Komunikazioaren teknologiak: 5 aho

Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

Martxoaren 26an Nortasuna Sarean topaketaren X. edizioan parte hartzeko ohorea izan dut TaPuntu kooperatibako lagunekin batera Donostiako San Telmo museoan.

Behar bezalako ahozko aurkezpenik prestatzeko astirik gabe ibili nintzenez ahoz gora idatzi nuen testu hau, baina berez entzuteko baino irakurtzeko sortuta dagoenez, hemen duzue.

Saio osoa kontsultagarri duzue esteka honetan (testu hau podcast bezala entzuteko ere balio dezake):

Eskerrik asko denoi gaur elkarrekin komunikazioaren ekosistemaz elkarrekin gogoeta egiteko aukera honengatik.

Intuizio batzuk ekarri ditut gaur hona, errealitateari begiratzeko proposamen batzuk metafora forman Informazio eta Komunikazioaren Teknologia deritzegunak problematizatzeko asmoz.

Bost momentu aukeratu ditut, baina izan zitezkeen 15, edo 50. Ez dira bere horretan horrela gertatu, eta gertatu direnean beste zenbait gauzarekin batera gertatu dira (eta gertatzen ari dira), beraz ez ditut zentzu historiografiko batean proposatu nahi, gure oraina eta etorkizunarekiko agentzia berreskuratzeko asmoz baino.

Irudiak erabiliko ditut, baina hitzetan zentratuko naiz. Batez ere. Eta horretarako hiru autore izan ditut buruan bueltaka, mamuak bezala, ez hemen ez han, baina gurekin.

Marshall Mcluhan: komunikazioaren teknologiak giza zentzumenen eta gorputzaren hedapen bezala. “Bidea da mezua” edo “modua da mezua”(the medium is the message) esaldiagatik ospetsua egin zen, baina “Bidea masajea da” (the medium is the massage) ere esan zuen bigarren buelta batean, eta ideia hori ere baliagarria zaigu egun.

Ursula K. Leguin: teknologia munduarekin interfaze bezala. Zientzia Fikziorik ahaltsuenak ez ditu altzairuzko errobotak eta laser izpiak behar.

Michel de Certeau: obedientzia eta desobedientzia, eguneroko praktika errealitate sortzaile bezala. “Teknologia” erabiltzaileak beti eta ezinbestean gara isilpeko ehiztariak beste norbaiten lurretan, hackerrak beste norbaiten sisteman. Gizarte kapitalista batean gure kondizioa nolabait isilpeko ehiztariarena da ezinbestean.

Hortaz, garapen teknologikoaz ari garenean, zertaz ari gara? Aurrera al goaz? Atzera al goaz? Ba al du zentzurik norantzaren metaforak? Ondo al gabiltza? Zer da komunikazio ona teknologikoki hain saturatutako gizarteotan?

1: Idazketa eta memoria (zer irabazi zer galdu)

Ez dut uste inoiz elkartu zirenik, baina Ursula, Marshall eta Michel ados leudekeela uste dut hizkuntza idatzia giza teknologiatzat hartzerako orduan. Beti aipatzen da makila bat edo harri bat hasierako giza tresnak pentsatzerakoan, baina
hizkuntzaren asmakuntza askoz salto teknologiko handiagoa iruditzen zait. Soinuekin gauzak adieraztea. Izana duen horri izena ematea.

Ez dut uste inoiz elkartu zirenik, baina Ursula, Marshall eta Michel ados leudekeela uste dut hizkuntza idatzia giza teknologiatzat hartzerako orduan.

Beti aipatzen da makila bat edo harri bat hasierako giza tresnak pentsatzerakoan, baina hizkuntzaren asmakuntza askoz salto teknologiko handiagoa iruditzen zait. Soinuekin gauzak adieraztea. Denari izena ematea.

Eta gero beste buelta bat: soinuak eta soinu bidez errepresentatutako ideiak idatzizko zeinuz errepresentatzea. Pentsa ze gauza. Normaltzat hartzen dugu oso ohituta gaudelako, eta funtzio publikoko lanpostuetako hizkuntza eskakizunek bestela badiote ere hizkuntzaz konstituituta gaudelako, baina sekulako errealitate saltoa suposatzen du berez.

