Inteligentzia zerbitzuak eskainiko lituzkeen bulegoaz ari gara behin eta berriro, jira eta buelta, gaia kokatu eta gure buruei galdezka: batetik, eskainiko diren produktuek erabakiak bideratzen eta hartzen lagunduko dutela (enpresei, instituzio publikoei, elkarteei, … eta burujabe izan nahi duen herri orori); bestetik, “inteligentzia zikloa” deritzon sistema erabiliko duela (lortu beharreko informazioaren planifikazioa, jasoketa, trataera eta zabalpena gauzatzeko).
Baina nork egingo du lan hori?
Behin inteligentziaren tresna ezagutu eta bere gaitasun eta potentzialitate guztia sumatu ondoren, zein forma izango du hori lehertaraziko duen bitartekoak? Fundazio bat izango ote da? Agentzia bat? Institutua? Bulegoa?
Zaila da gaurdanik erronka honen motore zein edo nor izango den zehaztea. Elementu dexente aztertu beharko liratezke eta ondoren erabaki egokiak hartu. Ala ere, talde teknikoaren osaketa zirriborro bat egitera ausartu gaitezke. Nahiz eta errealitatera bilakatzerakoan zenbait kontu aldatu, esentzian perfil tekniko hauek beharko genituzkeela azpimarra dezakegu.
Jakintza gestore edo dokumentatzaileak (informazioaren bilaketa)
“Inteligentzia zikloa” deritzon sistema honen oinarria informazioa da eta beraz informazioa bilatzea izango da lehen lana. Horretarako elkarrizketen bitartez, dokumentu irekitatik eta aukera dagoen kanal ezberdinen bidez beharrezko dugun informazio hori bilatu eta lantokira ekarriko duten profesionaletaz ari gara.
Analista Pilatzaileak (datu baseetan adituak diren adituak)
Mugituko dugun informazio guztia ongi eta sistema propio baten arabera antolatzeaz arduratuko diren profesionalak beharrezkoak izango dira. Inteligentzia sortzerako garaian erabili nahiko dugun informazioa bilatzeko toki eta modu erraz batean egon behar da eskuragarri, horrela lana erraztu eta emaitzak hobeak izan daitezen.
Gai espezifikoetako Analista adituak (ekonomia, soziologia,…)
Sistema osoaren puntu garrantzitsuena izango da. Aditu hauek informazio hutsa zena jakintza bilakatuko dute eta ondoren jakintza hori inteligentzia. Horretarako ezinbestekoa izango da landu nahi den gai bakoitzeko aditu izango diren Analista profesionalak izatea.
Zabalpen adituak
Inteligentzia produktua osatu ondoren norbaiti igorri beharko zaio, bezeroren bati , aliaturen bati (zein difusio lana eginez) jendarte zabalari. Fasearen azken pausu honek berebiziko garrantzia izango du, beronek aurkezten baitu egindako lan guztiaren emaitza eta hauexe izango baita etorkizunean berriro gugana jotzeko aurkezpen orria. Eremu horretako profesionalak ezinbestekoak izango dira.
Zuzendaritza
Lan talde guztietan bezala honetan ere gidaritza eta koordinazioa oso garrantzitsua izango da. Batetik, aurretik aipatu bezala, inteligentzia zikloaren faseen diseinua egin eta horri jarraipena egiteko; baina bestetik perfil profesional ezberdinetako taldea bide onean eraman eta norabidea marrazteko.
Horra hor elkartu beharko genukeen taldea, jakintza arlo ezberdinetakoa eta kolektiboan lan egiten jakitea ezinbestekoa duena.
Etorkizuneko talde hau antolatzeko ez ginateke hutsetik hasi beharko noski, jada Euskal Herrian pertsona kualifikatu asko baitira. Ala ere formakuntza espezifikoa beharko genuke inteligentziaren sorkuntzan eta berau aurrera eramateko talde dinamikan.
Has gaitezen pixkanaka gaiaren inguruan formatzen, eman ditzagun xumeak izanik ere pausu sendoak eta…
… lor dezagun gaurko ametsa etzi errealitate izan dadin.
Hedoi Etxarte liked this on Facebook.
Beñat Irasuegi Ibarra liked this on Facebook.
Talaios Kooperatiba liked this on Facebook.
Nagore Vega liked this on Facebook.