Industrializazioak aldaketa sakonak eragin zituen Europan eta Europak kolonizatutako herrialde guztietan, ordura arteko egitura sozial eta politikoak eraldatuz, baina, batez ere, klase popularren komunitateak suntsituz, eta milioika pertsona aurretik zeuzkaten kultura eta lurretatik aldenduz. Egoera prekarioenean egonik ere, eta jendartearen erresilientzia gaitasuna demostratuz, langile masa hori, laster proletalgo bezala ezagutuko zena, ez zen geldirik egon, antolatzen hasi ziren.
Langile masa prekarioen elkarteak hainbat tokitan sortzen hasi ziren, batera, antolatzeko beharra erakutsiz, eta behar horri erantzuteko. Langileen elkarteetatik hasi eta pixkanaka hiru adarretan sakondu zuten, horretarako sindikatuak, kooperatibak eta mutualismo elkarteak sortuz. Gero etorriko ziren langile klaseak sorturiko alderdiak.
Sindikalismoa, kooperatibismoa eta mutualismoa, iraultza industrialarekin batera sortutako iraultza soziala izan zirela esan dezakegu, eta gero modu ezberdinetan eboluzionatu bazuten ere, ez dezagun ahaztu hasiera-hasieratik langileek beren elkartasun eta ongizate beharrak asetzeko tresnak izan zirela, eta askotan modu koordinatu eta osagarrian eraiki zirela. Liberalismo inperialista hegemonikoa zenean, eta estatuek langileen beharrekiko inongo ardurarik ez zuten garaian, gainera.
Oso garrantzitsua da nabarmentzea langileek beraien beharretarako sortu zituzten tresnak izan zirela, fabriken barnean jabe kapitalisten aurrean antolatu eta eskubide eta lan baldintza hobekuntzak lortzeko, formaziorako, ezbeharren eta gaixotasunen aurrean langileak eta familiak babesteko, elikadura duina izateko, oinarrizko produktuetan prezio justuak lortzeko, aurrezkiak eta elkartasun finantzak antolatzeko edo aukera izatean produkzio baliabideen jabetza eskuratu eta lana bera sortu eta antolatzeko. Horiek ziren garai haietako langileen beharrak.
Historiak eman ditu buelta batzuk ordutik, eta bi mundu gerren zikloan onartu zen utopia liberala tragedia bat izan zela. Langileek politikoki antolaturik estatuen boterea hartzeko estrategiei eutsi zieten. Han eta hemen lortu zuten boterea, eta estatuak langile klaseen mesederako tresna bihurtu ziren. Horrek nolabaiteko oreka ekarri zuen beste hainbat tokitan, bereziki Europa mendebaldean, ongizate estatuaren eredu ezberdinak martxan jarriz, eta merkatua estatu egituren bitartez mugatuz. Paradigma liberaletik paradigma keynesiarrera pasatu zen, teorikoki behintzat, lehen mundua deiturikoa. Baina hori ere bukatu zen, eta sozialismo erreala desagertzearekin, “historia amaitutzat eman da”, gaur egungo egoerara iritsi arte. Gaur egungo egoera ulertzeko agian Polanyik idatzirik utzi zuenari atentzio gehiago eskaini beharko genioke.
Marxek esan bezala, historia errepikatu egiten da: batzuetan, tragedia moduan; eta beste batzuetan, fartsa moduan. Ezaguna den arren porrot egindako sistema dela, utopia neoliberala gidari duen kapitalismo global eta hegemonikoan bizi gara. Orain jokoan dagoena bizitza bera da.
Onartzen da utopia neoliberalak berriro porrot egin duela, eta horren erakusgarri dira han eta hemen subiranismo kontserbadorea irabazten ari den esparruak, forma ezberdinetan. Islamismo politikoa, ultraeskuin subiranista Frantzian edo Trumpen garaipena AEBetan, guztiak dira neoliberalismoaren porrotaren sintomak. Eta langileek ulertu dute hori, baina heldulekurik gabe, eta inoiz baino atomizatuago, askok subiranismo kontserbadorearen eta sumisioaren alde egin dute.
Egoera honetan, eta ongizate estatua ideia bezala likidatu delarik, langileek biziraupenerako beharrak izaten jarraitzen dute. Beharrak funtsean ez dira XIX. mendeko langile prekarizatu eta pobreen oso ezberdinak; ez dezagun ahaztu, gaur egun gero eta gehiago dira langile pobre eta prekarioak, eta gutxiago XX. bigarren erdiko estatuko langile edo industriako langileen baldintzak dituztenak.
Langileek biziraupenerako, eta ongizatea lortzeko sortutako antolaketa moduen egoera ere ez da hobea gaur egun, nahiz eta tokian tokiko salbuespenak badiren. Sindikatu, kooperatiba eta egitura mutualistek garapen oso ezberdinak izan dituzte XX. mendean zehar, gaur egun gertatzen ari den paradigma aldaketara orokorrean noraezean iritsi dira. Kooperatibismoa merkatuaren lehian multinazionalekin homologatu nahian-edo sektore prekarizatuenetan atomizatuta dago; mutualismoa finantza erakunde bihurtuta edo ongizate estatalari esparrua kentzeko lobby lanetan, eta sindikalismoa zerbitzu emaile bihurtuta sortutako egiturak eta finantziazio bideak galtzeko beldurrez estatuei loturik. Negatiboegia izateko asmorik gabe, egoera tamalgarria da orokorrean, baina badaude etorkizun hobeak eraikitzeko asmotan dabiltzan langileon tresnak.
