Audioliburu-belarri (adikzio baten apologia)

Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

Ohiturazko kreaturak gara gizakiok, azal, hezur eta haragizko gorputz izateaz gain, gero eta argiago dut. Neurona eta kartilago, gihar eta zuntzez osatuta gaude, baina baita gure eguneroko azturez (eta azkurez). Horren adibidetzat dut audioliburuak entzuteko ohitura.

Audioliburuak entzuteko ohitura duenean, audioliburuak entzuteko joera handiagoa du gizakiak, eta alderantziz, ohiturarik ezean ez entzutekoa. Pernandoren egia handiagorik nekez solta genezake, baina aizu, horrelakoak gara. Hipotesia honela planteatu genezake: A –> A ▲ , hau da: baldin eta audioliburu, orduan eta audioliburu gehiago, edota Ionki Hipotesia (H-Ionki).

Hipotesi hau autoenpirikoki frogatu ahal izan dut: serio entzun nuen lehen audioliburua Robert Jordanen Denboraren Gurpila sagako (The Wheel of Time) liburu bat izan zen: Udaberri berria (A New Spring). Astebete inguru iraun zuen asuntoak, tartean supermerkatuko erosketak, autobuseko tarteak eta etxean aspiragailua (xurgagailua dio Elhuyar Hiztegiak, baina ez dakit, ZiFitik terrore generora pasatzea dela iruditzen zait xurgagailu-arena…) pasatzeko aldiak aprobetxatuta.

Ez dut esango maitemindu egin nintzenik narratzaileen ahotsez, ahoskeraz, erritmoaz, koloreez. Ez da testura erabat bestela hurbiltzeko modu bat aurkitu nuela, edo eguneroko tarte grisenei beste dimentsionaltasun fantastiko bat eman ziela. Hori guztia eta gehiago egin zitzaidan esperientzia.

Horrenbeste, ezen H-Ionki hipotesiari jarraituz segidan iruntzi bainituen Jordanen sagaren beste dozenaka liburu (bai, 14 edo 15 dira guztira). Bakoitzak 12 ordu inguru irauten baditu… ba 180 ordu irakurketa, goxo goxo belarrira, aizue. Ez al da plan puska?

Kontua da XXI. mende hasierako giza ugaztunok erosketak egiten, xurgagailua paseoan ateratzen eta garraio publikoan mugitzen jarraitu behar dugula, eta arinago edo beranduago 180 ordu horiek ere amaitu egiten dira. Ordutik sartu ditut nire ipod zaharrean The Teaching Company-ren ikastaro inprobableak (Platon eta egia, Shakespeare eta historia, Bronte ahizpak eta literatura konparatua, nik zer dakit…), Robert Heinleinen Etorkizuneko Historia, Frank Herberten Dune (beste batean hitz egin behar dugu Duneri buruz), eta noski, gure Burusoil Bizarro Oropresentea: China Miéville jauna.

Aurrekoan Twiterren komentatu genuen arren, bi gomendio egin nahi nituzke gaur hemen, ingelesez audioliburu bizarro zaleak izan zaitezketela susmatzen duzuenontzat: This Census-Taker eta Three Moments of an Explosion.

This census-taker (Erroldatzailea) istorio labur, dentso, ilun eta ulertezin bat da. Gehiago ikatz zati batekin horma batean egindako mundu-modu baten zirriborroa inon laburtzeko moduko istorioa baino. Giro bat, edo giro baten ideia, konprimituta, estututa, batera eta bestera eraginda, nobela itxura emateko. Testuak eta ahotsak bat egiten dute edozein belarri pare beste unibertso batera garraiatzeko, non dirudiena ez den, eta denak ez dirudien, ala bai.

Leherketa baten hiru une (Three moments of an explosion), berriz, ez da ezta eleberri modura kamuflatzen ere. Istorioak dira, istorio solteak, josita edo; baina ez dira istorioak ere, berez. Ariketa literario-intelektual-militante konkretua egiten du Miévillek (audio)liburu honetan: ezinezko ideia bat formulatu, eta segida eman, seriotasun osoz.

Ariketa uste baino garrantzitsuagoa da, Londres gainean izebergak agertzen direla, poker partiden atzean indukzio prozesu esoterikoak ezkutatzen direla edo heriotzaren izaera goitik behera aldatzen duen gertaera bat jazo dela esaten zaigunean. Ezinezkoa ingeniariaren zehaztasunez aztertzen eta garatzen du Miévillek. Zirujauaren prezisioz eta megalomanoaren anbizioz. Konbinazio ederra, eta terriblea, eta ederra berriz ere, irakurleen ahots hipnotiko, ilun, seduzitzaile horiek are indartsuago egiten dutena, egunerokotasunik ezagunena ere ezezagunaren infinitura katapultatzeko ahalmena duena.

Ondo pentsatuta, China Miévillen eleberri edo saiakera edo dena delako artefaktu batekin kargatutako MP3 irakurle bat pixka bat kosmonauta, astronauta edo taikonauta baten eskafandra bat bezalakoa da, zeinekin murgildu gure biziraupenerako erritoen kosmosean.

Jantzi kaskoak, edo eskafandra, eta segi kanpora. Mundu osoak ditugu aurkitzeko gure egunerokoan.

Ez zarete damutuko. Edo bai, baina beranduegi izango da 😉

Iruzkinak