Kontua da (eta nahita utziko dut beste baterako gauzak izendatzeko zeinuak asmatu genituen “unea”, untxizulo sakonegia iruditzen baitzait), zeinu idatziak, izkiriatuak, marraztuak egiten hasi ginenean gauzak irabazi eta galdu egin genituela. Aurkitu eta ahaztu.

Memoria galdu genuen batetik. Baina historiografia irabazi genuen. Memoria galdu, memoria irabazteko.

Belarria galdu genuen bestetik. Ahotsak garrantzia galtzearen ifrentzua ahotsak entzun eta gogoratzeko gaitasuna galtzea da.

2: Irratia eta masa (subjektu berrien artikulazioa)

Eta belarrietaz ari garela, egunkarietaz hitz egin genezakeen, baina irratia aukeratu dut metafora bezala balio didalako. Seinale bera, aldi berean, aldibereko publiko bat sortzen.

Gutasun bat sortzen du zuzenekotasunak, lekukotza konpartitu bat. Zerbait gertatzen da, eta zerbait horren lekuko gara. Baina ez bost lagun, edo 20, edo hemen gauden guztiok. Ehunka, milaka, hamarnaka milaka, ehunka milaka aldi berean.

Eskala aldaketa bat dago, eta eskala aldaketarekin baita subjektu sortu berri horren izaeran aldaketa bat ere. Inoiz inola elkarrekin harremanduko ez diren milaka lagun, aurrean ez duten zerbaiten lekuko.

Aldaketa nire ustez hemen espaziala da. Gertakizuna hurbil egon behar izatetik (edo gertakizunetik hurbil dagoen norbaitengandik hurbil egon behar izatetik) gertakizunaren berri entzuteak egitea gertakizuna. Kontakizuna bihurtzen da nolabait ebentoa bera.

Honek noski Informazioaren Gizartea deitu diogun antolaketa sozialei bide eman die, baina noski, nork du informazio trans-espazial hori ekoiztu, antolatu eta igortzeko gaitasuna? Gure belarriek distantziak gainditzea lortu genuen, McLuharki, baina zein preziotan? Zein ondoriorekin?

Nire ustez irratiak ordura arte imajinatu ezin zen ere bozgorailu bat eman zien ahots batzuei, jokoaren arauak aldatu zituen. Entzuleak sortu zituen. Entzuletza sortu zuen. Audientziak asmatu zituen.

3: Telebista eta denbora (astiaren kuestioa)

2013an Bizkaiko euskal hiztunen telebistarekiko esperientziak aztertu nituen nire doktorego tesirako. Orduan ikusten genuen telebistak ez zuen zerikusirik 2025eko telebistarekin. Nire landa lanean ez ziren aipatu ez Netflix, ez Amazon ez Filmin. Telebista kateen programazio sinkronikoak aipatzen ziren: Gran Hermano, Sálvame, Conquis, Teleberri, Gaur Egun eta Goenkale…

Niretzako deskubrimendu handietako bat telebistak aldi edo denborazko markoak eraikitzeko erabiltzen zirela, zituztela, ditugula ikastea izan zen. De Certeauk aipatuko lukeen bezala “la perruque” egiten zela alegia telebistarekin: batzuek lagunekin egoteko aitzakia bezala erabiltzen zuten, besteek familiarekin edo bikotekidearekin egoteko, beste batzuek familiarekin edo bikotekidearekin egon behar ez izateko.

Telebista oso modu diferenteetan erabili izan da (bai XX. mendeko lehen hamarkadan eta baita orain bigarrenean ere) baina pantailek gure astia, gure denbora librea egituratu dute modu sakonean eta oso modu intimoan. Etxean. Lokalean. Tabernan. Eguneroko denborak egituratzeko eta eraikitzeko elektrotresna nagusia.

