Arraroa lagun

Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

Pribilegio handi bezala bizi dut Udako Euskal Unibertsitatean ikasle, antolatzaile, nahasle eta tarteka idazle eta irakasle ere aritu ahal izana, eta sentsazioa areagotu egin da azken urteetan Oreretan Humanitate Digitalen Ikerketa Gunean (HDGunea) deitu dugun artikoko estazio, behatoki espazial, esperimentazio gune eta elkarren eraldaketarako basque international centerrean aritu ahal izatearekin.

Aitorpenean espezifikoki TEKS elkartea eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako laborategia aipatu nahi nituzke, HDGunearen jarduera eta zerumugagintzan klabeak izan baitira gauzak egin, gauzak pentsatu, gauzak gertarazteko. Erdi txantxetan erdi serio Bermudako Triangelua osatu dugula esan ohi dut, non hegazkinak eta itsasontziak desagertzen omen diren, behar bada “beste norabait” joateko.

Nabigazio arazoak (1945) Domeinu publikoa. https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=148334629

Ohituta gauden arren (ez naiz inoiz ohituko giza ugaztunok ohitzeko daukagun gaitasunera) urtero UEUk Udako Ikastaro deituriko mirari kolektibo bat gertarazten du, eta aurten marko honen baitan Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen saioa antolatu dugu TEKS, Badalab eta HDGunearen artean Orereta/Errenteriako Torrekuan eta Joxepa Antoni Aranberri anitzenean.

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria saioa aurkezten, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariaren ondoan. San Ferminetako zapiaren saioko lehen agerpena ere izango da, ez azkena. (Badass, 2025)

Gorka Julio eta bioi egindako elkarrizketan jada aipatzen genuen, baina asmoa pentsamendu garaikide aurreratua euskal gizartearen egungo eta biharko beharrizanei begira jartzeko eta pertsonen bizitzetan lurreratzeko planteatutako topaketa bat antolatzea zen, eta batzuetan sarri gertatzen den bezala, errealitateak asmoak gainditu zizkigun. Ezinezkoa da noski gertatutakoa, esandakoa, sentitutakoak justizia osoz laburbiltzea, baina egunak emandakoaren trazo batzuk jasotzen saiatu nahi nuke.

Ikusiko duzuenez apunte desordenatuak baino ez dira, gainjarriak, berrantolagarriak izateko pentsatuak. Materiala. Egurra. Eraikitzeko edo sua egiteko.

Bi Azurmendi

Harrigarria bada ere bat ez, bi Azurmendi agertu zitzaizkigun saioan. Lehena, Haritz Azurmendi, Ikaztegietarra, goizeko lehenengo hitzaldi/solasaldiko moderatzaile, bigarrena, Joxe Azurmendi, saio osoaren inspiratzaile eta erreferentzia gisa.

Haritz Azurmendi, lehen hitzaldi-solasaldiko moderatzailea. Atzean Mattin Solis, TEKS elkarteko kidea. (Badass, 2025)

“Euskal Herrian espezialistak gara aldarrikatzen akademia bat guretzako lan egingo duena baina zain egon gabe horri ekiten.” esanez hasi zen Haritz, eta jarraitu zuen beste Azurmendiren lanetik tiraka benetan unibertsal kokatutik pentsatzeak egiten gaituela (“unibertsalak kokatu oso jakinak izan dira, kokatu inperialak”). Joxe Azurmendik horrekin apurtzea lortu zuen, guk ere gaur hori lortu nahi dugu. Zorroztasuna eta konplexutasuna akademiatik kanpo ere. Pentsamendu kokatua diziplinarekin eta zorroztasunez.

Graham Harman: San Fermin, Doraemon eta kondoiak.

Baina gauzak benetan arraro Leire Lisonekin jarri ziren, Objektuei Orientatutako Ontologia (OOO) azaltzen hasteaz bat. Umorez, zorrotz eta argi errealismo espekulatiboaren eremuak lantzen hasi zitzaigun zer eta San Ferminetako zapi gorri, Doraemon eta Maia erlea eta kondoiaren adibideak erabilita.

Leire Lison eta San Ferminen zapiaren bigarren agerpenarekin batera.

