Oso konplikatua da egungo politika ulertzea. Ez naiz ari letra larriz idazten den politikaz, egunero egiten ditugun hautu eta erabaki handien politikaz. Gaur egun, konplikatua dena da munduko politika, estatuburuena, hauteskundeetakoa, erakundeen zikloena ulertzea. Egun, politika konbentzionala ulertezina bihurtu da. Ulertzeko zailtasun horren sintoma esanguratsuenetako bat hedabideetako iritzigintza segitzean nabari daiteke. Ikus dezagun, esaterako, nola munduko hedabide nagusi gehienek iritzi bera duten azken urteotan Mendebaldean jazo diren gertaera nagusiei buruz.
Sistemaren hedabideen zentzua, zilegitasun krisi larri hau hasi arte, elkarri kontraesanak bilatzea zen. Egun, ordea, funtsezkoenean ados daude. Berdin da tokian tokiko prentsa erreakzionarioa, Europako estatuetako hedabide publikoetako solasaldietako kideak ala mundu mailako enpresa handienetako gizonak entzutea: grosso modo Donald Trump-en aurka daude, BREXITaren aurka, Putinen aurka… Eta batek ere ez daki nola kudeatu aurki izango diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeak.
Ariketa hori baino sakonagoa eta luzeagoa egin daiteke Frantziako Bosgarren Errepublikako hautagaiez. Baina saialdi honek oso helburu xumea dauka. Tamalez euskal iritzigintzan hain astuna den muga (Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea bereizten dituena) gainditzea. Muga bat gainditzeko kontrapisu bat jarri behar da ezinbestean. Egun Euskal Errepublikaren alde egin nahi duen Hegoaldekoak Frantzia aztertu behar luke. Eta Iparraldekoak Espainia. Ideologian jausi baino, Hannah Arendtek 1965ko ekainean idatzi bezala, egiarekiko maitasunak «onean eta txarrean egiari fidel mantentzera» bultzatzen duelako. Eta Hegoaldeko zein Iparraldeko egi astunetako bat da, biak daudela beste zentro batzuetako dinamiken menpe.
Sistemaren lehenengo hutsa: inkestak
2017ko apirilaren 23an izango da Frantziako hauteskunde presidentzialen lehenengo itzulia. Lehenengo itzuli horretan inork ez ditu bozka erdiak baino gehiago eskuratuko, beraz, bigarren itzuli bat egongo da. Halere, harrigarria dena da urtarrilak batetik argitaratu diren 27 inkestetan Marine Le Pen (FN, Fronte Nazionala) izan dela lehenengoa. Gutxien eskuratu duen inkestan %24 eta gehien %27.
Le Pen lehena iritsiz gero, lehenengo aldia litzateke FN presidentzial batzuetan lehena iristen dena. Eta bigarren aldia (2002tik) sistemikoa ez den alderdi bat bigarren itzulira pasatzen dena. Chirac kontserbadorea (%19,88) eta Le Pen-en aita frontista (%16,86) izan ziren garaiko hautatuak. Marine Le Pen bigarren itzulia sistemak asumitu nahi ez duen tendentzia nabarmen bat da. Eta Frantziako ezkerraren enegarren porrota izango da. Krisi anitz baten fase luzean (ekonomikoa, lurraldetasunezkoa, zilegitasunarena, Europako Batasunean duen tokiarena) zentralitate politiko guztia –Nuit Debout eta El Khomri legearen aurkako grebak salbu– Fnk dauka hexagonoan –Korsikako salbuespenarekin–.
Sistemaren bigarren hutsa: eskuineko hautagai katolikoegia
Murrizketekin jarraitzeko asmoarekin, eta Europako Batasunaren egungo markoa garatzeko bi hautagai izan zituen denbora luzez Frantziako eskuinak: Bordeleko alkate Alain Juppé eta Nicolas Sarkozy presidente ohia.
Horiek ziren sistemak eskuinerako zituen bi hautagaiak: bata neoliberala ekonomian eta klasikoa estetika eta komunikazioan; bigarrena bestea bezain neoliberala, baina bortitza komunikazioan eta eskandaluen zalea. 2014-2015an egin ziren 14 inkestetako guztietan izan ziren lehenengo eta bigarren bi hautagaiok. 2016ko urtarriletik irailerako 24 inkestetatik 22tan lehenengoa izan zen Juppé –bigarrena Sarkozy izan zen– eta bitan berdindu zuten. Irailetik azarora (orduan izan zen primarioen lehen itzulia) egindako 24etatik 22tan izan zen lehena Juppé (eta bigarrena Sarkozy). Bozketatik gertuen egin ziren bietan berdinketatik nahiko gertu geratu ziren Juppé, Sarkozy eta François Fillon (Chirac-ekin Hezkuntza Ministro izandakoa 2004-2005an eta Sarkozyren lehenengo erreinuan Lehen Ministro –2007-2012–). Baina inkesta baikorrenek %27 eta %30 emanik ere %44 eskuratu zituen lehen itzulian Fillonek.