Telebistak euskarak denborari deitzeko dituen modu guztiak kolonizatu ditu: gure aldiak, gure astiak, gure aisiak. Asko lur horietan jaio gara eta ez dugu besterik ezagutu, eta agian horregatik zaila egiten zaigu eraikuntza hau arrarotzea, desnormalizatzea. Baina ez esan arraro samarra ez denik. Gailu baten inguruan antolatzen duzu egongela, eta konturatu orduko zure bizi-denbora antolatzen dizu.

4: Internet eta sareak (konexioa eta deskonexioak)

Oso azkar normalizatu dugun beste “asmakuntza”, beste “garapen” teknologiko bat Internetena izan da. Internetena gainera bereziki interesgarria da, izen unibertsal bilakatutako ingelesezko hitzaren atzean (sareartea dei genezakeen) teknologia, gailu, protokolo eta prozesu asko metatzen baitira.

Gure belaunaldia (1981ekoa naiz) internetik gabe jaio zen zentzu sozialean (horrezkero bazeuden noski garapen teknologiko aski interesgarriak, baina hedapena ez zen benetan 90. hamarkadara arte hasi Euskal Herrian, WWW protokoloekin), eta gure okeletan bizi izan dugu (bizi dugu orain ere) etenik izan ez duen transformazioa.

Gogoan dut 14.400 baudiodun modema piztea (eta etxeko lineako telefonoa komunikatzen uztea) zarata artean Internetera konektatzeko. Orduan oraindik internet piztu eta itzali egiten genuen. Konektatu eta deskonektatu egiten ginen.

Areto honetako gazteenok ez duzue jakingo zertaz arraio ari garen, noski. Orain konexioa etenik gabea da. Ez du literalki etenik. Zaila egiten zaigu deskonektatzea. Zaila egiten zaigu deskonektatzea imajinatzea ere, ziurrenez. Defektuzko modua online bilakatu zaigu. Oso arraroa egingo litzaidake hemen bilduta gaudenok gaurko saioan zehar etengabe internetera konektatuta dagoen poltsikoko gailuei begiratuko ez bagenie jardunaldi osoan zehar. Esango didazue gero, interesatzen zait.

Honek gure presentzia eta arreta moduetan aldaketak ekarri ditu. Gure gorputzak eta gogoak jada ez daude leku bakarrean, leku askotan barreiatuta baino. Gure arretak ezin dira leku bakarrean egon, hori inproduktiboa litzateke, Patronalari galdetzen badiogu (badaezpada ez diogu galdetuko) ia-ia absentismo laborala. Etengabe zabaldu behar dugu gure presentzialitatea, gogo-gorputz fantasmagoriko bat hedatuz bezala FOMO edo Zerbait Galtzearen Beldurraren aginduetara.

Sasiomnipresentzia fantasmagoriko hauetara noski gure gogo-gorputzak ez daude egokituta. Eboluzio biologikoaren erritmoak beste batzuk dira. Eta hor gabiltza malabarismoan, mundu sozialaren exigentzia berriekin (exigentzia tekno-sozialekin nahi baduzue) faszinazio eta angustiaren arteko desoreka kolektiboan murgilduta.

5: Testuoste generatiboa eta aze/alerazioa (uholdea)

Eta azkenik Adimen Artifiziala noski.

Kezkatuta nago Adimen Artifizial eta Adimen Artifizial Sortzaile deitzen ari garen plataforma, zerbitzu eta produktuekin. Ez bereziki Skynet esnatu eta denok esklabu bihurtuko gaituelako, edo nire unibertsitateko lanetik botako nautelako nire lana merkeago eta azkarrago egin dezakeelako. Kezkatuta nago Hizkuntza Eredu Handiek adierazirik gabe funtzionatzen duten adierazleekin lan egiten dutelako, testua probabilistikoki osatzen dutelako erreferentearen zentzurik gabe. Mundua dirudien mundurik gabeko mundu bat marrazten digutelako. Sinesgarriak izan daitezen eraikita daudelako, ez fidagarriak izateko. Iturriaren kontzeptua deuseztatzen dutelako. Erdian jartzen direlako. Giza interakzio sinbolikoa dirudien (baina ez den) prozesuak ugaztun batek, munduko ugaztun sinboliko guztiek inoiz, inola, inon egin ahalko ez dituzten abiadura eta kantitateetan “produzitu” ditzaketelako.

