Mixel Etxegorria, aka Mitxel euskalduna
Euskal iruditerian, euskal herritarren kulturan, piratek pisu handia dute. Bizitza alaia eta askearekin lotzen ditugu, itsas zabalean kantore.
Halere, ez zaigu iduritzen Historiari ospe handiko piratarik eman diogunik. Kortsarioak bai, ugari. Baina irudiko luke biak, pirata eta kortsarioa, usu nahastu egiten ditugula. Kortsarioak beste ontziak erasotzeko legez daude baimenduta. Guda garaian edo gerra komertzialean txertatzen dira. Piratak, berriz, ez du baimenik eskatu, ez du beste batentzat lan egiten. Testuinguru historiko batean kokatzen da pirateria, batez ere Atlantikoan XVIII. mendean zehar ematen dena.
Beraz, irudimena eta kultura popularra dira gure piratak ezaugarritu dituenak.
Erreala eta fikzioa, biak ala biak, Mixel Etxegorriarengan batzen direla uste dugu.
Etxegorria lapurtarraren ezizena Euskalduna zen: the basque, le basque, el vasco. Beraz, euskal eremutik kanpo aritzen zela adierazten du horrek, euskaldunen artean euskalduna izatea ez baita ezaugarri bereizgarria.
Mixel euskaldunaren abenturak Emilio Salgarik fikzionatu zituen, Il corsari nero liburuan (1898), 1982ko euskal bertsioa dugu Jone Forkadaren eskutik, Elkar etxeko “itzul saila” miresgarri horretan (edizio honek marrazki liluragarriak ditu, G G B bezala kreditatua; interesgarria litzateke horren argitzea). Abentura saga honetan Mixel ez da euskaldun bakarra. Carmaux bera ere euskaldun gisa ezaugarritzen du Salgarik. Halere, aurrerago Salgarik ematen dituen xehetasunengatik, hura gaskoia zela esango genuke.
Ventimiglia jaunak, aka Kortsario Beltzak, eta bere lagunek Marakaiboko erasoan hartzen dute parte, Olondarra eta Migel euskaldunarekin batera, besteak beste.
Salgarik baino lehen, 1849an Emmanuel Gonzales-ek beste nobela bateko protagonista bihurtu zuen Mixel euskalduna,The Pearl Fisher of Santo Domingo: a tale of the buccaniers liburuaren pertsonaietakoa baita.
Izan ere, Mixel historikoa bukaneroa genuen, hau da, haragia keztatzen zuen Santo Domingon, gerora ontzietan hura saltzeko. Ogibide hori alboratuta, Marakaibokoetan ez ezik (bat baino gehiago izan ziren), Gibraltarren aurkako eraso aldian ere hartu zuen parte, esaterako, bai eta Olondarrarekin batera hartu ere. Espainolek gogor jazarri zuten, baina ez zuten atxiki.
Hau dena, baina, XVII. mendean zehar izan zen, pirateriaren urrezko aroa baino lehen. Berez, Migel ere ez zen pirata berdinzalea, agintekeriak gaizki tratuagatik matxinatu zen horietakoa.
Baina kultura herrikoiaren bestelako adierazpenetan ere topatzen ahal dugu Mixel euskalduna. Marvel-en komikietan, 1990. urteko Doctor Strange-ren abentura batean, hain zuzen ere. Zeinek eta Roy Thomas-ek sinatua.

Azkenik, sarean agertzen den Etxegorriaren beste irudi oso zabaldua, Salgariren liburuak baino zaharragoa da, eta Gonzalesen liburuaren garaikidea: 1851ean Allen & Ginter tabako fabrikak egindako promoarena, kromo bildumagarri sorta batean. Litografia George S. Harris and Sons konpainiak egina da, eta Wikimedia Commonsen dago Domeinu Publikoan.