Subjektua. Fenomenoa. Noumenoa. Descartesen pribilegio epistemikoa (cogito ergo sum). Idealismoa (Kant), Dasein (Heidegger). “Korrelazionismoa” (Meillasoux). Ontologia laua (flat ontology). Guztiok gara objektuak, gizakiok ere bai.Objektuak (eta tresnak) apurtzen direnean kezkatzen gara haietaz. Esentzia eta denbora. Objektu sentsuala. Forma. Eidos. Kausazio bikarioa. Ostiral goiz batez entzun ohi ditugun terminoak, badakizue.

Ahozkoaz gain aurkezpen grafikoa bereziki zaindu zuen Leirek, eta asko eskertzen diogu hemen argitaratzeko baimena eman izana:

Jakitate Situatu eta zientziak elkar-sorturiko jakintza berriak

Teoriaren eremu “puru”tik, edo Eidos-etik nahi bada lurraldearen eta komunitatearen praktika material eta gorpuztuetara pasatu ginen gero Biharamuneko Lantegiakeko Lukas Barandiaran, Graxi Irigaray eta Loretxu Bergouignanen eskutik.

Biharamuneko Lantegiakeko Loretxu Bergouignan, Graxi Irigarayren ondoan. (Badass, 2025)

Donna Haraway eta zientzia neutral eta objektuari kritika. Inon kokatu gabe egiten den zientzia. (Nowhere science?). Bere burua kanpoan uzten duen zientzialaria objektibotasunaren izenean. Epistemologia feminista baten aldarria.

Ver y no ser vista, representar sin necesitar representacion. Las posiciones no marcadas de hombre y blanco. (…) La ciencia feminista significa simplemente conocimiento situado.

Gorputz batetik abiatzen den zientzia. Ikusteko erramienta oro mediatua dago.

Nork eta nondik egiten du zientzia? Zein posiziotatik? Perspektiba partzialetik sortzen da objektibotasun indartua. Munduaz daukagun ezagutza, ikerlariak ardura hartu behar du ikergaiarengan eta auto-erreflexiboa izan behar du (nola eragiten du honek ikergaian, ikerlean, nondik egiten da…).

Bruno Latour. Nola eraikitzen da egitate zientifikoa? Natura eta kulturaren bereiztea eta lotzea. Invertir el sentido de la universidad. Orientarla al servicio.

Biharamunen Lantegia (L’Atelier des Jours à Venir) 2011n sortu zen kooperatiba bezala. Bidarten kokatua egun. Mundu akademikoa gizartetik urrun. Mundu akademikoa gizartera berriro lotu, modu partehartzailean. Lurraldetasuna.

Muturreko ikerketa parte-hartzailea. Komanditario berriak zientzian: jakitatearen elkar-sortzea. Komunitate sensiblea – Komunitate zientifikoa.

Mundu akademikoak dituen exigentziak eta taldeak dituen beharrizanak. Protokolo bat bide amankomun bat bilatu ahal izateko.

5-15 pertsona arteko taldeak. Prozesu luzea da eta taldea iraunkorra izatea garrantzia. Gai eta prest diren ikerlariak bilatzen ditugu eta ikerlari eta ikertuek elkar topatzen dute, elkar ezagutzen dute eta hortik aurrera hasi daiteke ikerketa.

Komunitate sentsibleak baldintzatu behar du komunitate zientifikoa. Herriak baldintzatuko du ikerketa, ez ikerketak herria (hori da helburua).

Zer gertatu zaizu akademian? Zer ikusi duzu zientzietan ez duzuna maite?

Lisboa, Torrao auzoa. Uhain edo olatu inbasorea. Muturreko ikerketa parte-hartzaile kasu bat. Urteroko uholdeen auzia. Olatuen modelizazioa. Ikerketa elkar-eraikia.

Ortofonistak / logopedak. Nondik identifikatzen dira euskal hiztunen dislexiak? Diagnostikorako creative commons lizentziak.

Endometriosa. Biolentzia medikua.

Laborari tailerrak. POLMA nekazari makinarioaren politika. Etsaiaren tresnak ulertu.