Euskal Herrira hurbilduz, baina beste lurralde batzuetan ere, existitzen diren fenomeno moduan, kooperatibismo eraldatzailea eta sindikalismo autonomoa dira langileek bizi baldintzak hobetzeko eta beharrak asetzeko momentu honetan eskura dituzten tresna propioak. Hala ere, bi kasuetan birsortze prozesuetan murgildurik daude, egoera berriak irakurtzeko gaitasuna lortzen eta pixkanaka tresna berriak sortzen. Estatu egituretatik eta merkatu dinamiketatik autonomia bilatzen etengabe kontradikzioak kudeatu beharrean, eta espazio komunitario berri bat sortu nahian hainbat mugimendu sozial eta politikorekin batera.
Hala ere, prozesua azkartzeko eta sendoagoa egiteko beharrezkoak dira tresna horiek saretzeko estrategiak. Sindikatu eraldatzaileen arteko harreman eta proiektuak, baita Ekonomia Sozial Eraldatzaileko [#ESE] eragileen arteko saretzea, baina bereziki, urte luzez norberak bere bidea egin duen sindikalismo eta kooperatibismo eraldatzaileen arteko saretzea beharrezkoa da. Horretarako, seguruenik, modu errazena proiektu komunak martxan jartzea izan daiteke, modu horretan elkar ezagutzea eta etorkizuneko estrategia sendoagoak lantzeko oinarriak osatzen joan baitaitezke. Bide hori egin daiteke, gaur egun saretze prozesu ezberdinetan dauden REAS sarea, OlatuKoop kooperatibismo berria, Euskal Herriko gehiengo sindikala eta Karta Soziala bezalako ekimenen artean. Eraldaketaren bidean, era eraikitzailean, elkarlanean aritzeko prest dauden alderdi eta mugimendu politikoak ahaztu gabe.
Nola hasi, ordea? Lehenik, langileen behar errealak identifikatzen hasi beharko ginateke, baina gauza bat argi izanez, ezin dugu inor utzi kanpoan. Sindikatuen edo kooperatiba berrien saretzea zabaltzean gertatu daiteke langile mota konkretu batzuk bakarrik izatean kontuan, ia lantokietan antolatuta dauden langileak edo ikasketa maila zehatz bat duten langileek osatutako kooperatibak saretzen. Martxan jartzen ditugun proiektuek kontuan izan behar dute prekarizatuen dauden langile sektoreentzako tresna izan behar dutela, eta produkzio baliabideen jabetzatik urrunen dauden pertsona eta kolektiboentzat ere, hauek lortzeko bide eman beharko dutela.
Horretarako epe luzeko estrategiak landu beharko ditugu, baina egunerokoan lan egin praktika errealak martxan jarri beharko ditugu: langileen beharrak asetzeko eta lehen sektorearekin justuak izango diren kontsumo kooperatibak sortuz; lurraldeak lotu eta elkartasunezko distribuzio estrategia landuz; finantza tresna herritarrak landu eta inbertsio eraldatzailerako funtsak osatuz; formazioaren bitartez koadro kooperatibo eta sindikal berriak paradigma berrira egokituz; ongizate publikoko egiturak defendatu eta berriak sortuz, hauekiko ardura hartuz eta demokratizatuz; orokorrean, gaurtik martxan jarri daitezkeen proiektu txiki eta handietan indarra eta lana jarriz.
Egunerokoan martxan jartzea ezinbestekoa da, baina baita etorkizun ezberdinak irudikatzea ere, berriro utopia eguneroko estrategietan txertatzea. Horretarako Ekonomia Sozial Eraldatzailea sistema berri bat sortzeko lehen pauso bezala ulertu behar dugu, hori erdigunean jarriz; egiteke dagoen sistema, baina egin daitekeena. Langileok eskura ditugun tresnak, sindikatu eta kooperatiba eraldatzaileak saretu behar ditugu. Eremu publikoa demokratizatu eta tresna publikoak langileon zerbitzura jartzeko elkarlana sustatu behar dugu eragile komunitarioen ikuspegitik.
Badugu zer egin, eta hasiak garela uste dut, baina langileon egiteko gaitasunean konfiantza gutxirekin. Bada nondik hasi, ordea, urteetan bildutako militantzia eta masa soziala bide honetan jartzearekin bakarrik lanaren parte handi bat antolatua legoke. Heldu diezaiogun pazientzia estrategikoarekin eta praktikarekin gure herrietako langileon beharrei erantzungo dieten tresnen sistema sortzeari.
Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File%3ASteam_engine_nomenclature.png