Wikidatak 5 urte bete berri ditu eta, hori ospatuz, lehenengo Wikidata Konferentzia ospatu da egunotan Berlinen. Bertan datuen biltegi libre honek egindakoaz baino, dituen aukeren inguruan hitz egin da, datuen oparotasunetik tresnen oparotasunera pausoak emateko beharraz eta, momenturen batean, erabatekotasuna ere aipatu da: zer gertatzen den eskura daitezkeen datu guztiak igo direnean. Tesi txikia da hau: erabatekotasuna lortzea ezinezkoa bada ere, tresnen aroa izango da ondoren datorrena. Eta tresna horiek libre izango dira.
5 urte baino ez ditu Wikidatak eta, dagoeneko, 38 milioi elementu ditu bere barruan. Denetarik dago hortxe: argitaratutako milioika artikuluren metadatuak, mundu osoan zehar ondare gisa sailkatutako eraikinen kokapena, Wikipedia guztietan eta bestelako informazio iturrietan aipatzen diren pertsona guztien datu biografikoak, OpenStreetMapeko ehunka mila objekturekiko lotura, Giza Genomako eta arratoien genomako gene eta proteina guztien mapa, izar katalogoak… 38 milioi zenbaki handia da. Eta bost urtetan egin den zerbait da.
Aurreko asteburuan Berlinen ospatu den Wikidata konferentzian lehen aldiz entzun dut ideia bat: zer gertatzen da datu gehiago ezin bada igo? Demagun: dagoeneko udalerri guztietako eraikin guztien kokapena baldin badago; edo noizbait argitaratutako lan guztiak baldin badaude; edo deskribatutako espezie guztiak… “completeness” hori lortu ezin den zerbait da, bizirik dauden pertsonek sorkuntzan jarraitzen dutelako (eta hortik txiste erraza: “bukatzea bada helburua, bizirik daudenen aurka zerbait egin beharko da…”), baina gai zehatzen inguruan erabatekotasuna lortzea ez da ideia absurdoa. Demagun hurrengo hamarkadan gerta daitekeen zerbait dela.
Zer dator orduan? Ideia hau izan dut buruan lehen aldiz “completeness” hori entzun nuen unetik. Eta erantzuna “tresnak” direla uste dut. Tresna libre ugari ikusi ditut asteburu honetan. Adibidez, munduko hainbat arte katalogotan dauden pertsonaien inbentarioa egiten denean, automatikoki egin dezakegu bilaketa eta artelan horien mozketa. Edo mapa baten gainean egondako gertakariak bilatzeko aukera izango dugu. Edo gustatu zaigun idazle batek idatzitako liburu guztiak ikusi eta gure lagunen batek ba ote dituen ikus dezakegu. Mundu errealean oinarritutako jakintza rol jokoak eraikiko dira. Eta errealitate hedatua jakintzarekin lotuko da… eta hurrengo bost urteotan gertatuko direnak ere ezin ditugu aurreikusi, lanean hasi bagara ere.
Ez da erabatekotasunik egongo inoiz. %99ra iristeko aukera izango dugu eta librea izango da. Tresnak ere libreak izango dira, jakintza bezala. Etorkizuna ate-joka zegoen, baina jada etxean sartu da eta garagardo bat irekiz egongelako sofan dago, guri begira. Zer nahi duzu jakin?