Jone Amonarriz: “Beldurrari edo inmobilismoari aurre egiteko, mugitu beharra daukagu”

Urtzi Urkizu-ren avatar

Etzi eta Pitz IV: Jone Amonarriz (Tolosa, 1993). 2016ko otsailetik Gure Esku Dago mugimenduko komunikazio arduraduna da Jone Amonarriz. Kazetaria da, eta Tolosako (Gipuzkoa) taldean urte bat lehenago hasi zen parte hartzen. Gure Esku Dago-ren egungo eta etorkizuneko erronken inguruan hitz egin du, zintzotasunez.

-Zerk motibatu zintuen gehien Gure Esku Dago-ko komunikazio arduradun postura aurkezteko?

Deialdia ikusitakoan pentsatu nuen luxu handia litzatekeela hainbeste sinesten dudan proiektu honetan ematea nire ibilbide profesionaleko lehenetariko pausoak. Garai hartan BERRIAn nenbilen lanean eta pena izugarria eman zidan egunkaria uzteak, baina azken deia jaso nuenean ez nuen zalantzarik izan. Gaur gaurkoz, lana, militantzia eta bizitza pertsonalaren zati handi bat da GED niretzat. Ikaste prozesu intentsua izaten ari da, zentzu askotan.

-Zer da tarte honetan gehien harritu zaituena Gure Esku Dago-ren mugimenduari lotua?

Herritarren sareak duen indarra eta lan egiteko modua. Dinamika honen bereizgarririk handiena filosofia bera dela uste dut. Gauza bat da helburuarekin ados egotea, edo ibilbide orriarekin. Are gehiago: estrategiarekin berarekin. Baina egin nahi den bide hori nola egiten den ere gakoa inportantea da. Eta uste dut GEDren arrakasta, besteak beste, hortik datorrela: baikortasuna, errespetua, elkarlana, kultura parte-hartzaile-ahalduntzailea, espiritu eraikitzailea… Oro har, Euskal Herrian herritarrok lan egiteko eredu berri bat sortzen ari gara.

-Ekainaren 10a da data: giza kate batek Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu. 201,9 kilometro. Zergatik gelditu dira Nafarroa eta Iparraldea giza katetik aparte?

Ez dira aparte geratu. Ibilbidea Nafarroatik eta Iparraldetik ez pasatzeak ez du esan nahi kanpoan geratzen direnik. Ekainaren 10eko giza katea Euskal Herri osoko ekimena da, urtarrilean Bilbon egiten den manifestazioa bezala, edo Alderdi Eguna, edo Baionan armagabetzearen egunean bildu ginenean bezala. Beraz, euskal herritar guztiei dagokien ekimena da, euskal herritar guztien parte hartzea bilatzen duena.

Zergatik ibilbideak lotzen ditu hiru hiriburu, eta ez lau edo zazpiak? Arrazoi ezberdinengatik. Oraingoan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria hiriburuetara eraman nahi genuen. Batez ere, duela lau urte giza katea bizi ez zuten hiriburuetara. Kontuan hartu da GEDen barruko tokian tokiko sentipena ekimena antolatzeko orduan. Azkenik, ibilbidearen neurria ere baloratu da. Izan ere, 201,9 kilometro lotzeko erronka izugarria da. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen ari den eztabaida politikoan eragitea ere bada aurtengo mobilizazioaren helburua. Prozesu horrek ematen duenak gainerako lurraldeetan ere izango du eragina, lehenago edo beranduago.

-Maiatzaren 19an Nafarroan ekitaldi bat egingo duzue. Zer espero duzue zehazki?

Nafarren erabakitzeko borondatea agerian uztea, hori adieraziko duen [Nafarroaren] giza armarria osatuz. Nafarroako autogobernuaren gaitasuna murrizteko ahaleginetan dabil Espainiako estatua, onartutako legeei helegiteak jarriz eta eskumenak murriztuz. Erabakimenaren auzia dago muinean eta hori eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko balio behar du bai maiatzaren 19ko mobilizazioak eta baita eragile eta herritar nafarrek aurrerantzean elkarrekin antolatuko dituzten ekimenek ere.

