Jar zaitez hor!

,
Gari Garaialde-ren avatar

Jendeak, egunkarietan argazki bat ikusten duenean, fotokazetari batek ateratako argazki bat begi aurrean jartzen zaionean, argazki horretan erakutsitakoa gertatu zela sinesteko joera dauka. Denok dugu mesfidantza apur bat eta denok aditu dugu argazkien manipulazioari buruz, baina oraindik, jarrera nagusia, argazkian azaltzen den hori sinestea izaten da. Ez da egia absolutua, ez da egia objektiboa, argazkilariak zein momentu erakutsi eta zein enkoadraketan sartu erabaki baitu, gertatu diren beste gauza asko erakutsi gabe uzteko deliberoa eginez, baina argazkian erakusten zaiguna, gertatu, gertatu dela sinesten dugu.

Argazkilarion artean ere, egoerak ez genituzkeela manipulatu behar esaten dugu. Ez dago ongi gertatu ez den zer edo zer, gertatu izan balitz bezala aurkeztea; baina ez omen da gauza bera gezur bat edo bestea…

Aurreko batean polizi operazio bati argazkiak egitera joan nintzen. Sarean irakurri nuen ETArena izan zitekeen zulo bat aurkitu zutela Irunen eta Guardia Zibila bertan ari zela hura aztertzen. Trasteak hartu eta Bidasoa alderantz jo nuen, handik zerbait atera nezakeen esperantzaz.

Bertara iristean, lankide zenbait zeuden han, horrelakoetan gertatu ohi den bezala. Telebistako aurkezleren bat bazen, baina batez ere argazkilari eta telebista kamerariak izaten gara horrelakoetan. Polizi batek esan zigun tokian jarri ginen, denak lurrean marrazturiko marra imajinario horretatik ahalik eta gertuen, Behobia-Donostiako lasterketan, irteera gunean lehenak jartzen diren antsia berarekin, eta guregandik 500 bat metrora zegoen eszena iruditan hartzen hasi ginen. Ez zegoen egiteko gauza handirik, baina irudian polizia koadrila bat ikus zitekeen, lurrean, zulotik atera omen zituzten paketeak zeudela, eta atzerago patrol eta furgoneta pare bat ere.

Han ibili ginen, ezer gertatzen ez zen eszena hari begira, mugimendurik txikiena gertatzean, botoia sakatu eta klik eta klik egiten.

Halako batean, buzo zuriz jantzita zegoen tipo bat ikusi genuen, pakete eta bidoi parera hurbildu eta oso postura garbian, garbiegian, hauek ikusteko makurtzen. Gure teleobjektiboetatik begira eta tipoaren jarreraz barrez genbiltzala, norbaitek polizia kide bat ikusi zuen buzodunari argazkiak egiten eta aginduak ematen; gure arteko komentarioa ahobatezkoa izan zen: “Hara, argazkietarako posatzen ari da! Ze kutrea tipoa, nolakoak diren!”.

Eszena ikusi eta ideia bat etorri zitzaidan burura. Poliziak zabaltzen dituen irudiak ez lirateke prentsan erabili behar. Inplikatutako alde batek hedatutako irudiak dira eta ezin dugu jakin zein punturaino dauden manipulatuak irudi horiek. Ideia ez da berria, baina horrelako kasuek berriro ekartzen didate burura kezka hori. Horregatik da interesgarria kazetarion lana, gertatutakoaren parte ez den baten batek eginiko kontakizuna ematen duelako.

Gauza da, poliziek egin beharrekoak amaitu eta bertatik ospa egin zutenean, zuloa ikustera jo genuela han ginen guztiak, bertan ere argazki batzuk egin edo irudi batzuk hartzeko asmoz. Ez zegoen gauza handirik, atxurraz lurrean eginiko zulo bat, metro karratu batekoa eta 50 cm-ko sakonera zuena; deus ez gehiago. Ez du askotarako ematen horrelako argazki batek, baina batzuetan egin, egin beharra dago, datu bat gehiago baita. Horrela genbiltzala, bertan zegoen argazkilarietako batek, kazetari bati zulora gerturatu eta zulora begira jartzeko eskatu zion, argazkian gutxienez norbait azaldu zedin. Kazetariak, brometan, txamarraren kaputxa jantzi eta horrela polizia baten itxura zuela esatean, beste kamerari bati gauza bera egiteko proposatu zion argazkilariak, bi kaputxadunekin eszenak ‘benetakoa’ emango zuela argudiatuta. Bigarren hau ez zen zulora hurbildu, baina argazkilarik argazkia egin zuen, kazetaria kaputxa jantziarekin zulora begira zegoela.

Batzuetan iruditzen zait, jokoan gabiltzanok ere ez dakigula joko honen arauak zeintzuk diren eta jolasean ibiltzen garela… Total, ez doa inora eta.

Iruzkinak