Asteburu honetan Wikimedia Netherlandsek antolatutako Europa Ipar-Mendebaldeko Hackatoian egon naiz, Arnhemen. Hackatoiak erronka teknikoak konpondu eta pentsatzeko jardunaldiak dira, kasu honetan Wikimediari lotuta. Izena ere kolokan du, batzuek uste dut hacker izenak atzera bota dezakeela, eta saltseatu, konpondu, innovathoi eta horrelako hitzekin ari dira… edonola, hori ez da post honen helburua, vibecoding delakoaren inguruan pixka bat hausnartzea baizik. Bertan egindakoaren inguruko blog sarrera idatzi dut Euskarazko Wikilarien blogean, eta ez ditut hemen horiek errepikatuko.
Bi helbururekin abiatu nintzen Arnhemera: frantsesezko Wikipedian zeuden Frantziako udalerri guztien datu demografikoak jaitsi, moldatu eta guztientzat eskuragarri egoteko Wikimedia Commonsera igotzea, batetik; grafiko interaktiboen softwarearekin pixka bat jolastea, bestetik. Baina orain bi aste beste ideia bat solidotu zitzaidan buruan: matematikako bisualizazioak Wikipedian edukitzeko amets zaharra teknikoki esploratu behar nuen, lehenago horren gainean zeuden mugak gainditzeko aukerak bazirelako.

Gero eta gehiago pentsatu, gero eta erakargarriago ikusten nuen, eta hasierako helburuak tarte batez baztertzea erabaki nuen, geometria eta matematika bisualizazioak egiteko sistema baten bila. (Oharra: Frantziakoa egin dut, aldi berean, bot bidezko igoerak aukera bikainak ematen dituelako bi gauza batera egiteko).
Vibe Coding: onurak
Onartu beharreko arazo bat: ez dakit kodetzen. Beno, bestela esango dut: badakit kodetzen, baina oso zaila egiten zait zerotik zerbait sortzea. Behin sortuta, gai naiz tripak hartu eta beharrezko aldaketak egiteko. Bestela esango dut, berriro ere: gai naiz kode bat ulertzeko, baina ez dakit zerotik JavaScript kode bat sortzen. CSS badakit, Pythonekin molda naiteke oinarrizko gauzetarako. Eta proiektu honek JavaScript eta CSS behar zituen, Template Gadgets izeneko teknologia berriak hori eskatzen duelako. Eta nik ideiak bai, baina JavaScripten horiek garatzeko aukerarik ez nuen ikusteko.
Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan irakurri dut Vibe Coding delakoa txapapotea bezala hedatzen ari dela, etorkizuneko software eraikuntzaren amiantoa izango dela. Informatikan ari diren lagunak ditut, kezkatuta: euren lanaren atal batzuk oso ondo eta azkar egiten ditu, eta tentazioa egon daiteke nagusiek pentsatzeko zertarako ordaindu hamar informatikari bakar batek jada egin badezake. Kezka, hala ere, sakonagoa da: tresna horiek sortzen dituzten kodeak seguruak ote diren ezin da ziurtasunez jakin, eta kodea gainbegiratu behar duten pertsonak ez baditugu, kaosa gertagarria da. Ziurra ez, baina denbora eta eskala kontua da.
Baina nik ez dakit JavaScriptekin kodetzen. ChatGPTk zein Claudek jakin ez dakite, baina ondo simulatzen dute erantzun estatistikoa. Bide batez, Claudek ChatGPTk baino txukunago. Eta, horrela, asteburu batean, posible izan dut eraikitzea euskaraz aritzen den matematika bisualizaziorako sistema oso bat, Wikipedian erabili ahal dena. Hortxe, nabarmen, onura bat.
Vibe Coding: mugak
Esan behar dut eszeptikoa nintzela, eta horregatik mugak aurkitzea kirol bilakatu dut. Nahi dut jakin zer ezin duten egin, zertan diren txarrak, zergatik den arriskutsua. Badago, lehenik eta behin, arrisku orokor bat: makinak egin badezake, zertarako ikasi. Baina hori ez da tresnaren muga bat, gure arazo soziala baizik. Nik makinaren mugak ikusi nahi nituen. Eta baditu, batzuk nabarmenak.
