Grezia lehertzear

, ,
Gorka Julio-ren avatar

Greziako albisteek gero eta larriagoak dirudite, bertako egoera ere horrelakoxea da, jendeak etsipena baino amorrua du barruan. Norbaitek amorru hori era positiboan askatzeko aukera ematen badie aurrera eta bestela dena lehertuko da.

Kalean, erreferendumak sortutako ilusioa horixe izan zen, ilusioa, aire frexko apur bat. Hitz egin genuen jende gehienak, izozki saltzaileetatik hasi eta jatetxeko nagusietara, egoera zail batean bazen ere, hasiera berri bat izateko beharrezko pauso bezala ikusten zuten.

Dimisioa aurkeztu zuen Varoufakisek ere, bere azken hilabeteetako gertakariak, argitara eman ditu orain, elkarrizketa batean. Ez dakit, inorrek ez daki, jende honek guztiak, baina bereziki Syriza barne, zein kanpoko ezkerreko agenteek nola erreakzionatuko duten oraingoan. Erreferendumak kohesioa lortu bazuen, oraingo erabakiek haustura eta leherketa suposa dezakete.

Bisitatzeko aukera izan genuen Atenas, aldiz, espero baino hobeto ikusi nuen. Egia da, auzo batzuetan nabaria zela egoera txarra, baina orokorrean ez zitzaidan Erromarekin alderatuz adibidez kaleko egoera okerragoa iruditu. Itxurak itxura, datu makroekonomikoak horiek bai beldurgarriak dira. Horien artean nabarmenean,  jendeak behin eta berriz aipatzen zizkigun, bere buruaz beste egiten zuen jendearen kopuruaren igoera.

Jendartearen egituraketaren ikuspuntutik, badirudi, egon ginen kazetariek hala kontatuta, botikak kudeatzeko egitura komunitarioak oso ondo antolatu direla adibidez. Beste hainbat elkar laguntza egiturek ere indar handia hartu dute, krisi garaietan gertatu ohi den bezala. Ez dirudi halere, jendearen sufrimendua arintzeko nahikoak direnik.

Egoerak guztiz behartuta ekonomia eta elkar laguntza sareak denboraz antolatzen hasiko bagina? Egitura horiek beharrezko izango dira, esango nuke beharrezkoak direla jada; ez ezer ordezkatzeko, baizik eta etorkizun posible gehiago, burujabetza gehiago, gure bizitzen kontrol gehiago izateko. Sare hauek gainera ezin dute, estatu edo lurralde batean gelditu, transnazionalak ere izan beharko dute, elkartasunean oinarritutako transnazionalak. Greziarekin egiten ari direna ikusita, hobe azkar bagabiltza. Uste dut gainera, azken eszena ikusteko dagoela oraindik…

Iruzkinak