Elkarrizketa:

  • Subjektu edo objektju ezagutzailea. Beti indibiduala?
  • Finantziazioa eta prekarietatea.
  • Euskaraz lan egin ahal izateko aukerak
  • Metaforak eta jakitatearen eraikuntza
  • Beñat: Olatukoopetik oso harreman zaila (baina ona) izan dugu akademiarekin, gu objektu izan garelako, ez subjektu. Gauzak egiten ari diren subjektuak nola bihurtu ezagutza sortzaile?
    • Loretxu: proiektu bakoitzak sortuko du hori. Talde bakoitzetik abiatuko da.

Zerbait dabil Ikaztegietan

Goizeko lehen blokea amaituta bigarren Ikaztegietar batek hartu zuen hitza. Alkateak, zehazki. Alba Garmendia Castaños doktorea. Hari egokitu zitzaion Danele Sarriugarte eta Mijo Lizarzabururen solasaldiak aurkeztu eta geroko elkarrizketa ordenatzea.

Ordenaezinak izatera etorri ziren bi hizlariak ikusita, lan ona egin zuen. Eta ez zegoen errez.

Alba Garmendia Castaños Ikaztegietako alkate eta Filosofian doktorea, Danele Sarriugarte aurkezten. (Badass, 2025)

Queerretik kuirrera (Danele Sarriugarte)

Danele mehatxu batekin hasi zen: 60 diapositibako aurkezpen bat prestatu zigun. Abisatuta geunden.

Danele Sarriugarte, bere 60 diapositibadun Queerretik Kuirrera aurkezpenaren une batean. (Badass, 2025)

Hortik hasita hasi zen erreferentzia festa.

Amaia Alvarez Uria: Genero – ariketak (2013). Teresa de Lauretis. Javier Sáez. 1990 Queer nation / Queers read this!

Zergatik erabili queer hitza? Arazoak ekartzen ditu. Batzuk eroso sentitzen dira, beste batzuk normal sentitzen dira eta ez dute bitxi sentitu nahi.

Etsai komunak. Lesbian avengers (1992). Lesbian lust for power. Lesbian avenger handbook. NYC dyke march. Gloria Anzaldua. Borderlands La Frontera. Paul B. Preciado. Zehar aldizkaria.

Desira desordenatuak.

Orain, hemen. Erronka batzuk eta arrisku batzuk. Kuir zertarako? Kuirrak molestatu egin behar du + nola planteatu aliantzak. Askatasuna ez da kontsumitzen, borrokatu egiten da.Harro ez da Europride. Turistifikazioa. Gentrifikazioa.

Eta euskara?

Maria Reimondez (2025). Mari Luz Esteban.

Egoerak kontuan hartu behar ditugu. Bitartasunaren aurka. Kokatzearen alde.

60 diapositiba prometitu dizkizuet eta hemen dituzue.

Bueno, ez zen egia. 61 ziren.

Materialismo berriak (Mijo Lizarzaburu)

Ez dakit inoiz entzun duzuen Kukulumutxun saioa. Gauza fantastiko bat da. Sumo borrokak euskaraz komentatzen dituzte (zituzten?) Youtuben eta Arrosa Sarean. Ez dauka zerikusirik saioarekin, baina energia bera zerion Mijo Lizarzaburu ikerlari eta militante transmarikabolloari. Ez nekien, baina neomaterialismoari buruzko hitzaldi bat behar nuen ondarrutarrez. Behar nuen.

Mijo Lizarzaburu materialismo berriak ondarrutarrez azaltzen hasi zen une zehatza (gutxi gora behera). (Badass, 2025)

Materialista berriak. Materialismo berriak? Neomaterialismoa.

Zeus eta bitartasuna (zerua eta lurra). Materiala eta inmaterialaren bereizketa. Grezian hasten da eta modernitatean jarraitzen du.

Zientziak promesten digu mitotik askatuko gaituela. Naturaren ikuspegi mekanizista. Newton. Natura materia hil bezala, lege mekanikoak. Fisika matematikoa.

Denak zentzua galtzen du eta fisika matematikoak soilik azaldu daiteke. Gizakia naturaren menpe egotetik natura gizakiaren menpe egotera (aldaketa klimatikora arte karkar).

“El programa de la ilustración era el desencantamiento del mundo.”

Domeinu materialaren agenteak.

Materialismo berriek binarismo hau apurtu nahi dute eta mundua berriro “liluratu”.

