Idiotak

Gorka Julio-ren avatar

Egun gutxi falta dira Trumpek Kaliforniako sugarren artean kargua hartzeko. Kargua hartu baino lehen, Silicon Valleyko idiotek ere posizioak hartu dituzte. Mugimendu esanguratsuenak Metako buruak, Mark Zuckerbergek, eta X-ko Elon Muskek egin dituzte.

«Idiota hitza grezierazko ιδιωης-etik dator, gai publikoez arduratu ez eta bere interes pribatuez soilik arduratzen zenari erreferentzia egiteko erabiltzen zen.»

X-ekin gertatu bezala, orain Metako produktuetan ere edukien kontrola gehiegizkoa dela iritzita, kontrol gehienak kenduko dituela adierazi du Zuckerbergek. Benetan, fake news delakoen eta gezurren hedapena ahalbidetzera doala esan nahi du horrek. Adierazpen-askatasunaren izenean, beren interesen alde eta zapalduen kontra doan zaborra hedatzeko makina bihurtu nahi dituzte Interneteko sare sozialak. Enpresetan energia maskulino gehiago beharrezkoa dela ere esan du idiotak.

Elon Musk idiota handiak pauso bat gehiago ere eman du. Sareetan ez ezik, arlo politikoan ere eragin nahi du modu zuzenago batean. Aukeratua izan ez bada ere, Trumpen administrazioan paper garrantzitsu bat izango du eta Europako ultraeskuinari bere babesa adierazi dio. Helburu argia dauka, bere azpiegiturak Europako zenbait estatutan kokatzea, hauen kontrola eskuratzeko. Estatuek azpiegitura kritikoen gaineko kontrola gutxi zutela bazirudien, orain gutxiago izango dute. Burujabetza teknologikoari beste eraso bat den honetan, albiste ontzat saldu nahi duenik aurkituz gero, jakin ezazu seguruenik beste idiota baten aurrean zaudela.

Trump idiota bat da, arreta jaso nahi duen inutil bat dirudien arren. Botatzen dituen barbaridadeek —Kanada AEBetako estatu bihurtzea, Groenlandia bereganatzea, Panamako kanala kontrolpean hartzea…— marko bat eraikitzen dute, eta denak berari begira jartzen gara. Esaten dituen gauza horiek ez ditu egingo, baina aurreikusi ezin denaren zalantza sortzen du. Esandako guztiaren gainean pausorik emango balu, txikiagoak izango liratekeenez, onarpen errazagoa lortuko luke horrela.

X-en eta orain Metaren mugimenduek gizartean eta politikan ultraeskuinak eragiteko gaitasuna areagotuko dute. Neoliberalismoaren amaiera bada, autoritarismo teknokratiko eta ultraeskuin berrien arteko aliantza batek kapitalismoaren mutazio berri baten promesa dirudi. McKenzie Warkek, Capital is Dead: Is This Something Worse? liburuan, klase berri baten jaiotza aipatzen zuen: informazioaren eta datuen kontrolaren bidez gobernatuko lukeen “klase bektorialista” berria.

Arreta bereganatuz estrategia partekatu bat duten pertsonaia hauek elkarlanean ari dira, bakoitza beren interesei begira ari badira ere. Ez dute sareen kontrola eskuratu nahi soilik; beren eragina eta kontrola ahalik eta esparru gehienetara hedatzea da beraien benetako helburua. Ezin dute onartu Venezuela bezalako estatu baten existentzia, eta, horregatik, erasotzen saiatuko dira. Gutxiago Txina bezalako erraldoi batek hegemonia lehiatzea, helburu hau zailagoa izango duten arren.

Gure garunak ere aldatzen ari dira? Oxfordeko 2024ko hitza brainrot izendatu dute, honela definituz: «Pertsona baten egoera mentalaren edo intelektualaren ustezko okertzea, bereziki Internet bidez ikusitako materialaren gehiegizko kontsumoaren ondorioz». Hau benetan gertatzen ari bada, gure sozializazioaren aldaketa geldiezina dela onartu beharko dugu.