-Ekainaren 10eko giza katea mugarri izan daiteke zerbaitetarako?

Horretan sinesten dugulako egin dugu apustua. 2018an mugarri bat jarriko da erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean. Mugarri hori hurbilago edo urrunago jarri herritarron esku egongo da, hein handi batean. Horregatik, giza katea ezin dugu ulertu ekimen solte bat bezala, martxan dagoen makinariaren beste pieza bat da, ez bakarra, baina bai ezinbestekoa.

-Herri galdeketei dagokienez, hiriburuetan nola daude indarrak galdeketak antolatzeko?

Orain arte GEDek antolatu dituen herri galdeketa guztiak —180, jada— naturalki egin dira, bertako taldeek hala erabakita, bideratuta eta gauzatuta. 175.398 pertsonek parte hartu dute, bozkatzera deitutakoen —737.000— %23,8k. Galdeketa bakoitza urtebete inguruko prozesua da, herritarrek boluntario gisa antolatu eta finantzatutakoa, herritik eta herriarentzat. Pertsonalki harritu egiten naute toki askotan entzuten ditudan balorazioek. Herritarron ahalduntzea, aktibazioa, bizikidetza, pedagogia lana… horrek duen balioa ezin da zenbakitan eta portzentajeetan neurtu. Bestalde, herri galdeketak prozesuaren urrats bat gehiago dira eta horrela ulertu behar ditugu. Tolosaldean (Gipuzkoa), adibidez, 2014ko giza katean 6.000 lagun inguru mobilizatu ziren. Hiru urte ondoren, joan den urtean, herri galdeketan 12.370 herritarrek hartu zuten parte herri galdeketan. Bikoiztu egin zen mobilizatutako pertsonen kopurua.

Ikaragarrizko lana suposatzen du herri galdeketa bat antolatzeak. Hiriburuetara iristea da GEDren helburua, jende gehien bizi den eremuetara heltzeko. Donostiako taldeak udazkenean egingo du kontsulta, dena ondo bidean. Gainerako hiriburuetan, gaur gaurkoz, ez dute pausoa eman. 2015ean inork ez zuen planteatu ere egiten Errenteria-Oreretan (Gipuzkoa) galdeketa bat antolatzea, edo Getxon (Bizkaia), edo Beran (Nafarroa). Eta posible izan dira. Hiriburuetan konplexuagoa bada ere, interesa eta borondatea badago, antolatuko dira, baina eragile eta herritar askoren laguntza beharko da.

-Eta Nafarroan?

24 herritan egin dituzte galdeketak gaur arte, eta maiatzaren 6an beste sei herrik aterako dituzte hautetsontziak kalera Lizarraldean eta Malerrekan.

-Donostiako udaltzain batzuek esan zuten ez zekitela Gure Esku Dago zer zen, eta materialarekin zebiltzanak zirikatu zituzten Alde Zaharrean. Ez al da hori sintoma txarra?

Oso bestelako sintomak eta konplizitateak sumatzen ari gara, oro har. Uste dut garrantzitsua dela halako kasu konkretuekin energiarik ez galtzea, larritasunik ez duten eta errepikatzen ez diren bitartean.

-Erabakitzeko eskubidearen alde aritzea abertzaleen kontua dela diote askok Euskal Herrian. Nola alda daiteke pertzepzio hori?

Ezberdindu behar da erabakitzeko eskubidearen alde aritzea eta independentziaren edota estatu burujabe baten alde aritzea. Eta seguruenik esparru berrietara iristeko mugetako bat nabardura hori da. Batzuentzat, lehena da bidea, bigarrena helmuga. Baina, GEDren kasuan, helburua da euskal herritarrok, guztiok, gure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabakitzea. Demokrata garen guztiok defendatu beharko genuke printzipio hori.

