Argazkiari eskua sartzen

,
Gorka Julio-ren avatar

Argazki kamera digitalak eta hain ezaguna egin den Photoshop programa asmatu aurretik ere, argazkien positibatzean, modu ezberdinetan eragin izan du argazkilariak edo laboratorioko arduradunak. Hemen zerrendatuko ez ditudan argazki ezagun asko dago, zeinetan eskumuturretatik erlojuak ezkutatu edo pertsonaiak desagertu arazi diren, baina lehen, ia-ia artisautza lana izanik, oso jende espezializatuak egin zitzakeela ohar-gabean pasatzeko moduko aldaketak.

Gaur egun, gailu digitalen eta programa informatikoen asmakuntzak argazkigintza demokratizatzeaz gain, argazkiak manipulatu edo aldaketak gauzatzeko aukera ere demokratizatu du. Ia edonork ezabatu dezake argazkitik jada laguna ez dugun hori.

Aukera hau, orokorrean begiratuta, argazkigintzarako bide berri bat besterik ez da, argazkien estetika berriak frogatu eta ezinezko paisaiak sortzeko baliagarria zaiguna, birtualitatea eta errealitatea uztartuz; baina irudia kazetaritza egiteko edo dokumentalismorako erabili izan denean, arazo bihurtu izan zaigu askatasun hori, jendeak oraindik argazkia ‘gertatu den’ zerbaiten isla bezala jasotzen baitu.

Azken urteotan, World Press Photo, kazetaritza argazkigintzaren esparruan egiten den lehiaketarik ezagunenean, arazoak izan dira, ‘gezurra esatea’ sariketaren oinarrietan debekatuta badago ere, gezur hori non hasi eta non bukatzen den argitzea ez baita erraza. Oso barneratua dugu post-produkzio garaian argazkirengan eragiteko aukera, eta zaila gertatzen da sarri bereiztea noiz arte den argazkiaren edizioa eta noiz manipulazioa.

Irudiaren edukien aldatzeaz dihardugunean, ez da sekula arazo handiegirik izan; edozein objektu gehitu edo kentzeak manipulaziotzat hartzen du eragileen gehiengoak eta kazetaritzaren jarduteko moldeetatik kanpokotzat jotzen da, baina irudiaren originalaren doikuntzari buruz hizketan hasten bagara, kontsentsuak ez dira hain orokorrak. Irudiaren mozketa, koloreen edo mailen aldaketari buruz gabiltzanean, gehiegizkoak ez diren doikuntzak onartzen dira, baina inor ez da ausartzen onargarria edo gehiegizkoaren arteko muga hori marra batez bereizten.

Esan bezala, polemika latzak bizi izan ditu WPP-k eta aurten, hori ekiditeko asmoz edo, 2015 urtean zehar emandako eztabaida batzuetan oinarrituta, sariketarako mugak finkatzen saiatu da David Campbell argazkilaria, argazkigintza digitalaren inguruan pixka bat teorizatuz. Azterketa honetan, argazkiaren jatorriaz eta manipulazioaren esan nahiaz jardun du Campbell jaunak eta ene ustez, lan osoaren punturik garrantzitsuena argazkia, argia eta kameraren arteko erlazioaren ingurukoa da.

Argazkia, euskarri baten gainean zegoen emultsio kimiko batek argia jasotzean azaltzen den irudi bat da, hasieran irudi latentea eta prozesu kimiko baten ondorioz ikusgai bihurtzen den irudia. Jatorriz, argazkigintza asmatu zenetik, argazki kamera bat-batean irudiak erregistratzeko atxamarta izan da eta argazkia berez, kameran KLIK egiten genuen unean sortzen zen; aurrerago, laborategian, esposizioa eta hantzeko baliabide batzuk aldatzeko aukera izan arren, argazkia hartzeko unean definitzen zen.

Argazkigintza digitalean hau ezin da hala ulertu. Kamerak ez du argazkirik sortzen. Ez dago negatiboan sortzen irudi latente hori, eta kameraren sentsoreak argiaren bidez, prozesatu beharreko informazio pila jasotzen du; beraz ez dago irudi originalik.

Irudi originalaren gabeziak, manipulaziorako mugak lausotu ote dituenaren eztabaida zabaldu da, manipulaziotzat, original horren eraldatzea hartzen baitugu, originalik gabe, manipulazio oro post-produkziotzat hartu daiteke eta. Joera hauek medio, azken urteetan estetika oso landua zuten irudiak ikusi izan dira fotokazetaritza lehiaketa batzuetan eta baten batek irabazi duenean, eztabaida lehertu da.

World Press Photo erakundeak gauzatutako ezatabaidaren ondoren, manipulazioaren mugak, ‘originalaren eraldatzean’ baino, kazetaritza kodeetan arreta jarri eta argazkia hartu zen unean zegoenari fidel izatearen beharra azpimarratu du. Ez da abiapuntu berria, beti izan baita helburua gertatutako hori isladatzea, baina teknikak aukera argazkilarion esku artean jarri zuenetik, eztabaida irudi originalari fidel izatera desbideratu izan da.

Beraz, eztabaida guzi honen ondoren, hasieran ginen toki berean gaude, aldaketa txiki batekin. Argazkigintza digitalean irudi originalaren kontzeptuak zentzurik ez duela ikasi dugu, baina argazkiarengan eragiteko aukera gehiegizko edo onargarria bezalako hitzen arabera neurtu behar dugu eta hau ez da erraza izango.

Baietz aurten ere eztabaida sortu.

Iruzkinak