Sozializazio sintetiko baterako prestatzen ari gaituzte? Marta G. Francok aipatzen dituen hiru lapurreten ondorioz, Internet apurtu bat dugu, baina ez da edozein zentzutan apurtu. AAn oinarritutako aplikazio-laguntzaileak publiko handiak hain azkar seduzitu izanaren arrazoia da gure harreman gehienak jada telefono bidez soilik gertatzen direla.

Sare sozial toxiko hauetan jendeak beren pultsio batzuk askatzeko bidea topatzen du oraindik, baina ez dute harremanen eraikuntzan gehiegi laguntzen. Jariotasun horrek erabiltzaileei zerbait ematen diela argi dago eta horregatik erabiltzen ditugu, baina elkarrekintza eskasa da eta kakaztea gero eta handiagoa. Ultraeskuinak izan duen arrakastaren parte handi bat sare sozial hauetako publiko-gatibuan dago. Bertan egon nahi ez duen jendea ere bertan mantentzea alegia, horietako batzuek ultraeskuinaren mezua bereganatzen dutelako nahigabe ere.

Sareak berreskuratu eta berrasmatu beharko ditugu horretarako. Orain ez dira Interneteko sare sozialak bakarrik izango, baina hortik has gaitezke. Alde batetik, ideia berriak sortuko dituzten pertsonak behar ditugu, baina baita elkar-sorkuntzaren bidez ideia horiek garatuko dituzten komunitateak ere. Komunitate eta norbanako horien artean sortutako sareek eta elkarrekintzek ideiak sozializatuko dituzte, eta azkenik, sinkronizazio-mekanismo konplexuen bidez, meta-komunitate zabalagoak eraikitzeko.

Hau guztia posible egiteko, norbanako konprometitu eta sortzaileak behar ditugu, ez kontsumitzaile hutsak. Elkarlana sustatzeko komunitateak behar dira, eta espazio horiek usteldu gabe egon daitezen diseinatu behar dira. Hau dena, mugimendu efektibo eta antolatua izan dadin, hori den sinkronizatzen lagunduko duten prozesu sozialak gauzatuko dituzten pertsonak eta mekanismoak ere beharko ditugu. Zehatzago, borroken aliantzak, federazioak, konfederazioak… beharko ditugu. Greba mota hauek eta beste hauek ere beharko ditugu bidean eta guzti horietan teknologiak paper garrantzitsu bat bete dezake.

Oso abstraktua dirudi, baina has gaitezke Interneteko sare sozialekin horietatik ateratzen. Horretarako estrategia desberdinak egon daitezke: RAP neurri pragmatikoetatik hasi, Goazenlagunok.eus ekimenaren antzekoak antolatzetik pasa edo sabotaiekin amaitzeraino.

Interneteko sare sozialen gaia halere txiki geratzen da datorkigun erronkarako. Presentzialera jauzi bat eman behar dugu: digitala bakarrik dena lurraldetu. Sortuko ditugun harremanak eta komunitateak gorpuztu beharko ditugu. Oker ez banago, software eta protokolo libreen gisara, espazio komunalak eraikitzea eta defendatzea tokatuko zaigu.

Marxek eta Engelsek “solidoa den guztia, airean desagertzen da” zioten. Garai hauetan ausartuko nintzateke esatera informazioan bihurtzen dela. Hori da ulertu behar duguna, informazio eta datu horiek duten garrantzia. Datu, informazio eta elkarrekintza guzti horien formak aldarazten gaitu eta beraz oso materiala da. Akaso hori da kapitalismoa etengabe mutatzen jarraitzeko urgentziaz aztertzeko gakoetako bat (jabetza da beste bat, baina hau beste egun baterako).

Iruzkinak