Mozala jarria dugu jada

Gari Garaialde-ren avatar

 

Pasa den martxoaren 26an onartu zuen Espainiako kongresuak mozal legea bezala ezagutzen dugun Hiritarren Segurtasunerako Lege Organikoa. Lege horrek eragina izango duen euskal lurraldeetan ez du hauts gehiegirik altxatu, gure jarduna asko mugatuko badu ere. ‘Gure’ diodanean ez naiz nire kolektiboko jendeaz ari, ez naiz kazetarioz ari. Gure diodanean, hiritarroz ari naiz; edozein arazoen aurrean gure ezadostasuna adierazteko eskubidea eduki beharko genukeen subjektu politikoez.

Euskal Herriko kazetari edo informatzaileen kolektiboak, edo nahiago bada, kolektiboaren zati batek, egina du lege hau gaitzesteko protesta kanpaina. Iraitz Salegi, Topatu.info hedabideko kazetariaren kasua aitzakiatzat edo abiapuntutzat hartuta, ‘mozal’ legearen aurkako kanpaina egina dugu pasa den martxoan. 2013ko martxoan Ernai gazte antolakundeak Urduñan antolatu zuen ekitaldi baten berri emateagatik salatu dute Iraitz. Ez zen izan Topatu.info Urduñako ekitaldiaren berri eman zuen hedabide bakarra, baina bertako informatzailea izan da lan hori egiteagatik epaitegira eraman nahi izan duten bakarra. Ekitaldian eman zen mezua zabaltzeagatik epaituko dute, terrorismoa goratu zuelakoan eta urte eta erdiko zigorra eskatzen du fiskalak gaztearentzat.

Holako gertakariak ez dira berriak Euskal Herrian, Hego Euskal herrian bederen, eta Iraitzen kasuak ez du zer ikusirik ‘mozal’ legearekin, legea indarrean ezarri aurretik gertatutakoa baita, legea kongresuan onartu aurretik gainera. Baina Iraitzen kasua aitzaki izan zen informatzaileon eskubideak murriztu ditzakeen legearen aurkako kanpaina habiatzeko, eta hala egin zen. Nik neuk ere sinatu nuen manifestua eta bidali argazkia, baina ez nau asetu. Ez nau asetu, mehatxua informatzaileontzako baino, hiritarrentzako dela uste dudalako. Kazetarioi dagokigunez, puntu batek sortu diezaguke arazoren bat, polizien irudi eta datu pertsonalak, beraien segurtasun pertsonala arriskuan jartzen duen moduren batean erabiltzea zigortzen duenak. Baina lehenago ere bagenuen hantzeko legerik, eta ezkutuan jarduten zuen ezein poliziaren identitatea erakutsi eta ‘deskubritzea’ legez kanpokoa izateaz gain, uniformatutako polizien aurpegiak erakusteagatik arazoak izandako argazkilariak ez dira gutxi. Guardia Zibilaren GAR taldeen jarduera ohikoa da miaketa edo atxilotze bat kubritzen gabiltzan grafikooi karnetak eta lan egiten dugun medioen izenak eskatu ondoren “como mañana vea nuestras caras en algun periodico, vais a tener problemas (bihar egunkariren batean geure aurpegiak ikusten baditugu, arazoak izan ditzakezu)” bezalako esaldiak botatzea, eta hor, agian legediak gu babestuko bagintu ere, ‘marroia’ handia izan daiteke. Lege honek dioena betetzeko, lege idatzi aurretik ere, hedabide askok ezabatzen dituzte polizien aurpegiak, ezagutuak izan ez daitezen.

Ikusten duzuenez, arazoren bat izan badezakegu ere, ez gaitu hainbeste estutzen.

Eta hiritar bezala?

Hiritar bezala, protesta egiteko azken urte hauetan ohiko bihurtu diren molde ugari zigortzen ditu: Komunitateari zerbitzu basikoak eskaintzeko guneetan manifestazioak egitea (ospitale, Administraziotako egoitza…?), aurretik debekatuak izan diren espektakulu edo aisi ekintzak egitea (zentsuratutako antzerki, debekatutako presoen omenezko futbito txapelketa…?), parlamentu ezberdinen aurrean egindako elkartaratzeak, etxegabetzeak eragozteko ekintzak, poliziari desobedientzia, manifestazioak ez desegitea, zerbitzu publikoak eskaintzen diren guneetara protesta egiteko sartzea (eskoletan, ospitaletan edo ogasunaren egoitzetan entzerronak?)…

Askoz larriagoa da lege honek gugan, hiritar bezala izango duen eragina, profesional bezala izango duena baino, baina askoz urriagoa izan da gizartearen sektore zabalen erreakzioa, kazetariona baino….

Iruzkinak