Bigarren itzulian ere harrigarria izan zen Fillonek Juppéren gainean izan zuen garaipenaren tamaina (inkesta batek ere ez zuen aurreikusi %66,5 lortuko zuela, 2016ko martxoko Odoxa-ren inkestan %28 aurreikusi zioten).
Horrela ulertu behar da, beraz, –Macron-en kapituluan jarraitzen du aferak– hedabideek eta epaitegiek Fillon-en aurka azken asteotan izan duten kanpaina. Zenbat politikari egongo da Frantzian bere senideren bat izendatu duena bere lantaldean aritzeko? Aspalditik zuten informazio hori epaitegi eta hedabideek. Baina zergatik aktibatu dute orain ustelkeriaren kanpaina –segurua zenean Fillonek Marine Le Pen garaituko zuela bigarren itzulian–?
Bada bai, hau ez da Frantziako sistemari ongi datorkion hautagaia. Testuinguru horretan ulertu behar da eliminatzeko gurari hori.
Sistemaren hirugarren hutsa: PSko primarioak
Alderdi Sozialistaren (PS) primarioetako parte-hartzeak berak sistemaren krisia adierazi zuen. 2012koetan 2.600.000 lagunek hartu zuten lehenengo itzulian parte, eta 2.800.000ek bigarrenean. Aurtengo lehenengo itzulian milioi bat lagun gutxiagok bozkatu zuten (1.600.000) eta bigarrenean 800.000 gutxiagok (2.000.000).
Gainera, 2012an lau pisu astun izan ziren buruan: garaile izan zen Hollande (%39), PSk garaile izango zela uste zuen Martine Aubry (hori zen hautagai solidoena, %30), programa ezkerrekoena zuen Montegourg (%17) eta Ségolène Royale (%7). Manuel Valls bosgarren postuan iritsi zen bozen %5arekin.
2012an laugarren eta bosgarren gelditu zirenak ere (Royale eta Valls) oso ezagunak ziren jada. Aurtengo primarioetan Peillon eta de Rugy izan dira postu horietan, figura kasik anonimoak politika segitzen duenarentzat ere.
Sistemaren laugarren hutsa: PSko hautagai ezkertiarregia
Eskuineko primarioek bi hautagai nagusi zeuzkaten, esan dugun bezala. Ezkerrekoan, ordea, Frantziako eliteak fitxa guztian gizon bakarrean zituen jarriak: Manuel Valls, alderdi sozialistaren eskuin muturra, bortitza, ezkerreko Sarkozy bat, agerian arrazista, inolako sentsibilitate sozialik gabea (sentsibilitateaz haraindi gutxi eska dakioke egungo politika sozialdemokratari).
Edozein kasutan, establishmentak segurutzat jotzen zuen François Hollanden bost urtetako politika neoliberalekin ez zuela inolako aukerarik bigarren itzulira pasatzeko. Baina, halere, kuriosoa da Hamonen ezusteko garaipenaren ostean izan duen halako sozialdemokrata epel baten aurrean El Paísek, esaterako, «ezkerrekoegia» dela salatu izana.
Huts guztiak konpontzeko hautagaia: Macron
Bi urtez, PSkoa izan gabe, François Hollande presidentearen ekonomia ministroa izan zen Macron. Bere aurretik Montebourg – Hollanden aurpegi ezkertiarrena zuen hautagaia – egon zen postu hartan. Hollandek eskuinerako bira eman zuen presidentziaren erdian, eta hor sartu zen Macron. 2016ko abuztuan postua utzi zuen presidentetza prestatzeko marka zuri batekin, alderdirik gabe En marche! «mugimendua» sortzeko.
Nor den Emmanuel Macron? Ba, azkar esateko, Frantziako Albert Rivera: ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa, baina CAC 40koa (Frantziako IBEX35). Finantza bankuentzat lan egindakoa eta goi funtzionario izandakoa. Politika neoliberalak aplikatuko ditu bai ala bai, baina, bigarren itzulira –ia seguru– pasako den Marine Le Penek ez bezala ez ditu tokiz kanpo etorkinen, errefuxiatuen, edo manifestarien kontrako hitzak esango. Gaztea da eta dinamikoa. Gizarte ikuspegian liberala eta politikan neoliberala.
Panazea pozoitua
Halere Macronek badu arazo nabarmen bat. Frantziako presidentzialen lehen itzulia apirilaren 23an izango da, eta bigarrena maiatzaren 7an. Irabazita ere ez du aukerarik izango talde parlamentariorik sortzeko, lehen itzulia ekainaren 11n eta bigarrena ekainaren 18an izango direlako. Beti egon dira Errepublikan zentro-eskuin eta zentro-ezkerrekoak izan ez diren hautagaiak. Beti egon da «hirugarren gizon» bat, Bayrou moderatuak ordezkatua edo Le Pen nazionalistak haragitua. Baina biek izan dute alderdi bat beti: UDF, MoDem ala FN.
Beste aukera bat litzateke Macron presidente izanda koalizio handi bat suertatzea Asanblada Nazionalean eta bi alderdi nagusien bozekin (LR eta PS) joatea legedia aurrera ateratzen.