehiago, etxeko liburutegiko apaletara iritsiko ez diren liburuetan murgilduta ematen dut denbora.
Hori, berez, ez da txarra. Hori berez, naturala dela erantzuten diet irakurzaletasun-ohiturez galdetzen didaten adiskideei. “Liburuak horrenbeste maite dituzularik, nola pasa zara gailu elektronikoetara?”. Horixe esaten didatenean, teknologiak eskaintzen dizkidan aukera zoragarriez hitz egiten diet, askotariko abantailak aipatzen ditut eta ez zait horren gaizki irteten, bat baino gehiago paperetik bitetara mugitzea lortu baitut.
Edonola ere, egiaren erdia baino ez diet kontatzen, egi gupidatsua, nahi bada.
Bere itzal eta argi guztiekin, teknologia berri bat agertzen denean ordura arteko oreka mugitu egiten da beti: zerbait irabazten dugu, beste zerbait galtzeko eskuarki. Irabazi eta galeren arteko oreka ez beti begien bistakoa, ez baita hautu kontzientea izaten, gure eskuetatik ihes egiten duten interesek eragindakoa baizik.
Nik ez nuen erabaki etxeko binilozko diskoak txarrak zirenik, eta gustura asko entzuten banituen ere, musikagintzako industriak kostuak gutxitzea erabaki zuen unean, disko konpaktuak erosten hasi nintzen; derrigorrez, hartara lerratu baitziren berehala nire gustuko musikariak. Nik atsegin nuen disko zaharren karraskadura hura, baina industriak beste teknologia baten alde egin zuen, harentzat mesedegarriagoa zelako. Eta bai, egia da: askoz erosoagoa da euskarri berria, modernoagoa, eramangarriagoa, eta kalitate (ustez) handiagokoa.
Egia da hori, baina ez egi osoa; egi gupidatsua, nahi bada.
Irabazi eta galdu egiten da teknologia-ordezkapena gertatzen denean, osorik edo zatika aurrez ezagutu duguna desagertzen hasten baita. Etxean ez dago binilorik, ezta musika-platetarik ere ez. Gero eta disko gutxiago geratzen zaizkit, entzun nahi dudan musika askotariko plataforma digitaletan aurkitzen baitut, etxean eduki beharrik gabe. Espazioa irabazi egin dut, eta erosotasuna… baina noizean behin, karraskadura horiek entzun nahiko nituzkeen, besterik ez bada ere, noizbait musika inperfektua existitu zela gogoratzeko.
Beste horrenbeste gertatzen zait liburuekin. Liburutegia ez da aleen biltoki hutsa, bizipenek osaturiko puzzle konplexu eta maiz kaotikoa baizik: nire bizitzaren isla da. Teknologia berriek askoz errazago egin dute ezagutza eskuratzea, denetarik aukeratu ahal izatea, eroso eta merke (erosoago edo merkeago gutxienez). Etxeko liburutegia, ordea, desagertzera doa eta eztzait batere erraza gertatuko behin baino gehiagotan begiratu nituzkeen ale horiek aurkitzea, eskuetan hartzea, laztantzea, gogoratzea, gozatzea.
Bihar ez bada etzi, teknologia berriek ahanzturara kondenatuko dute ezagutzaren parte hori, edukien kontsulta hutsetik harago doan kontsumoaren beste alderdi hori. Irabaziak asko eta askotarikoak dira, eta baita galerak ere. Non geratuko da neure memoria? Non gordeko ditut argazkiak paperezkorik jadanik egiten ez dudan garai honetan? Nola sailkatzen dira garai digital honetan irautea merezi duten gauzek, oroitzapen edo bizipenek?
Erantzuna bilatzen jarraitu behar dut. Bitartean, erabat galdu ez ditudanen artean bila ari naiz, ohi bezala, etxeko liburutegian. Bertan aurkitu dut Susa aldizkariaren 1986. urteko azaroko alea; “Future, no future” dio eskuen igurtziaz koloreak galdu dituen azalak. Hauxe duela 30 urteko aldizkari horretako editorialaren pasarte esanguratsua: “Ez dago itzultzerik, ez eta ere gelditzerik etorkizunaz nahiz etorkizun-ezaz eztabaidatzen oraina alferrik galtzen. Helburua lortu arte ihesaren tentazioa uxatzeko itsasontziak erre zituen Hernan Cortes baten moduan gabiltza, Itakarako bidaian Ulises adina biziko garenaren esperantzan eta Lope de Agirreren moduan akabatuko ez garelakoan”.
Ez dut formatu digitalean topatu. Papera baino ez zait geratzen. Azal higatuan, azpian, horixe dio: “250 pezeta / 13 libera”