Berriak ez dira oraindik “Torreatze” gurutzaontzira iritsi. Han Dumas ari da Lafitterekin hizketan.
– Kapitaina. Eman genuen hitza soberan bete dugu; etxera itzultzeko ordua dut. Ikasitako guztia nire anai-arrebekin partekatu eta Haitin gure bidea egiten lagundu nahi dut.
– Hau noiz entzungo, horren beldur nintzen.
– Aspertu naiz esklabista hauek jazartzen. Herriz herri, lehorrean, egin behar diegu aurre. Eta Haiti Gipuzkoako Batzarrek gobernatzen dutela badakizu.
– Arrazoi duzula badakit.
Iritsi da “Torreatze” Puerto Barduliara. Kea. Haragi errearen usaina.
– Zer berdel da hau?
Orleanseko beteranoak ere nazkatuta eta izututa, gorputz erreak, urkamendiak, hezurrak uretan, bonba txikiak haiei iltzatuta.
Horrenbeste, “San Juan” ikusi ez dutela; ezta ohartu ere hantxe dagoela amarratua. Izan ere, itsasontziaren itxura aldakorra da, hari begira ere, haren gibelean dagoen etxe-multzoa ematen du. Ezin izan dute ikusi. Lezoren ahotsa entzun arte.
– Zorionekoa zara Lafitte, infernura eramango duzun oroitzapena da hau, nire lanik gorena.
Orduan ikusten dute. Bi ontziak oso gertu daude. Ez dago maniobra egiterik. Monstrua gainean dute. Lezo zertan bihurtu den ulertzen saiatzen ari dira “Torreatze”n.
Besoa fusila du bihurtuta Lezo sasi-automatak. Tiroa entzuten da, ispia da beso-fusilatik atera dena. Instintiboki Dumasek egin du jauzi, Lafitterentzat zena berak jazo du.
Lurrean datza, bularrean orbain errea, “biba errepublika” ezpainetan. Hilda.
Gurutzifikaturik, iltzaturik segitzen dute “Torreatze”koek. Halako sarraskiaren erantzulea beste gizaki batzuk izan direla ezin ulertu… Lezo nondik atera den eta zertan bilakatu den justu kausituta… lagun zaharra lurrean zerraldo dela sinistu gabe.
Lezok salto egiten du “Torreatze”ra. Esku bakar batez Dumasen gorpuzkina botatzen du kareletik. Popara hurbildu, “Eburniko” eta “Kattana”ren erreplikak askatu, biratu eta “Torreatze”aren eskifaiari begira jartzen ditu.
– Halakoak probatzeko irrikitan nago, oso ondo emango dute nire ontzian.
Metxa pizteko keinua egiten du.
Elhuyar da hitzegitea lortzen duen bakarra. Garun zientifikoak lagundu dio ulertzen zer duten aurrean: – Jauna, ez.
– Kendu paretik koldarra, denak akabatuko zaituztet berdin.
Beso mekanikoarekin tiro egin behar du berriz, baina Elhuyarrek botoi bat sakatu eta Lezo airean ateratzen da hegan, bere gorputza osatzen duen zati metalikoa iman handi batek erakarria.
– Zer egin duzu zakil baba horrek! jetsi nazazu orain edo hurrengo tiroa zuretzat izango da.
– Fisika da, jauna; kainoiak askatu dituzu, pizten badituzu horien atzerako eraginak gure ontzia hondaratuko du; ezin dut hori ametitu.
– Jeisteko esan dizut, kolallo eginda utzi behar zaitut.
– Ezetz.
Begi bionikoa eta beso metalikoa lerrokatu eta Elhuyarrek sakatu botoiari tiro egiten dio Lezok, horrekin bere burua askatuko duelakoan. Askatu bai, baina atzerako eraginak uretara botatzen du.
Elhuyarrek ezin izan dio errelato zientifikoa egiteari, gertatutakoa eman bitartean:
(tiroaren atzerako efektua): “atzerako eragina”
(uretara erortzean): “grabitatea”
(uretara jotzean, bizkarrez, zipriztina altxatzean): “eta honi frantsesez zera esaten zaio: le the au harem d’arkimede efektua”.
Lezo hondara doa, gorputz zibernetikoaren pisuaz. Erreakzionatu du, azkenean, Lafittek eta uretara egiten du jauzi. Lezo lagundu behar duela ematen du, baina hortzetan eutsi duen ganibeta hartuta, haren behatza moztu, eta han zeraman sigilua kentzearekin batera, ostikadaz berantz bultzatzen du monstrua.
Horrek esnatu du eskifaia. Berehala atera dute kapitaina uretatik. Agintea berreskuratu du honek. Ohartzen ditu harri eta zur geratu diren “San Juan”gokoei:
– Borrokatu eta hil, ala uretara jauzi eta Haitin geratu, zuek esan.
Uretara egiten dute salto. “Torreatze”koak ez daude umorez hauek jazartzeko. Haitin bizirik geratu direnen lana izango da horiek merezi bezala hartzea. Dumas zena uretatik ateratzea nahiago izan dute. Hori egin bitartean, Elhuyarrek eta Laffitek miatzen dute “San Juan”a.
– Kristoren berdela! Halakorik… Begira kristal hauek, dio Elhurrayek. Eguzkiaren beroak sortzen du indarra itsasontzi honetan.
– Zer? Zer diozu?
– Baietz, begira. Kristal horretara ur tantak bota eta berehala lurrindu dira. Beroa itzela da, eta bero hori… segi tutuak eta haratx! Tramankulu horiek motorrari eragiten diote. Honi buruz Franklinekin egin dut solas hilabete hauetan. Kroazian aldean duen korresponsal batek hau lortzekotan omen zegoen… Eburniko kattana! Inperioak lortu du jada lurrinarena baina ahaltsuagoa den indar mota hau metatzea… Agortezina da.
– Eguzk… Etxera itzuli behar dugu honekin. Azkar gainera. Saguzar mekaniko horietako bat edo beste gordeta izango dugu oraindik ezta?
Irudia: Arkimedesen zirkulu bikiak. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Archimedes%27_Circles.svg