Giriak gara harlauzen artean

Karlos Renedo-ren avatar

Asko hitz egiten ari da turismoaz azken aldian, baita eztabaida plano politikora ekarrita ere. Turismofilia vs. turismofobia, beste garai bateko demokraten eta biolentoen arteko dikotomiaz ariko bagina moduan.

Baina zer da turismoa? Entziklopedia askearen arabera “pertsonek euren ohiko bizitokitik kanpo egiten dituzten bidaia eta egonaldietan burutzen dituzten jardueren multzoa da”. Eta jarduera multzo horrek badu eragina gure hirietan, are gehiago modu masiboan ematen denean. Hainbat ondorio dakartza turismoa bultzatzeko planifikatutako hiri ereduak. Arlo ideologikoan, ekonomikoan, sozialean, fisikoan, kulturalean, antropologikoan… eragiten du zuzenean.

Ikuspuntu urbanistikotik, turistifikazioa gertatzen den hirietan, besteak beste, tokiko komertzioen elitizazioa, etxebizitzen salneurrien eta alokairuen igoera edota higiezinen bullying-a gertatzen da. Auzo turistiko bihurtu direnetan, betiko bizilagunen desplazamendua bultzatzen da periferian dauden beste auzoetara. Gentrifikazio moduan ezagutzen dena, hain zuzen ere: ahalmen ekonomiko altuagoa duten pertsonek herritar txiroagoak euren auzotik desplazatzen dituztenean. Auzokide berri hauek beste auzokideak euren jatorrizko auzotik botatzen dituzte periferiara. Auzo hori normalean hirian ondo kokatuta egoten da. Turistifikazioaren kasuan, desplazamendua zure hirira bi egun pasatzera etorri diren pertsonengatik gertatzen da, auzokideak ere ez dira izango, gurpildun maleta batekin etorritako bizilagun efimeroak baizik, giriak.

Beraz, gentrifikazioa hirian gertatzen den klaseen arteko borroka bada, turistifikazioa konflikto horren fase gorena dela esan genezake.

Baina baditugu bertako hiriko lagunak izanda ere giriak direnak. Turistifikazioak gure hiriaren zenbait espazioren elitizazioa ekarri du. Espazio horiek turistentzat pentsatzen, apaintzen eta babesten dira, bertako lagun asko arrotz sentiaraziz. Hiritar prekarioak, etxebizitza kaxkarretan bizi direnak; irisgarritasun arazo larriak dituzte, eta askotan beren etxeetan bahituta daude atera ezinik; batez ere, adin nagusiko pertsona asko eta errekurtso gutxi dituzten emakumeak; erdigunetik urrunduak izan direnak, gure hiriko ikusiezinak. Horientzat guztientzat de facto daude debekatuta turistentzat eraikitako espazioak.

Egun, arreta berezia eskaintzen diegu gentrifikazioak erdiguneko auzoetan dakartzan ondorioei, baina ahaztuta dugu ghettifikazioa. Betidanik gure hirietan gertatu den fenomenoa dugu hau. Funtzionalismoak bultzatu zituen ghettifikazio-prozesuak, eta soilik lo egiteko auzo periferikoak sortu ziren lan-esku merkearentzat. Eta azkenaldian, prozesu horiek ez eteteaz gain, areagotu egin dira. Premiazkoa da ghetto moderno horietan bizi diren bizilagunen baldintzak hobetzea, milaka eta milaka pertsonen egoera tamalgarria iraultzea.

“Postalen atzean bagara” aldarrikatzen zuen Ernaik pasa den udan. Hiriaren postalezko paisaien atzean hainbat giri mota gara.

Iruzkinak