Ekonomia Partekatua

,
Gorka Julio-ren avatar

Ekonomia Partekatua trantsizio eredu bezala kontsidera daitekeen proposamena da. Sektore publiko eta komunitarioen artean, bakoitzaren esparrua babestuz eta ez ordezkatuz, kontzertazio publiko-pribatuari aurre egingo dion aliantza estrategikoa.

Horretarako, ekonomiaren ardura partekatua behar du izan, ahalduntzean oinarrituta, ekonomiari buruz ezagutza edo intuizioa izatea behar beharrezkoa bihurtzen da horrela. Orain arte, ekonomia ulertu ezin den eremu konplexu bat bezala aurkezteak aldiz, gure esparruetatik kanpo dagoenaren sentsazioa izatera eramaten gaituen bezala, ekonomiaren jabe eginez, ardurak eta eskubideak partekatuz gero, gure eskuetan hartu dezakegu etorkizuna, baita ekonomikoa ere.

Eredu honek bi erreietan, publikoan eta komunitarioan ibiltzeko aukera ematen digu, bi horietan jokatuz instituzioetan boterea eskuratu gabe ere aurrerapenak egin ahal izatea, edota irudimena erabiliz atzeraezinak diren erabakiak hartzeko aukera gehiago edukitzea posible egiten du. Honek ez du esan nahi botere instituzionalari uko egiten zaionik, gutxiago oraindik, honen izaera publikoa baztertzen denik. Aukerak biderkatzeko estrategia honen helburua, beste era batera ezinezkoa liratekeen erabaki posible egitea da.

Bi eremuak sinkronizatzen diren momentuan aldiz, programa osoa inplementatzeko aukera emango luke estrategiak. Aldi berean, ekonomia komunitarioko sektore batzuetan botere instituzionalarekin harremantzeko beldurra uxatu beharko luke, behintzat plazaratu . Botere instituzionala, bi errailetako bat bezala ulertuta, ezinbesteko ere bihurtzen du botere politikoa ere bilatzea, helburuak osotasunean lortu ahal izateko.

Bi arloen arteko aliantza bat denez, eremu publikoaz gain, ekonomia komunitario horren izaera zein izan behar duen eta nola egituratu behar den proposatzera ere iritsi beharko luke ereduak. Eremu publikoan eredu ezberdinak nahiko zehaztuta dauden bitartean, ekonomia komunitarioaren esparru horretan kokatzen diren agenteak eta esperientziak oso anitzak dira. Ereduaren aniztasuna saretzeaz gain, eremu horretan eredu erreferenterik sustatu beharko balitz, eredu hori dudarik gabe Ekonomia Sozial Eraldatzailea litzateke.

Ekonomia mota honek frogatu du edozein sektore eta arlotan eragiteko gaitasuna. Orain arteko kapital-lana arteko talka, kapital-bizitza bezala ulertzen badugu, ereduak zehazki horri erantzuten dio; pertsonen bizitza eta beren beharrak erdigunean jarriz. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak gure bizitzarekin egiten duen bezala, gure helburua litzateke beraz beste ekonomia eredu justuagoa barne duen eredu berri hau erdira ekartzea. Ekonomia Partekatuaren aliantza estrategiko honetan posible denean, baina baita aldebakartasunean egin beharko balitz ere.

Arlo honetan egiten diren aurrerapausoak ez dira soilik ekonomiaren esparruan gelditzen, estatugintza eta prozesu independentista baterako sostengu eremuak ere izan daitezke; nahiko ez badira ere, inoiz ez alferrikako lana. Frogatua dago, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko ereduak zentralitate osoa eskuratu gabe ere, ekonomiaren parte garrantzitsu bat hartuz gero, beste ekonomia eredua ere kutsatzeko gai dela.

Ekonomia Partekatuaren eskeman funtzionatzen ari bagara, horren kanpo gelditzen direnentzat estrategia ezberdin bat ere proposatzeko beharra dago. Estrategia ezberdina bat bai, baina hau ere ESEren parametroetara ekarriz eta ahal den guztietan komunerako ekarpenak bilatuz egin behar da: Horrela enpresetako lan baldintzak salatu, erreprodukzioaren gaia eztabaidetan txertatu, prekaritatearen aurkako borrokak hauspotu, oinarrizko errenta eskuratzeko aldarrikapena hedatu, parte hartze ereduen eztabaida mahai gainean jarri, produkzio baliabideen jabetzaren aldarrikapen erradikalak formulatu eta batzuetan enpresen eredu eraldaketak proposatzeko bideak pentsatu.

Herri honek badu indarra honetarako, aurreko esperientzia askok erakutsi diguten bezala. Karta Sozialaren hausnarketa partekatutik, Alternatiben Herria ekimen partekatura bildu zirenak bide polita ireki zuten, baina askoz gehiago dira oraindik ideia honekin bat egin dezaketenak, bil gaitezen!

Irudia: Barco Euskalduna – hansbrinker (cc-by-sa)