Nire kezketako bat segurtasuna zen. Ez da lehenengo aldia izango Wikipedian dugun tresna bat bertan behera utzi behar dela segurtasun arazoak edo kezkak direla eta. Horregatik JavaScript erabilita sor daitezkeen gauzak mugatzeaz gain, nork egin ditzakeen ere mugatuta dago: interfaze administrazio eskubideak behar dira, zorionez nik baditudanak, eta ezin dira kanpo liburutegi edo programak kargatu. Guztia gertatu behar da barruan, guztia ingurune kontrolatuan. Horregatik bi loritoekin lanean aritu naizenean behin eta berriro errepikatu dut zein zen premisa. Eta betetzen zutela esaten bazidaten ere, kodeetan aurkitu ditugu, Hackatoian zeuden segurtasun adituekin batera (horretarako egiten baitira jardunaldi horiek), segurtasuna arriskuan jar zitzateketen kode zati batzuk. Hau da, produkzioan jarriz gero, norbaitek sistema gaizkirako baliatzeko bideak irekitzen zituzten zatiak zeuden. Noski, aurkitutakoak kendu ditugu, baina… eta gehiago badaude? Nola jakin dezakegu? Makinek estima handian duten euren burua, eta dena ondo doa esateko joera izango dute. Nire aurkezpenean eskatu nuen gauza bakarra hori izan zen: mesedez, segurtasunaz gehiago dakizuenek konprobatu honek arazorik ez duela sortuko.
Bigarren arazoa matematika eta geometriari lotuta dago, eta kontzeptuala da. Pentsa liteke bere eremua dela, matematika, finean, makina batek guk baino azkarrago egin dezakeen zerbait dela. Bada… ez. Akats kontzeptual eta grafiko ugari egin ditu, geometria txarretatik (piezekin gaizki sortutako karratuetatik gaizki neurtutako angeluetara), ez dagokion formulak kalkulatzera. Azpian, bi adibide, laukien angeluen kalkulu okerra erakusten dutenak. Galeria oso bat egin liteke makinaren hanka-sartzeekin.
![]() | ![]() |
Zuzenean makinak proposatutakoa igo izan banu, teknikoki zein kontzeptualki gaizki zeuden kodeak igoko nituzke. Eta hori oso kezkagarria iruditzen zait, soilik ezagutza tekniko aurreratua eta azaldu nahi duen kontzeptua ezagutzen duenak ebaluatu dezakeelako makinaren emaitza ondo dagoela. Bi horiek gizakiei kentzen badizkiegu, bi aldiz gaizki dauden kodeak sortzen dituzten makinei ematen diegu boterea. Eta ikasleek, gainbegiratu gabe, horrelako tresna bat eskatzen badiote makinari, erantzuna okerra izan liteke, nik azalpen oso zehatzak emanda ere emaitza okerrak lortu ditudalako. Hau da, non sar daitekeen hanka jakinda, hanka sartu duela ikusi dut… eta ez baneki?
Hiruwiki, euskarazko Wikipedia indartzeko

Ingelesez baliabide ugari daude matematika ikasteko, doakoak diren GeoGebrako bisualizazioetatik hasita (bide batez, euskaraz dago GeoGebra), ordainpekoa den Brilliant benetan bikainera. Gaztelaniaz zein frantsesez ugari dira baliabideak, bideoak, hezkuntza baliabide irekiak. Euskaraz… nabarmen gutxiago. Berriki, antzeko beste proposamen bat sortu du Beñat Erezumak: mate.eus. Baina nabarmena da beharra dugula, eta beste inork ez duela sortuko.
Horretarako abiatu dut Hiruwiki proiektua, modularra eta irekia (nahiz eta JavaScript horiek argitaratzeko baimenak behar diren) den sistema batekin. Pixkanaka hazten joan daiteke, eta ziurrenik egin beharko zaizkie zuzenketak asteburu honetan loroek sortu dituzten kode horiei. Beste hizkuntza batzuetan egon dadin kodea moldatu beharko da, gutxitan baitago zerbait euskaratik lehenengo sortu dena.
Momentuz, euskarazko 34 artikulutan ikus ditzakegu froga bisualetarako tresna martxan. Egongo dira, gehiago, ez izan dudarik.




