Bilbon Deforme semanal ideal total eta Donostian La Ruina podcastek areto erraldoiak bete dituzte asteburuan. Podcastak online esperientzia huts izatetik fenomeno sozial izatera igaro dira aspaldian. Fenomenoari erreparatzea garrantzitsua da, kulturkideak lortzeko bide bat izan daitekeelako.
Euskal kulturak hartzaileak, kontsumitzaileak, zaleak behar ditu. Deitzeko modua garrantzitsua da, baina ulertzeko eran: euskarazko kultura eskatuko, bilatuko, jasoko eta gozatuko duten pertsonak behar ditugu.
Podcastak tradizioa du gurean, eta gaur ez da sormenik falta: hedabideei lotutako produkzioak, produkzio independenteak, podcastentzako produktora espezializatuak… eta orain, EITBk ere Guau plataforma jarri du martxan. Sormena badago, hedabideen konplizitatea ere bai hauen zabalkunderako, baina oraindik urrun gaude eszena fenomeno sozial bihurtzetik.
Pertsonen desira-fluxuak ulertu eta haietan eragin behar dugu. Batzuetan, desira horiei erantzunez, baina askotan desira berriak proposatuz eta hedatuz. Zaleak sortuko dituen kultur sistema erreproduktibo bat behar dugu. Kulturgileak baditugu; kulturzaleak, kulturkide bihurtzeko beharra dugu orain.
Bide horretan, grabazio publikoak eta ekitaldi kolektiboak antolatzen hastea? Norbaitek gogorik badu, konta dezala nirekin.
Irudiaren iturria: https://www.flickr.com/photos/donostiakultura/17171823556