Kanibalismo-sintetikoaren eta kakaztearen ibaietan

,
Os Filhos de Pindorama. Cannibalism in Brazil in 1557
Gorka Julio-ren avatar

Sare sozialen bidez galdetu nuen informazio iturri zuzen eta interesgarriak proposatzerik zuen norbaitek eta ez nuen erantzunik jaso. Beharbada artikulu honi erantzun ugari iritsiko zaizkio, baina ez dut uste. Beharbada informazio iturrien bila, ibaian gora jotzeaz nekatu gara; nahiago dugu informazio-ibaiak eraman gaitzan, itsasoan ito behar badugu ere.

Informazioaren kalitatearen beherakada errealitate bat da. Adimen artifizialaren bidez sortutako kalitate baxuko edukia topatzea gero eta ohikoagoa da. Zalantzagarria bada ere, bere burua jango duen kanibalismo-sintetiko baten aurrean egon gaitezkeela diote. Horren aurrean, badira kalitatezko informazioa eta datuak ziurtatzeari ekin diotenak ere.

Zerbitzuen kalitatean ere gainbehera nabarmena da. Orain arteko negozio ereduek enpresa gehienak horretara bideratzen ditu, kakaztea deitu izan zaion eredutik. Behin, bitan, hirutan gertatzen bada, patroi argi bat dagoela esateko garaia iritsi da. Bere burua soluzio-faltsu bezala aurkezten saiatuko direnak ere ez dira faltako.

Kanibalismo-sintetikoari eta kakazteari aurre egiteko soluzio magikorik ez dago, baina badira kontutan hartu beharrekoak. Proiektu, produktu edo zerbitzu ezberdinetan apustu egiten dugunean, hiru faktore hauek kontuan hartzen baditugu, ez dakit soluzioa, baina soluziobide baten aurrean egon gaitezke.

  1. Lanaren nolakotasuna: Proiektu (produktu edo zerbitzu) bat sortzeko egiten den lanaren nolakotasuna oso garrantzitsua da. Horrek barne hartzen ditu prozesuan parte hartzen dutenen lan-baldintzak: antolakuntza, eskubideak, ordainsaria, erabaki ahalmena… Baita erabiltzaileena ere, askotan datu-sortzaileak baitira.
  2. Erabilera-balioa: Proiektuak truke-balioaren gainetik, erabilera-balioa lehenetsi behar du. Merkatuko logikatik soilik pentsatutako proiektuetan, beti lehenesten dira kapitala jarri dutenen interesak, eta ez besteena.
  3. Jabetza kolektiboa: Proiektuak jabetza kolektiboan (komunitarioa, komunala, publikoa…) oinarritua izateak garrantzi handia du. Erabakiak hartzeko azken hitza jabetzak markatzen duelako askotan, baina baita gobernantza eredu partekatuak eta kolektiboak ezartzeko aukera ematen duelako.

Ideia hauek ez dira berriak, eta lasai esan dezaket kooperatibismo eraldatzailetik eratorriak direla asko. Teoriaz gain, praktika interesgarriak ere ari dira gertatzen, ez bakarrik teknologia arloan, baita beste sektore batzuetan ere. Ikusi, adibidez, Duralex ekoizpen enpresaren kooperatibizazioa.

Informazio ibaiari buruz hasi eta Duralexen amaitu badut ere, azpimarratu nahi dut informazio-fluxua berriz ere gure esku hartu behar dugula. Informazio ona izatea ezinbestekoa da erabaki onak hartzeko. Eta hori ez da ematen digutenari men eginez etorriko; gure informazio-iturriak aukeratu, ebaluatu eta gure algoritmoak entrenatzera iritsi beharko dugu horretarako. Digitalitatetik kanpo gehiago pentsatzeko ordua ere iritsi zaigu, baina hori beste egun baterako utziko dut…

Oharra: Testuan lotura ugari daude, eta bakoitzak mundu bat irekitzen du. Testua loturetan klik egin gabe irakurtzeko moduan idatzi dut, baina loturetan nabigatzeko gonbidapena luzatzen dizuet.

Iruzkinak