Erabakitzeko eskubidearena gai konplexua izan da beti herri honetan, lokatzetan egon da urteetan, Angel Oiarbidek esan ohi duen bezala. Sektore batzuetan hain errotuta dauden pertzepzioak aldatzeak jarrera, pedagogia eta lanketa handia eskatzen du. Diskurtso aldaketa bat ere bai. Arrazoiketa emozional, identitario eta historikoez gain, soziala ere indartzeak lagunduko du seguruenik.

Kataluniako Omnium Cultural-ek urriaren 1eko erreferendumari begira bi kanpaina jarri zituen martxan; bata, baiezkoaren aldekoa, eta, bestea, demokraziaren aldekoa. Ba, haiek kontatu zigutenaren arabera, demokraziaren aldekoa izan zen funtzionatu zuena, eta hori indartu zuten azkenean. Zer pentsatua ematen du horrek.

-Nola erakarri daitezke abertzaleak ez diren demokratak?

Ikusarazten gaur egun gizartean ditugun kezka eta arazo gehienen muinean erabakiak daudela, eta oinarri-oinarrian, herri honen etorkizunaren erabakia. Herritar guztioi gure eguneroko bizitzetan zuzenean eragiten diguten aferak erabakitzeko eskubidearekin lotuta daude. Ildo horretatik, euskal herritarrok zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun hausnarketari edo eztabaidari ekarpena egiteko egitasmoa jarri du martxan aurten GEDek: Herritarron Ituna. Etorkizuneko Euskal Herria guztion artean irudikatu behar dugu.

-Katalunian herritarren gehiengoa dago erabakitzeko eskubidearen alde. Urriaren 1ean erreferenduma egin zuten, baina errepresioa oso gogorra izan da. Zer iritzi duzu Katalunian gertatutakoaz?

Herritarren giza eskubideak larriki urratu, erreferendum demokratiko bat delitu bihurtu, ia gobernu oso bat espetxeratu eta bere batasuna edozeren gainetik, eskrupulurik gabe, jartzen duen estatu batek nori sinetsarazi nahi dio demokratikoa dela?

-Euskal Herriko alderdi indartsu batzuek beldurra izan dezakete pausoak emateko, ikusita Katalunian zer errepresio gogorra iritsi den?

Alderdiez gain, sumatu da herritarrengandik ere Kataluniako testuinguruak beldurra sortu duela. Espainiako Estatuak oso ondo bete ditu bere helburuak, zentzu horretan. Errepresio, manipulazio eta estrategia maltzur horren konplize eta parte izan dira hedabide ugari ere. Botereak sortu duen kontakizunak kalte handia eragin du. Hori dago alde batetik. Eta, bestetik, Kataluniaren aurkako muturreko errepresio horrek eskema asko apurtu ditu hemen. Baina, hala ere, pentsatu nahi dut balio izan duela herritarrok jabetzeko zer ez dugun nahi. Beldurrari edo inmobilismoari aurre egiteko mugitu beharra daukagu. Ezin gara geldirik geratu. Eta une hori iritsiko bada Euskal Herrira, prest egon beharko gara. Kataluniak erakutsi digu bat eginda soilik egin dezakeela herri batek aurrera.

-Nolako harremanak dituzue Kataluniako mugimenduekin?

Sortu zenetik, GEDek harremanak izan ditu Kataluniako eragile eta alderdi soberanistetako kideekin; ANC eta Omnium Culturalekin, bereziki. Azken urte honetan are gehiago estutu ditugu harremanak. Guretzat eredu dira eta behar izan dugunero eman digute laguntza; gu ere saiatzen gara hemendik ahal dugun ekarpena egiten haien borrokari. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart bi erakundeetako presidente ohiekin izan dugu erlaziorik estuena. Urte erdi daramate jada espetxean biek.

-Europako zenbait hedabide Espainiaren jokabidea gogor ari dira kritikatzen Kataluniarekiko. Euskal Herriak ez al luke egoera baliatu behar?

