Pausoz pauso hausnartzen etorri nintzen zein garrantzia eman behar nion kontuari. “Azken finean ez da ezer gertatu”. Edo agian gertakari traszendenteen langa altuegi dugu, gertatu baita. Bidegorrian korrika egiten ari nintzen gaueko 21:15 aldera masturbatzen ari zen gizon bat zuhaitz tartetik atera zitzaidanean. Birritan begiratu nion, sinetsi ezinik hasieran, nahiz eta banekien halakoren bat gertatuko zela lehenago edo beranduago. Emakume guztiok dakigu gure eguneroko bizitzako espazio eta egoeretan halako gertaerak jazotzen direla eta horren aurrean estrategia ezberdinen arabera antolatzen dugu bizitza. Nekez antolatzen dute haien bizitza mehatxu ikusezin eta lotsagarri baten baitan nire inguruko gizonek, nire kaleak, ordutegiak eta afizioak konpartitzen dituzten gizonek.
Ez ninduen ukitu. Ez zuen gehiago hurbiltzeko saiakerarik egin eta nik zentesima bakarra behar izan nuen egoera ulertu eta Arditurriko abiadura errekorra apurtzeko. Emakume bat topatu eta Udaltzaingoa jakinaren gainean jartzeko telefonoa eskatu arteko metroetan (bai, gauez, bakarrik eta telefonorik gabe atera nintzen) bere jarreraren inguruan hausnartzeko denbora izan nuen. Ez zegoen oldarkor eta arineketan ateratzeko erreakzioa izan arren, ez nuen gehiago egiten saiatuko zenaren sentsaziorik. Han zegoen, erdi biluzik masturbatzen, besterik ez. Mezu argia bidaltzen ari zitzaigun ni bezala gauez eta bakarrik goazen emakumeei: ez gaudela seguru, espazio hori ez dela gurea, beldurra izan behar dugula eta gure bizitzak beldur horren arabera antolatu, bera bezalako gizonek kale erdian nahi dutena egin baitezakete nahi izanez gero.
Udaltzaingoari abisua pasa ondoren zalantza izan nuen telefonoaren jabeari beste dei bat egiteko baimena eskatu ala ez. “Ama, lasai eh, ongi nago, baina etorriko zinateke nire bila?” Ez nuen etxera bakarrik eta bide beretik itzultzeko gogorik, baina egin nuen, beldurrik gabe bizitzeko erabakia hartu nuelako aspaldi eta kazkagogorra naizelako. Baina bereziki, eta hain epikoa ez den arren, ez niolako amari esan nahi gauean, bakarrik eta telefono mugikorrik gabe korri egitera atera nintzela. Izan ere, denok dakigu ez dela gure errua, baina badakigu gerta daitekela eta gure esku geratzen da egoera horiek ekiditearen erantzunkizuna.
Hau dena idatziz jarri eta zabaltzea erabaki dut emakumeoi halakoak askotan gertatzen zaizkigun arren oso gutxitan esaten ditugulako eta horrek bake faltsu egoera bat sortzen du. Askatasuna beldurrik gabe bizitzea da eta gaur-gaurkoz munduko biztanleriaren erdia baino gehiago emakume izateagatik sistematikoki beldur izatera kondenatzen da.
Etxera bidean pentsatzen etorri nintzen korrika gustura ibiltzen banaiz ere ez dudala arineketa berriro iheserako erabili nahi. Are gehiago, gora eta behera ibiltzen diren emakume asko ikusten dut, ia denak bakarrik. Agian gutako bizpa hiru elkarrekin joan izan bagina berak egin beharko zuen ihes eta guk korri. Beldurrak baino, espazioa kolektiboki erreklamatzeak batuko bagintu, runnerismoa gainditu eta ahalduntze ariketa bikaina litzateke. Bihar ere korrika egitera aterako naiz, bide beretik, bide hori edozein ordutan, bakarrik edo taldean nirea, gurea ere badelako. Eta beldurrik gabe bizitzeko erabakia egunero berresten dugunak gero eta gehiago garelako.