Errota digitala

,
Koldo Bizkarguenaga-ren avatar

Istorio polit guztiak bezala, haue ere pentsatu gabe sortu zen.

Bazen behin On Kixote bakarti bat Deustuko Unibertsitateko lautadan. Euskal gizartearen gaiak gora, euskal gaiak behera. Euskal Hedabideen Elkarteak ikerketa audimetrikoaren inguruko ikerketa bat eskatu zion eta On Kixote deusturrak, Landabidean galduta, mendi puntura begiratu zuen. Leioako mendateetako Euskal Herriko Unibertsitatean aurkitu zituen Santxo Panza eta Dultzinea “Euskal audientzien inguruko bestelako ikerketak” ikerketa-ildoa ibiltzeko prest.

Baita ondo ibili ere. Euskal audimetrien garrantzia azpimarratu genuen eta baita oinarri batzuk ezarri. Betiere, hurbilpen kualitatiboak aldarrikatuz, nola ulertu bestela euskal gizartearen diskurtsoak eta praktikak?

Bide polita bezain interesgarria suertatu zen. Lan-kide gisa hasi eta lagun moduan bukatu genuen. Ofizioa eta afizioa uztartu genituen Twitterren sortutako talde batetatik, Telegrameko talde batera igaroz. Ikerkuntzaren, joalasaren eta ezagutzaren bidetik jarraitu nahi genuen. Gutako batek elkarte bat sortzea amets zuela esan zuen, izena ere aspalditik pentsatua zuela. Berdin du elkartea sortzea nork proposatu zuen, izan ere, hiruron buruetan bueltaka zebilen ideia zen. Proposamena egiten bukatu baino lehen “BAI” ozen bat entzun zen barre urduri artean.

“Errota digitala” sortu dugu Xabier Landabidea, Gorka Salces eta nik neuk. Zergatik? Beharra sentitu dugulako: plano pertsonal batean erraietatik ateratzen zaizkigun galderei erantzuna bilatzeko, plano kolekbtiboan plazer hutsa delako kide hauekin ibiltzea eta plano akademikoan (soilik teoria edo unibertsitatea bezala ulertzen ez duguna) Euskal Herrian aztertzeke dagoen errealitate digitala ezagutzeko.

Hiru pertsona, hiru erealitate eta hiru mundu-ikuskera bildu gara, eta hirurok bide ezberdinetatik helmuga antzekoetara heltzen gara: bata pentsatuz, bestea idatziz eta hirugarrena hitz eginez; bata sortuz, bestea mugatuz eta hirugarrena negoziatuz #euskalgizartea #etnografia inguruko ikuspegi ezberdin eta antzekoak ditugu.

“Errota digitala” sortu dugu Xabier Landabidea, Gorka Salces eta nik neuk. Zertarako? Ez dakigu. Ez dugu plangintza bat, ez ditugu helburu batzuk zehaztuta, ez dugu estrategia bat, ez dugu planifikazio bat. Ez dugu galdera hone erantzuna jakin nahi. Ez dugu erantzun nahi. Ez dugu erantzuna behar.

Orain eta hemen gustura gaude. Egiten dugun lanarekin zoriontsuak gara. Eta epe motz batera eskatu dizkiguten lanekin gure jakin-mina sendatuko dugu. Zertarako denbora galdu etorkizunean pentsatzen? Zertarako galdu zoriontsuak garen denbora bat etorkizun ziurgabe bat planifikatzen? Etzi gertatuko dena aurreikusteko, gaur gertatzen ari dena ikertu behar dugu.

Eta horixe bera egitera goaz: euskal gizartea Internet garaian ikertzera goaz!

Iruzkinak