Fedeaz, bisioez, itzultzeaz

Gorka Salces-ren avatar

Leninen aipu ezagunak dioen moduan, hamarkada batzuetan badirudi ez dela ezer gertatzen, eta aste batzuetan badirudi hamarkadak igarotzen direla. Sentsazio hori izan dut nire azkenaldiko irakurketekin: hilabeteak neramatzan liburu batekin gozatu gabe, indarka amaitu izan ditut hasitako asko, eta inolako damurik gabe alde batera utzi ditut gutxi batzuk; halako batean, berriz, sakon markatu nauten bi liburu simultaneoki esku artean izatearen pozarekin egin dut topo, espero gabe. Izan ere, amaitu ezin izan ditudanak aspalditik zeuden irakurri beharrekoen nire zerrendan, eta plazer handia eragin didaten biak, hurrenez hurren, lagun batek gomendatuta eta liburu-dendako apalak asmo zehatzik gabe arakatzen heldu ziren nire mesanotxera.

Lehenengo lezioa: bizitzan dena lotuta izan nahi dugunean gauzak ez dira beti ondo ateratzen. Irakurketen kasuan, ni-aren proiekzio idealizatu batek zeharka ditzake gure hautuak eta benetan goza dezagun eragotz dezake mekanismo horrek. Errealitatean zer garen gutxitan du zerikusirik izan nahiko genukeenarekin.

Hain zuzen ere azken esaldi horrekin lotura handia daukate Tartaroen basamortua eta Napátrida liburuek. Lehenengoa Dino Buzzatik idatzitako eleberri klasikoa da, zeinetan Giovanni Drogo izeneko militar gaztea mugaldeko gotorleku batera destinatua den. Basamortu itxurako paisaia onirikoan kokatuta dago eleberria ardazten duen istorioa, baina eszenatokia gizakion bizitzaren arazo, zalantza eta galdera unibertsaletako batzuk planteatzeko aitzakia baino ez da. Gotorlekuan ez da inoiz ezer gertatzen, baina gertatu daitekeenaren inguruko kondairak uneoro presente dagoen mehatxu faltsua sortzen du. Tartaroen balizko inbasioak bisioak eragiten dizkie benetan tartaroek inbadi ditzaten nahi duten militarrei.

Alde batera utziko ditut metaforaren erresonantzia belikoak (emakumeek eleberrian jokatzen duten rol guztiz anekdotikoari buruz ere luze aritu gintezke), eta haren esanahiari erreparatuko diot. Iruditzen baitzait Buzzatik maisuki kondentsatzen dituela protagonisten gurarietan gizakioi loa galarazten diguten gai nagusiak: bete gabeko espektatiben kudeaketa, itxaropena eta segurtasuna lortzeko askatasunari uko egin behar izatea. Pasarte batzuetan idazleak presentzia fantasmagoriko baten bitartez transmititzen ditu ezinegon horiek, eta beste batzuetan, ostera, oso modu literalean aipatzen ditu, hitza irakurlearen azalean iltzatzen den ezpal gisa erabilita.

Agian izango da behin gaztaroa igarota asteak buklean igarotzen diren bizitzaren sasoian sartuta nagoelako, baina asko konektatu dut nobelaren mezu existentzialistarekin: askotan, ilusio optikoek mantentzen gaituzte zutik, eta utopiak behar ditugu noraezean ez gabiltzala sentitzeko. Osoki edo partzialki faltsua dela jakin arren, fede formaren bat behar dugu gure egunen pasiera kadentzialari zentzua aurkitzeko.

Pentsamendu horietan murgilduta nengoela erosi nuen kolpatu nauen bigarren liburua, Erri de Lucaren Napátrida. Genero literario jakin batean sailkatzen zaila da, memoria fikzionatua eta saiakera nahasten dituena. Gazterik Napolitik emigratu zuen idazleak, eta urte luzez bertara itzuli gabe egon ondoren, zahartzaroan sorterrira itzultzeak berpizten dizkion sentimenduei buruz aritzen da. Horretaz aparte, hiriaren zenbait ezaugarriri buruzko disertazio poetikoak anekdota pertsonalekin aberasten ditu liburuko kapituluetako bakoitzean, irakurterraza suertatzen den miszelanea atsegina osatu arte.

Narratibaren distirak eta hautu lexikoen zorroztasunak erdibana eragin dizkit zirrara (paragrafo honek kilima egin dit burmuinean) eta inbidia (mila urtez biziko banintz ere ez nuke horrela idazterik lortuko). Eta, berriz ere, bizitzaren estropadan ziaboga ematen ari naizen sentsazioa daukadan honetan, obraren edukiak guztiz zeharkatu nau: bidea helburua dela eta garen hori aberasten duela argi dudan neurri berean, pentsatzen dut ziurtasunak eskaintzen dizkigun usainen, espazioen, gorputzen… bilduma horren berotasuna behar dugula gizakiok. Agian, alde horretatik, irakurleak Napoliren inguruan jasotzen duen inpresioa esentzialista samarra iruditu daiteke, baina Historiaren erritmo frenetikoak guztiz irentsita gauzkan une honetan, etxe deitzen dugun artefaktu solido horretara (sinbolikoki edo ez) itzultzea frakaso bat baino erabaki indartsua izan daitekeela aldarrikatzen dut. Etengabeko aldaketaren gurtza sumatzen dut bazterrotan, batzuetan errealitatearen ainguratze minimo bat desiratzen dugunekiko mespretxuan oinarritutako zeitgeist bat bizi dugula esango nuke, eta uste dut oker estrategiko bat dela politikoki. Jaio zaren garaia dela eta subjektibitate neoliberalak ardaztu badu zure bizitza, logikoa da emozionalki subjektibitate neoliberalaren aspektu batzuekiko lotura emozionala garatzea, subjektibitate hori zu zarelako. Aitzitik, ez zait iruditzen bizitza prekarioa, deserrotu eta alienatua bizitzea egokitu bazaizu prekarietatearen, deserrotzearen eta alienazioaren apologia egitea ideia ona denik. Aspaldian nerabilen intuizio hori buruan, eta De Lucaren biografia duen idazle bati halako nostalgia ariketa irakurri izanak apur bat berretsi nau nire susmoetan. Nostalgiak beti dakar idealizazio puntu bat eta erreakzionarioa izan daiteke, baina utopiak Historiaren adreilu pusketekin ere eraiki daitezke, lastoa eta alea bereizteko saiakera serioa eginez gero. Aitortzen dut garaiotako turboadanismoak beldurra ematen didala.

Kasualitatez, ni ere aurten itzuli naiz Napolira. Hiri hordigarri horretan beste inon baino zailagoa da kartoizko kitscharen eta tokiko izaera rococò originalaren arteko aldea sumatzea, turistaren entrenatu gabeko begiradatik abiatuta. Tarteka, napolitasunaren parke tematikoa eta tarteka mezzogiornoko argi zitrikoaren apoteosia iruditu zait ikusi dudana. Orain leihotik ikusten dudan negu giro honek bahetuta eta mintzagai izan ditudan bi liburuen distantziara, Napolin igarotako egun udatiarrek bigarren (eta azken) lezioa helarazten didatelakoan nago: kontuz desiratzen duzunarekin baina, noizean behin, utzi ispilukeriek engaina zaitzaten.

Iruzkinak