Azken hamarkadan, gure bizitza digitalaren giltzak Silicon Valleyko eraikin gutxi batzuen esku utzi ditugu, baina prozesua itsasgora bezain sotila izan da. Plataforma hauek gure egunerokoan infiltratu ziren doako konektibitatea, tresna “magikoak” eta mugarik gabeko herrixka global baten ilusioa aginduz. Genituenik ere ez genekien arazoei irtenbidea emanez sartu ziren gure bizitzetan: berehalako balidazioaren beharra, guztia kontu bakar batean edukitzearen erosotasuna eta edukiz osatutako horma amaigabe baten plazera. Hala ere, gure kontaktu-sare osoa eta gure nortasun pertsonala haien mende egotea lortu zutenean, aditu askok sarearen “kakaztea” deitzen dioten hori hasi zen.
Ziklo degradatzailea da: lehenik, plataformak onak dira erabiltzaileekin haiek erakartzeko; ondoren, erabiltzaileez abusatzen dute euren bazkide komertzialei mesede egiteko; eta, azkenik, denen gainetik pasatzen dira, akziodunentzat gehieneko balioa erauzteko.
Emaitza, ekosistema digitala baino, etsaia da. Publizitatez betea, gure arreta bereganatzeko hika-mika lehenesten duten algoritmoez hornitua eta gure informazio propioa bahitzen duten ordainketa-hormez josia. Askapenerako tresna gisa hasi zena, hesi bidez itxitako lorategi pribatuen segida bat bihurtu da; horietan, erabiltzailea ez da bezeroa, zukututako produktua baizik. Panorama honen aurrean, software librearen eta arkitektura deszentralizatuen defentsa lehentasun politiko eta demokratiko bat da.
Lapurtu ziguten internet hori berreskuratzeko.
Berehalako mezularitzaren erronka
Aldaketa honen tamainaz jabetzeko, ez da beharrezkoa kriptografian aditua izatea; nahikoa da gure seme-alaben argazkiei, bikotekideari bidaltzen dizkiogun audioei, medikuarekin partekatzen ditugun dokumentuei edo aktibismo politikoari buruzko mezuei begiratzea. Egungo ereduan, familiako argazki bat bidaltzen duzun bakoitzean, kopia bat ematen diozu korporazio bati, eta hark biltegi erraldoi batean gordetzen du, milioika pertsonaren argazkien kopiekin batera. Biltegi horrek lapurreta bat jasaten badu, edo biltegiaren jabeak erabakitzen badu ez zarela jada bere gogokoa, zure oroitzapenak eta pribatutasuna agerian edo blokeatuta geratuko dira betiko.
Kontrola izateak esan nahi du zure datuak zure etxean daudela, zure gailu edo zerbitzarietan, eta ez ukitu ezin dituzun beste horien hodeian “gordeta”. Imajinatu lagun-taldearen txata zure etxeko egongelako elkarrizketa bat bezalakoa balitz: hormak zeureak dira eta gonbidatu gabeko inor ezin da sartu hitz egiten duzuena entzutera.
Sare deszentralizatuetan komunikazioa zuzenean gertatzen da zure eta beste pertsonaren artean. Mezua zure eskutik berera doa, zentralita baten gorde beharrik gabe; zentralita horrek ez du gordetzen zer ordutan hitz egin duzun, nongo kokapenetik egin duzun edo zer hitz erabili dituzun, ondoren bidaia baten iragarkia sartzeko.

Ikuspegi honek pribatutasuna eta zifraketa arau bihurtzen ditu, eta ez salbuespen.
Gaur egun, “muturretik muturrera zifratzea” plataforma gorenaren opari eskuzabal bat balitz bezala saltzen digute, baina haiek kanalaren eta metadatuen jabe izaten jarraitzen duten bitartean, ateak haiek kontrolatzen duten sarraila izaten jarraitzen du.
Benetako sistema deszentralizatu batean, zifraketa hormak eraikitzeko materiala bera da; ez da aktibatzen den aukera bat, mezuaren existentziarako modu ezinbestekoa baizik.
Bilatu behar duguna da amona bat bere bilobarekin lotzen duen haria ez egotea Kaliforniako enpresa baten mende. Komunikazioa leiho batetik hitz egitea bezain naturala eta librea izatea nahi dugu: bitartekaririk gabe, erregistro komertzialik gabe eta baimenik gabe. Enpresa baten isiltasunak edo ozeanoaz haraindiko zerbitzari baten erorketak ezin dezala “asko gutsut” bat isildu.