Azelerazioa dakartela uste dut, baina azalerazioa ere bai. Batetik gogorrago eta azkarrago egingo dugu lan, gauza gehiago enkargatuko dizkigute, presioa areagotu egingo da. Bestetik azal gehiago jango dugu, eta mami gutxiago. Azalaren azalera handitu egingo da, eta mamiaren muina txikitu.

Zinemak mugimenduaren ilusioa eskaini zigun bezala AA sortzaile hauek kognizioaren ilusioa ekarriko digutela uste dut. Testuaren aroa atzean utzi eta testuostean, post-testuaren aroan murgiltzen ari garela iruditzen zait. Behar bada postirakurri eta postidatzi egingo dugu hemendik aurrera. Eta postpentsatu.

Kezkatzen nauena da uholde bat izango dela. Ez da sirimiri suabe bat izango. Edo udako ekaitz freskagarri bat. Uholde bat izango da. Amaierarik gabeko monzoi bat. Bada, jada, antza. Ez da lehiatzerik izango email bat eskuz idazteko (a ze esapide interesgarria ezta? e-mail bat eskuz idaztea) behar dugun denboran crawler batek beste 100.000 webgune scrappeatu ditu indar hutsez eta zabaldu ditu GenAI batek testuoste berriak ehun, mila, ehun mila, miloi bat, bilioi (bilioi europar, ez amerikar) webgunetan, forotan, sare sozialetan.

Galdetzen badidazue, bai, oso kezkatuta nago. Batez ere inguruan geroz eta sarriago entzuten ari naizelako “guk egiten ez badugu beste batzuek egingo dute” eta “ez baduzu AA erabiltzen atzean geldituko zara” bezalako argumentuak. Ez naute kezkatzen Makina Ikasketan edo Ikasketa Sakonean egindako aurrerapenek, baina bai garapen hauetan oinarrituta agertzen hasi diren dispositiboekiko zabaltzen eta sendotzen ari garen diskurtsoek. Aurrera joatearen izenean piska bat ez ote gara Lemming une bat bizitzen ari.

Hortaz, ibilbide apresuratu eta ez historiografiko honetatik abiatuta. Zer egin? Zein da Komunikazio Ona? Nondik heldu?

Iruditzen zait bi posizio edo sistema etiko aldibereko daudela gurekin gizartean: batak “guk egiten ez badugu beste batek egingo du” dio, eta nagusia da, bai AAri dagokionez bai armagintzan, bai petrolio, bai ikatz bai uranioaren erabilpenean gauzak horrela daude guztiak gauzak horrela dira bihurtzeko asmoz. Besteak “guk egiten ez badugu ez du inork egingo” proposatzen du, eta saihestezinean baino desiragarrian jartzen du indarra, ezinezkoa egingarri bihurtzeko. Biak daude gugan aldi berean noski, baina kezkatzen nau IKTen garapen eta kontzeptualizazioan nolako indarra hartu duen lehenak. Zer esanik ez, bigarren sistema etikoa iruditzen zait etorkizun gehien (sortzen) duena.

Nire ustez egia da teknologia gehiago behar dugula, baina ez ohiko zentzuan. De Certeauren eguneroko ibilera isilpeko, diglosiko hauetan ikasi duguna erabili behar dugu teknologia berriak asmatu eta zabaltzeko. Interfaze Leguindar berri bat behar dugu. Ez euskaraz bakarrik, euskaratik.

Eskalak, erritmoak, lehentasunak, logikak, erreferenteak, adierazleak, probabilitateak euskaratik, euskarak okupatzen dituen eta okupatzen ez dituen posizioetatik pentsatuko dituen interfaze sorta bat.

Hor bai ikusten dut “aurre” interesgarri bat.

Aurre teknosozial berriak, aurre gureagoak behar ditugula iruditzen zait. Eta behar bada aurre berri hauek atze deitzen ari garen horretan daude.

Nork esango zigun. Marshall McLuhanek arrazoia zuen: modua da mezua.

Eskerrik asko

Iruzkinak