Hausturak (China Mièville eta beste)

,
Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

Lurraldeez territorioez aritu da aurreko bitan Koldo Bizkarguenaga (baga eta biga). Euskal territorio analogiko eta digitalaz, fisikoaz eta birtualaz. Eta haien arteko paralelotasuna zalantzan jarri beharraz. Planteatzen zuen nola euskaldunok espazio berri bat lortu dugun sarean komunikatzeko, jarduteko, izateko, espazio eta denborak zehaztu ohi dizkiguten mugetatik kanpo. Eta nola horrek baduen garrantzia, eta nola horrek baduen lotura ohiko espazio eta denborekin ere.

Ez daudela deslotuta, banatuta, plano hauek, josita, elkar gurutzatuta eta elkar problematizatuta baino. “Eta zer da ba izan ahal gintezkeen hori?”. Galdetzen zigun Aiert Goenagak. Eta “non, noiz, nola, norekin izan gaitezke izan gintezkeen hori?” gaineratuko nioke. Lurralde eta territorio librerik gabeko herriok sentitzen dugulako nolabaiteko zirrara bat historikoki oso denbora laburrean zabaldu zaigun eremu esperientzial eta existentzial berri bat poblatzeko aukeraren aurrean.

Zirrara zaharra da, noski. Sarri planteatu izan dira Fikzio Zientzian (Birasuegi komandanteak agindu legez hemendik aurrera ZiFi edo Zientzia Fikzioa etiketa erabiliko dugu, bide batez) dimentsio aniztasuna, planeta aniztasuna, plano aniztasuna, eta zer gertatzen den plano berri bat, beste eremu bat (edo eremu beste bat) aurkitzen, zabaltzen, sortzen, inbaditzen dugunean.

Ander Gortazarrek salatu berri du Berrian, ETB1 eta ETB2 simulakro erabateko bilakatuta ditugula. Non ETB1en arma saltzaile Armeniarrek euskara garbian egiten duten (baita haren kontra ari diren ertzain saiatuek ere noski), eta ETB2n erdaldun elebakarrak babesten ditugun lingua navarrorumarekiko kontaktu orotik, sistema inmunologikorik gabe jaiotako haur zaurgarriak bailiran, inolako inkomodidade, kutsadura, inolako ikasketa oro ekiteko edo.

Eta hor zabaltzen da dilema ezta? Zeren alde egin. Banaketaren alde edo nahasketaren alde. Garbizaletasunaren alde edo trukaketaren alde.

China Miévillek badu (sarrera honekin aipatzen dugun bigarren burusoila izango da, Grant Morrisonen ondotik) liburu bat, Danele Sarriugartek ere behin Berrian aipatu zuena (zer arraio du Berriak, gure elkarrizketak aurrikusi ahal izateko, profetikoa ote…) non aipatzen den hiri bat. Bakarra. Bi izen eta bi izan dituena.

Besźel eta  Ul Qoma. Hiria eta hiria.

the-city-and-the-city

Bi hiri diren hiri horretan biztanleek lege oso ezberdinak dituzte. Janzkera ezberdinak. Keinukera diferentea. Kale-izendegi propioa. Mito banatuak (ez elkarbanatuak baizik eta muga batek banatuak, bereiziak eta patrullatuak). Baina badute lege bat komunean. Inportanteena: ezin da muga igaro. Bekaturik larriena da beste hirira gurutzatzea. Beste hiriko norbaitekin hitz egitea, topo egitea, beste norbait hori hor dagoenaz jabetzea ere. Geografikoki grosstopikoki (itzultzaileren bati eskertuko nioke benetan testua eta terminoak euskaratuko balitu) kale berean egon arren, Ul Qomako eta Besźeleko hiritar bik espazio existentzial ezberdina okupatzen baitute. Hala ikasi dute jaiotzez, eta hala mantentzen dute gizarte arauek, eta haustura (Breach) deritzon indar polizial misteriotsuak berak.

Erahil dezakezu norbait. Bortxa dezakezu. Erre dezakezu etxe bat. Auzo bat. Pozoindu ur-gordailu oso bat. Baina lehen galdera beti izango da bera: egon al da hausturarik? Zeharkatu al da bi hirien arteko muga? Hori baita legerik sakratuena. Kontsentsu indartsuena. Edozer gertatzen delarik ere, bi hiriak ezin dira gurutzatu.

Mièvillen eleberrian (eleberri poliziakoa bera) etengabeko obsesioa da haustura. Hausturaren beharra, hausturaren posibilitatea. Hausturaren pentsaezintasuna bera.

Eta Koldoren, Aierten, Anderren, Daneleren eta Chinaren hitzek (letrek) pentsarazi didate behin baino gehiago, eta gero eta sarriago, ea ez ote dugun guk ere Hausturaren pentsaezintasunaren poliziaren papera jokatzen behin baino gehiagotan. Eta gehiago kezkatzen nauena: hausturaren, hausturen (adin-hausturak, genero-hausturak, hizkuntza-hausturak, komunitate-hausturak, tradizio-hausturak…) pentsaezintasuna gordetzean, indartzean, obeditzean, noren onuratan ari ote garen lanean.

Nobelan, paradoxikoki, bi entitate daude hausturatik at lanean, bakoitza bere agendarekin. Ez dut spoilerrik botako hemen. Baina galdera bat bai: ez ote zaigu komeni hausturak gure parametroen arabera hausten hastea?

the-city-and-the-city (1)

Iruzkinak

  1. […] Batza daitu diogun ilebako idazleen sortarekin jarraituz aurreko sarreran China Miéville-en The City and The City ekarri genuen gurera. Gaur haren beste lan bat ekarri dugu, weird fiction-aren adibide bikain, […]