Etorkizuneko.arkeologia.S01E02.eu.odt

Galder Gonzalez-ren avatar

Etorkizuneko arkeologia
S01E02
Laserrak Talibanen aurka

Aurreko atalean ikusi genuen nola arkeologoek Buda etzan erraldoi bat egiteko suntsitu zen tenplu hinduista berreraiki zutenean Buda etzan erraldoi bat egiteko suntsitutako tenplu hinduista bat berreraiki zuten.

Buda erraldoiak eraikitzea budismoaren adierazpenetako bat izan zen, eta han-hemenka eraiki zituzten. Horietako asko denborarekin galdu ziren, eta berraurkitu zituztenean sorpresa itzela izan ziren. Beste batzuk denborarekin budista izateari utzi zioten lurraldeetan eraiki ziren, Bamiyaneko budak bezala, Afganistanen. 507 eta 554 artean eraikiak, 2001eko martxoan Talibanak eraitsi zituen, dinamita erabiliz.

Gogoan izango duzue munduko gaiztoena Talibana zeneko garai hori. Hamarkada pasa da eta orain beste gaizto ofizial batzuk daude, baita Talibana bera erasotzen duten gaiztoak ere. Opresioren, itxikeriaren eta itsutasunaren sinbolo bilakatu ziren Afganistanen komunisten aurka borrokatzeko AEBk armatu zituen fundamentalista erlijioso hauek.

Bost urte eskas (eta luze) izan ziren Kabulen gobernuan, baina euren programa garatzeko denbora nahikoa izan zuten: musika eta zinema debekatu, burka inposatu, bizarra moztea debekatu eta Erdi Aroa gogoratzen zuen gizarte-eredua jarri zuten martxan. Sunitak izaki, xiiten aurka egingo zutela pentsatuz indartu zituen AEB, baina, logikoa denez, beste edozein erlijio adierazpenen aurka ere jo zuten. 2001ean NATOk gidatutako ekintza militarrarekin botere guneetatik kendu zituzten. 45.000 kide zituzten garai hartan. 60.000 baino gehiago dituzte gaur egun. Al-Kaidarekin aliaturik orain, haserre ondoren, Afganistango lurralde zati handi bat kontrolpean dute oraindik ere. Talibanen aurkako gerra Ameriketako Estatu Batuek inoiz egindako gerrarik luzeena da… eta ez da bukatu.

2001eko martxoan Bamiyanek budak eraitsi zituzten, eta argudio nagusien artean erabili zen NATOren inbasioa justifikatzeko. Bamiyaneko budak obra erraldoi bat ziren: 35 eta 53 metroko bi estatua handi ziren, harrian bertan eginak, iztukuarekin apainduak eta, bere garaian, kolore biziz margotuak. Bost mende gehiago izango ziren Budistak Afganistanen, Islamaren konkista eta 300 urtera desagertu baitziren azken Budistak bertatik. 1.000 urtez zutik izan ziren Budaren estatua erraldoiak bertan, inork gurtu gabe… inor gogaitu gabe. Inor gogaitu… inor gogaitu gabe?

Islama, zentzu zabalean, erlijio anikonikoa da. Suniten artean ohikoagoa da xiiten artean baino, eta suniten artean ere, Saudi Arabia, Qatar edo Bahreingo salafistek eta salafisten artean muturrekoak diren wahabbistek askoz jarrera zurrunagoa dute beste guztiek baino. Anikonikoa izateak esan nahi du edozein idolo zure sinismenen aurkakoa dela, edozein giza edo animalia irudi suntsitu beharreko zerbait dela. Ez dut jarrera hori defendatuko, baina ez da beste sinismen erlijioso batzuk baino okerragoa funtsean (okerragoa izan daiteke bere aplikazioan, noski).

Islama anikonikoa izateak beste arte mota batzuk piztu ditu: kaligrafia edo geometria kasu. Mahomaren errepresentaziorik bada mundu Islamdarrean, baina irain larritzat hartzen dute musulman gehienek gurtzarako erabiltzen den edozein irudi errepresentazio. Zentzu horretan, Talibanaren fundamentalismo erlijiosoa ikusita, ez da harrigarria mila urtez inork gurtzen ez zituzten Budaren irudiak suntsitzea. Zentzu horretan, horretan bakarrik, uler bedi.
Afganistanen inor gutxi asaldatu zen Budaren irudi horiek desagertu zirelako. Afganistanen batzuk (batek daki zenbat) asaldatuko zen Budaren irudi horiek ikusteagatik. Kanpoan, ordea, alderantzizko fenomenoa eman zen: Budak suntsitzea Gizateriaren Ondarea suntsitzea zen, berdin dio zein den bertan bizi direnek irudi horiekiko duten sentimendua. Eta postmodernismo zikin batean sartu gabe, uler daiteke irudiak eraistea, Saddamen, Leninen, Tatcherren, Francoren, Bushen, Stalinen, Charlie Chaplinen edo Tsarraren irudiak eraistea prozesu ulergarria egiten zaigun bezala, ondoren iritsitakoek ez dituztelako bertan nahi, euren aginte berria aldarrikatu nahi dutelako, aro zaharraren amaiera iragarri nahi delako.

Nazioartean iskanbila handia eratu zen Budaren estatuak dinamitatu zituztenean. Nazioarteko esfortzua iragarri zuten Suitzak eta Japoniak berreraikitzeko. Nolabait erlijio fundamentalismoaren aurka irudi erlijioso zaharrak berreraikitzeko prest geundela adieraz nahi genien afgandarrei, euren sinismenen aurkakoa bada ere, budistarik ez badago ere. Ondarea ondarea da.

Suntsiketa izan eta egun gutxira UNESCOren bilera egin zen Parisen, zer egin erabakitzeko. Buda txikia berreraiki nahi dute, handia hutsik utzi nahi duten bitartean, “fanatismoaren emaitzen erakusgarri”. Bamiyaneko biztanleek, ordea, nahiago dute diru hori etxebizitzak eraikitzen, ura iristarazten edo elektrizitatea eskaintzen erabiliko balitz. Azken finean, ez dira budistak, bai gerrak kaltetutako etxegabeak.

2005ean Hiro Yamagata japoniar artistak ideia bat proposatu zuen: holograma bidez berreraikitzea Buda erraldoiak. Honela, aldi berean izango genuke “fanatismoaren emaitzen erakusgarria” den zuloa eta jatorrizko Buda horiek ikusteko gozamena. Inork gutxik egin zion kasu, eta proiektua alde batera geratu zen.

2015eko ekainan Janson Yu and Liyan Hu txinatarrek proiektua egitea erabaki zuten. 150.000$ balio zuen proiektore bat prestatu eta bertara joan ziren, herrian bizi ziren 150 pertsonek Budak berriro ikus zitzaten. Espektakulu itzela izango zen. Saioa bukatu ostean proiektorea Afganistango gobernuari oparitu zioten, nahi zutenean pizteko aukera emanez.

2017an gaude eta Buda txikia berreraikitzeko proiektuak aurrera (omen) darrai. Buda handia ez da berregingo, eta zulo hori gertatutakoaren azalpen gisa geratuko da. Etorkizuneko arkeologian zuloak utzi beharko al dira suntsipena izan zenaren oroigarri?

Iruzkinak