Baldintzak ez diren 3 baldintza

Antropozentrismoaren deuseztapena. Gizatasuna zurion aitzakia bat izan da gure buruari eskubideak eman eta besteei kentzeko.

  • Laikotasunetik haratago joateko beharra. Zientziak planteatzen duen laikotasun hori mitologiaz beteta dago. Laikotasunetik haratago joatea erlijioetara itzuli gabe,
  • Errepresentazionalismoarekin bukatu behar dugu. Subjektua-objektua eta errepresentaziotik intrakziora. Existitzen dena harremana da, ez objektua eta abar.

Pentsatzen dut beraz existitzen naiz edo existitzen naiz beraz pentsatzen dut?

Errepresentazionalismotik performatibotasunera. Munduarekin batera gara. Elementuak batera ematen dira. Naturalak eta kulturalak dira elementuak. Mundua egiteak egiten gaitu, ez errepresentatzeak.

Dikotomiekin amaitu, Inmateral / material banaketarekin amaitu, Gure ontologia eratzen duten dikotomia zurrunak apurtu. Materia eta ideiak bereizten dituen eskema batetik materiaren semiotika batera. Materia esanahiduna da. Esanahi materialak.

Natural/kulturala beharrean errealismoa. Posthumanismoa eta transhumanismoa ezberdinak dira. Materia semiotikoa. Materia historikoa. Materia harreman konplexu hori da.

Emakumetasunaren materialitatea ez dago aluetan, komun garbietan dago.

Ekaitz Cancelak interneten materialitateaz hitzegiten duenean ez du ondo egiten. Materiala ez da kablea bakarrik. Materia da harremana.

Ni lodi egiten nauena nire bolumena da?

Arraza ez dago azalean, extranjeria legean eta frontexean dago, ez inoren azalean.

Arrak eta emeak ez dira existitzen, gizon eta emakumeak bai. Existitzen direnak komun garbiak dira.

Dikotomiak superatu nahi ditugu baina hor gabiltza ying yangak egiten.

Bazkaltzeko pausa. Eguzkia. Garagardoren bat.

Ab-erria. Ab-ertzaleak.

Goizeko saioa aski bizarro joan ez zenez, arratsaldean Ibai Atutxa ekarri genuen abnormaltasunari gorazarre egitera. Horretarako bere liburua irakurtzen jarri zitzaigun Francisco Umbral nola, eta gero etxerako lanak jarri zizkigun: bilatu sakeleko telefonoetan albiste normalak, egunero gosaltzeko ditugun horietakoak, eta problematizatu ditzagun.

Ibai Atutxaren arratsaldeko dinamikaren hasiera edo nola egin enkuadre bikain bat, Badassen eskutik. (Badass, 2025)

Lehen hitza euskaraz praktika bat da, baina ez du borroka bat esan nahi bere horretan. Zeinek dira hizkuntz borrokak produzitu eta erreproduzitzen dituen klaseak, gainditu beharrekoak?

Idealismoaren arriskua: ideietan aritzeak bakarrik askatuko bagintu bezala, harreman materialetatik ideiak etorriko ez balira bezala. Hizkuntz borroka matxino, insurgente batek hizkuntz gutxituaren zapalkuntza identifikatu eta performatibizatu beste zapalkuntza guztiak ere askatzeko.

Ab.herria bi gauza horiez hitzegiteko planteatzen dut. Hizkuntzaren funtzioa ez da elkar ulertzea, ez benetan. Hitzak eta arreta.

Norberaren apunteak. Ab-herrigintza.

Arazoan gaude, ezin gara arazotik kanpo egon. Goazen irakurketa bir-pentsatzen, frenatzen. Primitibismo eta mistizismoak ez dut uste laguntzen digunik. Praktika materialetik zein zapalkuntza sortzen dira.

Ez barbaro ez zibilizatu, inzibilizatu?

Zer egingo dugu nazioarekin? Materialismoa eta performatibitatea.

Feminismo materialista mahai gainean jartzen ari den diskurtso oso bat. Stuart Hall

Oprah Winfrey eta ekintzailetza espirituala. “Manifesting” eta pentsamendu magikoa. Honi kontrajarrita materialismoa eta performatibitatea. Performatibitatea eta errepikakotasuna. Norbera ezinbestean harrapatuta dagoen tranpa.

