Wikipediari buruz hezkuntzan egiten dugun lana dela eta, aurrekoan Miren Berasategi Deustuko Unibertsitateko irakasleak kezka zehatz batekin idatzi zidan: bere ikasleak, Komunikazioa ikasten ari direnak eta, pentsatu nahi dugu, etorkizunean kazetaritzarekin lotutako ogibideak izan nahi dituztenak, ChatGPTren fidagarritasuna Wikipediarenaren gainetik jartzen zuten, ze Wikipediak “edonork idatz dezake”. Bere ikasgaiaren gakoetako bat iturrien funtzioa eta kalitatea ikertzea denez, ba Wikipediaren funtzionamenduari buruz zerbait kontatzea interesgarria iruditu zitzaigun.
Gaur goizean, hitzaldia eman aurretik, ariketa interesgarri bat egin dugu, beste leku askotan ere egin daitekeena. Hau da, zuk, irakaslea bazara, eta gai honek kezkatzen bazaitu, egin dezakezuna.
Ikasleei 5 minutu eman dizkiegu galdera honi erantzuteko:
“Bigarren Mundu Gerran Sobietar Batasuneko liderra zenaren alaba hil zen herrian arkitekto garrantzitsu bat jaio zen. Arkitekto horrek museo ezagun bat diseinatu zuen, eta eraikita dagoen hirian Gizateriaren Ondare diren bi eraikinetako bat da. Zein izan zen beste eraikinaren egilea?“
Bai, galdera korapilotsua da, apropos, baina pausoz pauso arituz gero erraz hel gaitezke erantzun egokira. Ikasleei Mentimeter izeneko tresnan euren erantzuna jartzeko eskatu diegu, guztien erantzunak jaso ahal izateko. Hau izan da emaitza (ikasgaia gaztelaniaz da, horregatik galdera gaztelaniaz dago irudian).
Ikusten duzuenez, hiru aukera egon dira garaileen artean: Le Corbusier, Frank Lloyd Wright eta Alberto Palacio. Hiru erantzun horiek ikusi nituen, ChatGPTk eskainitakoen artean, ariketa prestatzen ari nintzela. Hala ere, hirurak dira okerrak, zein baino zein okerrago. Ikasle bakarrak eskaini du erantzun zuzena (ez dizut zein den esango, zuk ere bila dezazun).
Ariketaz haratago, hitz egin dugu Wikipediaren funtzionamenduaz, baina aipatu dugu ere ChatGPTk ezin duela erantzun zuzenik eman ez badu lehenago testu zuzenik jaso, eta testu horiek gizakiok egiten ditugula, hau da, “edozeinek idatziak direla”. Ez digu eman tarterik aipatzeko gero eta ChatGPTk idatzitako testu gehiago eduki sarean, orduan eta okerragoa izango dela erantzuna, etxeko estoldako urak ur garbietara konektatutako bagenu bezala.
Klasearen amaieran, ikasle batek esan du iritzia aldatu duela, ez zuela uste Wikipediaren eskakizuna hain altua zenik. Inork ez du esan aldatu duenik bere iritzia ChatGPTri buruz, ordea. Gutxienez, pentsatzeko balio izan badu, zerbait egin dugu gaur goizean.
Bonus track
Hau idazten ari nintzela, Menti sistemak ere AA bat duela ikusi dut, jasotako erantzun guztiak taldekatzeko. Eman diot, zer egiten duen ikusteko, eta hau izan da emaitza:
Hiru talde, bat Le Corbusierrekin, non Yvon Maurice, Bartolomeo Rastrelli eta Auguste Bartholdi ere dauden, batek daki zergatik. Beste bat Frank Lloyd Wrightekin, non William F Lamb ere sartu duen. Eta azken bat Alberto Palaciorekin, non Bartolomeo Rastrelo eta Ivan Ropet ere sartu dituen. Hau da, erantzun zuzena erantzun okerrekoen talde baten sartu du, inongo arrazoirik eman gabe. AA sistema hau produkzioan dago ere, gure bizitza errazteko, antza.