Oportunismoa baliatzea ondo dago, baina neurrian. Kataluniaren garaia bada, Euskal Herriari dagokio Europari erakustea procés-ak baduela euskal herritarron babesa eta badela beste herri bat Europan burujabe izan nahi duena, eta Espainiako Estatuaren errepresioa jasaten eta salatzen ari dena. Urriaren 1aren harira, nazioarteko hedabide ugarik jarri zuten fokua, une batez, Euskal Herrian; BBCk eta The New York Times-ek, besteak beste. Gogoan dut nola egun batean GEDren bulegora bi kazetari japoniar azaldu zitzaizkigun, ezustean. Orain, ekainaren 10eko giza katea baliatu nahi dugu Europara eta mundura gure mezua zabaltzeko.

-Etorkizunari begira jarri ohi gara Etzi.pm atarian. 2019an herritarren itunarekin zein da zuen asmoa?

Etorkizuna gaurtik irudikatzen eta eraikitzen ari gara. Erabakitzeko eskubidea gauzatzea posible izango den ziklo berri bat zabaldu nahi dugu Euskal Herrian eta ‘2019 arrazoi erabakitzeko’ leloa jarri diogu Herritarron Itunaren egitasmoari; ez kasualitatez. Erabakitzeko ditugun arrazoiak jasoko ditugun bilduma izango da itun hori. Milaka arrazoi horiek plazaratzeko eguna izango da ekainaren 10a. Hortik aurrera, arrazoi horiei guztiei demokratikoki bide emango dien Herri Ituna sustatuko du GEDek. Gure herriko eragile eta herritarrekin etorkizuna birpentsatzeko tresna izango da azken hori. Konplizitateak eta adostasun esparruak josi beharko dira Herri Ituna ahalbidetzeko. Eta hori errazteko, herritarrok gure ekarpena egingo dugu Herritarron Itunarekin. Etorkizunera begira gaude, baina unean uneko pausoetan zentratuta.

-Gizarte gaiei dagokionez, nolako posizionamendua du Gure Esku Dago-k? Esate baterako, Martxoaren 8ko greba feministan?

Babestu genuen eta kalera ateratzeko deia zabaldu. Euskal Herriaren estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea da GEDren helburua. Aldarri horrek ez du zentzurik gizarte gaiekin lotzen ez bada. Erabakiko badugu, erabaki beharko dugu ere nolako Euskal Herria nahi dugun etorkizunean. Feminista, euskalduna…

-Erreferendum bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehenago ala zazpi herrialdeetan urte batzuk beranduago, zer nahiago zenuke?

Baldintza objektiboetan oinarrituta erantzungo dizut. Nork ziurtatuko digu urte batzuk beranduago zazpi herrialdeetan erreferenduma egitea posible izango dela, ez baditugu baliatzen ditugun aukerak? ‘Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna’ esaerak dioen bezala, ez nuke zentzuzkoa ikusiko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aukera izanda, erreferendumik ez antolatzea.

-Komunikazio aldetik, zeintzuk izango dira datozen asteetan izango dituzuen erronkak?

Erronka da GED esparru berrietara iritsaraztea eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea Herritarron Itunaren egitasmoan, Nafarroako giza-armarrian eta ekainaren 10eko giza katean. Barne mailan komunikazioa eraginkorragoa izan dadin tresna berriak aztertzen ari gara, batetik, eta kanpo komunikaziorako kanpaina indartsua diseinatu dugu, bestetik; proiektu asko ditugu martxan eta laster egingo ditugu publiko.

-Hamar urte barru elkarrizketa errepikatzen badugu, zer galderari erantzun nahiko zenioke? Eta non egitea gustatuko litzaizuke?

Tolosako Euskal Herria plazan. Baikorra izanda, nik ere euskal errepublikaz, Maddi Ane Txoperenak bezala. Elkarrekin egin ahalko genuke.

Iruzkinak