Inbertsio hegeliarra. Ez da praktika azaltzen ideiatik, baizik eta ideien formazioa azaltzen da praktika materialetik.

Ekonomia da azken buruan determinatzailea. Ekonomia politikoa hasiera batean da politikoa denaren logika. Gero beste esanahi batzuk hartzen joango da. Produkzio moldea da azken buruan determinatzailea.

Formazio sozial jakin baten batasuna konplexua da. Ez dago korrelazio zuzen bat. Materialismoak ez du dena azpiegitura klabeetan planteatu, horrela irakurri izan da.

Produkzio moldea: oinarrizko harreman estrukturak. Harremanez ari gara. Errealitate materialak. Gizakion bizi baldintza materialak produzitzen eta erreprodukzitzeko harremanak, ongizate eta gaizkizatea distribuitzen dutenak egoera historiko determinatzaileetan.

Oinarrizko harreman estrukturak harreman antagonistikoak dira. Zapalkuntzazkoak. Funtzioak dira, ez talde enpirikoak ez puruak ez osoak. Ni gizon funtzioa betetzen ari naiz. Ezin dira ebatzi, ezin dira erresolbitu (konstitutiboak dira, estrukturalak) formazio sozialak iraungo badu. Zibilizazioak behar du barbaroa, bere zibilizazioa justifikatzeko, bere indarkeria justifikatzeko. Antagonismo erresolbiezin konstitutibo hauek dira klaseak.

Produkzio molde kapitalista, heteropatriarkal, ekozida, kolonial-arrazista, inperial-zibilitzatzaileak. Determinazioa ez da ez predeterminazioa ez gaindeterminazioa ere. Baldintzapena da.

Zer determinatzen du produkzio moldeak? Esfera juridikoa, politikoa, ideologikoa… Baina ez da berehalakoa eta ez dago nahitaezko korrespondentziarik.

Esfera hauek efektibitatea dute, efektuak dituzte produkzio moldean. Erlatiboki autonomoak dira. Klase antagonismoak gaindeterminatu ditzakete. Berez zapaldutako klasea beretzako klasea bilakatu daiteke (formak, interesak, indarrak…). Nola bilakatu klase kontzientziadun, agentziadun. Gaindeterminazioa da maila gehiago daudenean baldintzatzen forma konkretu bat.

Harreman konplexu nahasi hori, beti ere materialak, formazio sozial baten batasun konplexua osatzen du.

Ab-herriaz. Errealitatea aldatzeko nola erabiliko dugu hitz bat ala bestea? Kolonizatuak ala nazio zapaldua?

Zapalkuntza antagonismoen desidentifikazioa, desobedientzia epistemikoa. Uko egin jokatzeari baina aldi berean ulertu ezin diozula jokatzeari utzi.

Antagonismoen artikulazioa. Nola pentsatu nazioa era emantzipatzaile, insurgente batean? Nola sortu Euskal Herri emantzipatzaile bat? Harreman emantzipatzaile askatzaileak. Aurkakotasun irakurketak (Stuart Hall)

Irakurketa negoziatuak: zapalkuntza hau ez dizut erosten, baina beste hau agian bai. Momentu politiko garrantzitsuenak gertatzen dira zapalkuntza ardatz guztiak batera zalantzan jartzeko gai garenean, edo saiatzen garenean.

“Bere burua norma deklaratuta daukan mundu anormal honetan izan gaitezen munstro” Joxe Azurmendi

Maider Barañano ikerlari eta bertsolaria, arratsaldeko saioko taldekako ondorioen aurkezpenaren une batean. (Badass, 2025)

Eta orain? Zer egin material guzti honekin? Zer egin gertatutakoarekin? Nola ordenatu? Nola jarri lanean? Nola praktikan? Nola asmatu?

Horixe. Orain asmatu.

PD: Bonus track. Saio osoaren alma materra, edo alma paterra, edo alma abterra, Gorka Julio aka Teketen, egunaren tonoa ondo jasotzen duen argazki batean:

Gorka Julio, Teketen Oreretako Torrekua eraikinean, saioa hasi berritan. (Badass, 2025)

Iruzkinak