Egunaren amaieran, helburua da zurea dena (zure ahotsa, zure argazkiak, zure desirak) zeure-zeurea izatea berriro.
Autonomia teknologikoaren esnatzea
Mugarri historiko batean gaude: jokoan dagoena ez da gure intimitate indibiduala soilik, gure bizikidetzaren arkitektura bera baizik. Doako plataformen erosotasunak prezio suntsitzailea izan du; gure osasun mental kolektiboa (eta pertsonala) azido baten gisa jan du, komunitate-loturak ahulduz. “Konektatuta” egotea eta batuta egotea gauza bera direla sinetsarazi digute, baina, egiazki, konfrontaziorako eta kontsumorako diseinatutako burbuila algoritmikoetan giltzarazi gaituzte.
Kontrola berreskuratzea ez da kapritxo bat.
Prozesu honi buelta emateko teknologia badago eta inoiz baino helduago dago, baina hori erabiltzeko komunikazioa demokraziaren azpiegitura kritikoa dela ulertu behar da. Enpresa pribatu bakar bat plaza publiko guztien jabe izatea edo arnasten dugun aire guztiaren jabe izatea onartuko ez genukeen bezala, ezin dugu onartu elkarrizketa soziala zerbitzari opakoen mende egotea. Protokolo irekiak eta tresna deszentralizatuak hartzea burujabetza digital kolektiborako (eta pertsonalerako) urratsa da. Komunikazio-azpiegitura guztion onura gisa aitortu behar da, uraren edo argindarraren antzera: guztion ongizaterako kudeatu beharreko baliabidea, eta ez akziodun gutxi batzuen etekinak handitzeko.
Ikuspuntu politiko batetik, zentralizazioa kolonialismo digitala da. Auzo batek, elkarte batek edo sindikatu batek bere borrokak plataforma pribatiboen bidez antolatzen dituenean, bere adimen kolektiboa eta plan estrategikoak desartikulatu nahi dituzten botereen esku uzten ari da.
Erresilientzia politikoa independentziatik jaiotzen da.
Gure antolatzeko gaitasuna milaka kilometrotara dagoen bulego bateko botoi bat sakatze hutsarekin desaktibatu badaiteke, gure askatasuna ilusio bat besterik ez da. Ondorioz, politika egiten ari gara bidalitako mezu bakoitzarekin.
Delta Chat: helmuga politizatu

Eboluzio honen ondorio logikoak izen propio bat du: Delta Chat.
Delta Chat-ek dagoeneko funtzionatzen duenaren sinpletasunaren alde egiten du. Bere ekarpena ez da gurpila berriro asmatzea, planetan dagoen komunikazio-azpiegitura handiena erabiltzea baizik.
Delta Chat-ek erakusten du etorkizunak ez dituela protokolo astunak behar, irisgarritasun erreala baizik. Irtenbidea hain da erraza, iraultzailea gertatzen dela: erabiltzeko, ez duzu zure telefono-zenbakia eman behar, ez duzu enpresa espezifiko bati lotutako identitaterik sortu behar, eta ez zaude zerbitzu zentralizatu bat martxan egotearen edo bihar ateak ez ixtearen mende.
Funtsean, komunikazioa da, derrigorrezko bitartekaririk gabea.
Baina bere benetako potentziala komunitateak berak kudeatutako zerbitzarietan dago. Estandar irekietan oinarritzen denez, Delta Chat-ek aukera ematen die auzo-taldeei, aktibista teknologikoei edo elkarteei beraien konfiantzazko nodoak erabil ditzaten. Horrek burujabetzaren zirkulua ixten du.
Horrela, “erabiltzaile” pasiboaren figura desagertu egiten da, eta “lagunari” bidea ematen zaio.
Erresistentzia digitalerako tresna da, erabiltzen hasteko duen erraztasunagatik: internet dagoen edonon funtzionatzen du, baldintzarik gabe, ordainsaririk gabe eta erregistro-prozesu inbaditzailerik gabe.
Baina ikuspegi hori gauzatu dadin, ez da nahikoa kontsumitzaile izatea; haren zaindari bihurtu behar dugu.
Nahitaezkoa da komunitateak antolatzea, “babesleku digital” gisa funtzionatuko duten azpiegitura propioak hedatzeko eta mantentzeko. Horrek esan nahi du tokiko zerbitzarien sorrera sustatu behar dela konfiantzazko kolektiboek kudeatuak, non lehentasuna ez den datuen monetizazioa, pertsona baizik. Nodo horiek kolektiboki finantzatzea eta operatzea da gure komunikazio-tresnak enpresa handi batentzat errentagarriak izateari uzten diotenean desagertuko ez direla bermatzeko modu bakarra, kontrol teknikoa sarea benetan bizitzen dugunon eskuetara itzuliz.
Kudeaketa komunitario hau gure gain hartzea, azken finean, ardura demokratiko ariketa bat da.
Goiburuko argazkia: Kim Hansen, CC BY-SA 4.0.
Whatsapp infografia: Delta Chat Mastodon.
Asko gutsut: Bermiotar anonimue 🙂
Espainiako Vuelta-ko argazkia: Berria.


