Ez, ez da akats tipografiko bat; izaretaz hitz egin nahi dut eta ez da mamu mehatxu bat. Izan ere, maindire artean bilduta iratzartzea iruditu zait “Star Wars: The Force Awakens” (J.J. Abrams, 2015) ikuskatzea: leku ezagun eta atsegin batean begiak irekitzea, ohe epelean, lehitotik eguzki izpi batzuk trabesean begietan ematen dizutela. Ezin lokartzeko estanpa goxoa.
Txikitan ETB1-ean lehen aldiz ikusi nuen trilogia originaleko pelikulen eskemetara itzultzea da sagako zazpigarrena. Aurreikusi daitezkeen pertsonai sare eta tramak, ondo jositako aurreko gertaerei keinuak… Jar-Jar Binks-i buruzko teoria zoroak ahaztuarazten dizkigu atal berriak, nahiz eta emakumeen paperak partzialki eguneratuta Bechdel testa pasatzeko lanak beharko dituen.
Feminista? Ez du Bechdel testa gainditzen, Mad Maxen azkenaren linean (3/3)
— Ander Bolibar (@demonocrazy) December 18, 2015
Gasteizeko Florida zinemetan ikusi genuen estreinaldia eta Euskal Herria izanagatik ez ziren mozorrotutako eraso soldadurik, Darth Vader-ik edo Leia printzesarik falta, ezta martxa inperialaren konpasik estreinaldira sartu edo irtetzean. Karteldegia erakusteko Raspberry Pi bat erabiltzen duen zinemak beti izango du nire errespetua.
https://twitter.com/txertatua/status/675757405318356992
Izarak aipatuta, atalik traperoena ere iruditu zait, maker-ena. Berez, badu brikolajetik Jediek beraien ezpata laser propioak egite horrek, baina oraingoan gainera, txatarreroa da protagonista eta hainbat espaziontzi hackeatzeko kapaza. BB8 errobotarekin Disneykoek ere asmatu dutela esango nuke eta ez soilik akzio eszenen dinamitasunean, baita 170€ inguruan erosi daiteken erreplika fidelean. Eta nola ez, badaukagu jadanik bertsio librerik, tartean James Bruton youtuber eta Star Wars fan britaniarrarena. Itzeleko lana James-era: Arduino txartelak, 3D inprimagailua eta emaitza ikusgarria. Bere Youtube kanalean kuxkuxeatzera animatzen zaituztet.
Edonola, irudimena pizten diguten izara arteko gerrek badute arriskurik. Nagusiena aurreko belaunaldien “etorkizun” bermakilatuen nostalgian erortzearena. Kontakizun berriak eskertuko genituzke, unibertso eta eskema berrien markoan. Eman diezaiegun ostikoa izarei eta egin diezaiogun kasu begietan joten diguten eguzki izpiei: euskal Solarpunk unibertso bat; zergatik ez?
Hedoi Etxarte liked this on Facebook.
Etzi.pm liked this on Facebook.
Txomin L. Aramaio liked this on Facebook.