Telebista eta zinemako gidoilari dabilen lagun batekin bazkaldu dut duela gutxi, eta kontatzen zidan nola haurrentzako telesail batetarako idatzitako enkarguzko gidoi bat atzera bota zioten, zer eta “geruza gehiegi” omen zituelako.
Literalki.
Norbaitek, kasu honetan bezeroak, edo nagusiak, edo zure lanaren edo sormenaren edo talentuaren gaineko boterea eta kontrola dituen horrek esaten dizu ezetz, eskerrik asko baina ezetz, idatzitakoak esanahi gehiegi dituela. Adierazle bezala ondoegi funtzionatzen duela alegia, adierazien biderkatze, destoleste edo konplikazio bat eraginez, finean. Modu askotara irakurri daitekeen testu bat dela, arraioa.
Eta modu askotasuna problematikoa da noski haurrentzako lan batean. Haurren literaturak, antza, izan idatzizkoa, ahozkoa edo ikus-entzunezkoa, izan beharko luke soila, argia, lineala, eta batez ere adierazi bakarrekoa.
Haurrek horrela ikusi-entzun-irakurtzen baitituzte “haientzako” saioak. Yeah noski.
Bazkaltzen ari ginela gogoratu ginen Simpsondarretaz (The Simpsons), eta nola telebistan daramatzaten urte pilo horietan, errepikapen guzti horiekin, zerbait erakutsi badigute horixe dela: geruzak dituela, eta geruzotan murgiltzen garela ikusleok, urteak joan urteak etorri esanahi berriak erantsiz eta erantziz testuari. Horretan ere agertzen du maisutasun bat The Simpsons-ek, telesailaren atalak irakurri baitaitezke Teletubbien sofistikazioarekin edo gizarte egituren kritika iparramerikar bezala.
Baina antza Euskal Herriko haurrek (eta helduek) ez dute halako helduleku askotako testurik behar. Lan monolitikoak, estratu bakarrekoak izan behar dute: adierazi bakarreko adierazleak. Kontsumitu eta botatzeko zeinu-ehundura inerte samarrak, arriskurik gabekoak, bizigabeak behar omen ditugu.
Eta tartean baditugu Britainia Handiko 1970 eta 1980. hamarkadako King of the Castle (1977) edo Into the Labyrinth (1980-82) bezalako harribitxi ilun, konplexu, zoragarriak, edo Adventure Time (2010) edo Spongebob Squarepants (1999-2017) bezalako erokeria tarteka surreal tarteka zentzugabe tarteka samur eta tarteka askatzaile horiek.
Edozelan ere. Umeentzako ipuinen eta ipuinok kontatzeko moduak zeharo aldatu dira ni ume nintzenetik. Geruzak kentzen aritu gatzaizkio kontakizunei. Haurrak babesteko edo, geruzak erauzten. Badaezpada.
Eta iruditzen zait pena bat dela. Batetik, gizakumeak uste dugunak baino azkarragoak direla uste dudalako, baita haurtzaroan ere, eta beraz konplexutasunaren ukazioa gizatasunaren ukazioa dela iruditzen zaidalako. Eta bestetik, haurrik izan eta haur izan gabe ere ustez haurrentzako diren testuak beti iruditu zaizkidalako interesgarriak (batzuk beste batzuk baino gehiago).
Kontua da, berriz ere, ez dudala euskal telebistarik (letra xehez) ikusten umeentzako fikzio garaikide interesgarria egiten. Txatxutasun lau bezain koloretsuetan txipli-txapla (pun!) dabilen ekoiztetxe-konstelazio konkretu baten esku dago haurrentzako ikus-entzunezko kontakizunen industria dirudienez, eta merkatuaren egokitze lanek antza ez dituzte permititzen orduan eta han egin zitezkeen zenbait gauza.
Eta norantza aldatu beharrean gaude, kamaradak: geruza askoko testu konplexuak josi behar genituzke gure pantailetarako, euskaraz ere. Atzo eta han beharrean hemen eta gaur, eta han-hemen etzi. Argilun berriak, estratu askoko flysch erako formazioak non ibili, saltoka eta oihuka, basa eta pozik, ertzekin min hartzeko arrisku eta guzti, goma-aparrezko haurtzaroekin konformatu beharrean.
Izan ere, haur, gazte, heldu eta nagusientzako telebistako fikziorik onenak oraindik idazteko eta ikusteko ditugu… hala erabakitzen badugu.
[…] Etzi Utopia. Etzi izan nahi dugun hori hoberen irudikatzen duen artikulu utopikorik onenari saria: Xabier Landabidea, “Geruzen alde (haurrentzako telebistan ere)” artikuluagatik. […]