Gezurti hutsak gara

,
Gari Garaialde-ren avatar

Bada denbora tartetxo bat nire lanbidea, edo dena delako hau, konpartitzen dugunon artean gezurra esateko ohitura zabaltzen ari dela. Ez da berria, ez da atzokoa, baina azken 2-3 urteetan zabaltzen doala uste dut.

Fotokazetari askok gezurra esaten dugu. Ez naiz ari ditxosozko photoshopaz eta argazkiaren emaitza manipulatzeaz; ez naiz ari azken World Press Photo sariketan zalaparta sortu duen eszenak antzeztu eta argazkian erakusten dena benetan gertatu izantzat jotzeaz. Askoz gezur basikoagoaz ari naiz, hitzez egiten zaigun galdera bati gezurra esanez erantzuteaz. Neure egoeran dauden kolega ugari ezagutzen ditut, zein da zure lanbidea galdetzen digutenean, fotokazetaria erantzuten duena. Ni ere haien artean nago. Baina hau ez da horrela. Hau ez da egia. Lanbidetzat dilistak ordaintzeko adina etekin ematen digun jardunaz ari bagara, askok, gehiegik, elektrizista, tabernari, zirkuko laguntzaile, kontzertuetako muntatzaile edo autoen mekaniko erantzun beharko genuke. Gero eta zabalagoa da bazkaltzeko eta gure argazki lanak egiteko dirua beste lanbideetatik ateratzen dugunak, gure berezko zereginarekin zer ikusirik ez dauzkaten esparruetatik.

Badakit ez garela lehenak, Hertzainak taldeak aspaldi kantatu zuen ‘Euskadin rock’n’rollak ez du inoiz dirurik emanen’ eta ohituegiak gaude antzerki eta zine munduko jendeak (antzezleak bereziki) kontratu arteko tarte luzeak tabernari bezala igarotzen dituztela entzuteaz; baina gu ere multzo horretan gaude.

Azken urte hauetako krisiak langileria guztiari eraso egin badio ere, gehien zigortu den lan eremuetakoa izan da kazetaritza, eta kazetaritza barruan, orain 10-15 urte hedabideetako erredakzioetatik ‘askatuak’ izaten hasi ginen fotokazetariak.

Lehen irakurketan, freelance figurak badu halako glamour bat, epika bat, eta egia da edozeinentzako lan egiteko aukerak, ate asko zabaldu ditzakeela, baina atea asko itxita topatu ere bai. Gaur egun mireste ditugun lan ugari, Donbass, Liberia, Honduras edo etxe ondotik egindako lan ugari, urtean zehar beste lanbide batzuetan irabazitako diruak gu informatuak izateko gastatzen dituen jende multzo batek eginak dira. Ez dira kazetaritza turismoa egitera joaten diren ‘lau kolgau’, beraien buruak kazetaritzat eduki eta mundu alu honen gorabeherak guregana heldu arazteko konszientzia duten profesional itzelak dira, baina ez da beraien lana baloratzen. Ez da beraien lana egiteak suposatzen duen kostua ordaintzeko adina baloratzen.

Zorionez, guk ere gezur hori sinetsita dugu, eta urte erdia torlojuak estutzen pasatzen badugu ere, desiratzen gaude beste erdia kamera hartu eta interesgarria iruditzen zaigun hori, kezka sortarazten digun hori ikusi, erretratatu eta zuei eskaintzeko, izan Libian, Brasilgo oihanean edo Valdemororako errepidean.

Iruzkinak

  1. […] Garaialderen “Gezurti hutsak gara” […]